Edukira zuzenean joan

Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua

katalogoa

Lerro berezi bat: Vincent van Gogh-ek Arlesen egindako marrazkiak

Jeffrey Warda

Izenburua:
Lerro berezi bat: Vincent van Gogh-ek Arlesen egindako marrazkiak
Egilea:
Jeffrey Warda
Argitalpena:
Bilbao: Guggenheim Bilbao, 2018
Neurriak:
23 x 30 cm
Orrialdeak:
175 or.
ISBN:
978-84-95216-86-1
Lege gordailua:
BI-1416-2018
Erakusketa:
Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua
Gaiak:
Artelanak | Kolorea | Lan-prozesua | Erretratua eta autorretratua | Paisaia | Teknika eta materialak
Teknikak:
Marrazkia | Tinta
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
van Gogh, Vincent

Theo anaia gaztearekin (1857−1891) Parisen bi urtez bizi ondoren, 1888ko otsailean Frantzia hegoaldera jo zuen Vincent van Gogh-ek, Arles ingurura, kolore biziagoen eta klima epelagoaren bila eta han artisten kolonia bat finkatzeko itxaropenez. Horren ordez, ordea, zera topatu zuen: lurra artean elurtuta eta sekula gauzatu ezin izan zuen artisten egoitza baten amets hutsa. Hala ere, Arleseko bidaia inflexio-puntu bat izan zen Van Goghek margolari eta marrazkilari gisa izandako bilakaeran. Aurrerapen handiak egin zituen, han, eta, udan, irrikaz hitz egin zien Van Goghek bere lanari buruz Theo anaiari eta Parisen ezagututako Émile Bernard (1868−1941) eta John Peter Russell (1858−1930) lagunei.

Van Goghek 1888ko udan postaz igorri zituen 32 marrazkietatik hamabi Russell australiar artistak jaso zituen Belle-Isle-ko bere etxean, Bretainiako kostaldean1. Horietako hiru Guggenheimeko Thannhauser Bildumaren parte dira, gaur egun. Russellek obra haiei emandako garrantziaren erakusgarri, australiarrak hil arte kontserbatutako Van Goghen marrazki bakarrak izan ziren. 1938an, Justin K. Thannhauser bildumagile eta arte-merkatariak Russellen alaba Jeanne Jouve-ri erosi zizkion, halabeharrez, Parisen. Marrazki hauek, besteak beste: Txalupak Saintes-Maries (Bateaux à Sain­tes-Maries), Tarasconeko bidea (La route de Tarascon) eta Zuaboa, baita zirriborro txikiago bat ere, Neskatxa baten burua, eta Van Goghek Russelli igorritako gutun bat, non ageri baitzen ereile baten zirriborroa2.

Arleseko 32 marrazkietan, gramaje ertaineko paper leuna erabili zuen artistak baina ez da erabat zehaztu haren osaera, ez baitu ur-markarik eta, zoritxarrez, Van Goghek ez baitzuen paperari buruzko aipamen zehatzik egin bere gutunetan. Nolanahi ere, marrazki askoren azterketatik ondorioztatu ahal izan da artistaren marrazketa-koadernotik bertatik erauzitako orriak zirela, seguru asko. Neurri eta lodiera bera dute denek, eta haietako askotan sumatzen dira itxura batean itsasgarri-arrastoak diruditenak alde luzeetako batean, ustez marrazketa-koadernoari itsatsita zeuden aldean3. Paperaz gainera, beste hainbat antzekotasun dituzte marrazki hauek, hala nola Van Goghek erabilitako tinta motak eta marrazketa-lanabesak.

Guggenheimeko hiru marrazki nagusiek (Txalupak Saintes-Maries (Bateaux à Sain­tes-Maries), Tarasconeko bidea (La route de Tarascon) eta Zuaboa) konposizioa antolatzeko grafito-arkatzezko marrazki bat dute abiapuntu. Infragorrizko zenbait teknika erabiliz egindako azterlanek erakutsi dutenez —argi ikusten baitira grafitozko azpiko marrazkiak—, Van Goghek planteamendu jakin bat egin zuen artelan bakoitzerako, gaiaren arabera. Adibidez, Tarasconeko bidea obran, konfiantza sumatzen da azpiko marrazkian, grafitozko lerro zabal eta uhindunez osatua baita eta ez baitu kezka handirik adierazten elementuen kokaera zehatzari dagokionez; Zuaboan, aldiz, kontrakoa gertatzen da: Van Goghek lerro metodiko eta ongi pentsatuak egin zituen, eta marratze eta birlantze ugariren bidez definituta daude artistak tinta iraunkorra erabili aurretiko grafitozko modeloaren hazpegiak. Modeloaren arropa irudikatzeko grafitozko lerroak ere kontu handiz landu zituen, mugimendu labur eta etenez. Hain zuzen ere, Van Gogh askoz ere erosoago sentitzen zen paisaiarekin erretratuarekin baino, eta horren erakusgarri da aurretiko bi marrazki horietan planteamendu bera erabili ez izana4.

Txalupak Saintes-Mariesen koadroaren grafitozko azpiko marrazkian beste estrategia bat erabili zuen. Honetan, irudian txalupek izango zuten kokalekua adierazten dute Van Goghen lerroek, baita erdialdean eskuinean lehertzen den olatuarena ere, gutxienez; baina loturarik gabeko grafitozko orban eta lerro ugari daude orrian, artista asko distraitu bide zutenak. Van Goghek, nolanahi ere, zuen loturarik gabeko zirriborroak ezabatzeko lanik hartu, eta horien gainean zuzenean marraztu zuen tintaz. Denbora gutxi zen artistak alde batera utzi zuela perspektibako lauki-sare fidagarria —objektuen arteko erlazioa bistaratzen laguntzen duen baliabidea—, eta konfiantza eta segurtasun handiagoa adierazten zuen egiten ari zen horretan5.

Luzaroan jo izan da Van Goghek tinta ferrogalikoa erabili zuela Guggenheimeko marrazkietan, tonu marroi epelagatik; baina analisietan bi motatako tintak bereizi dira, nagusiki eta kromozko kampetxe-tinta eta ikatza oinarri duen zehaztu gabeko beste tinta baten arrasto txikiagoak, tinta autografozkoak —litografian erabiliagoa—, seguru asko, edo txinako tintazkoak6. Bere ibilbidean lehenago ere erabiliak zituen Van Goghek tinta ferrogalikoak, 1882 eta 1885 bitartean, baina Frantzian bizi izan zen garaiko marrazki gehienak eta, zehazki, 1888an Arlesen egindakoak, eta kromozko kampetxe-tintazkoak dira7. Tinta ferrogalikoak konposatu azidiko bat eta burdina (II) ioiak ditu; bi gai horien eraginez, tinta ferrogalikoak jan egiten du paper-substratua, eta kampetxe-tintaz ez da halako erreakziorik gertatzen8.

Hiru marrazkiak Frantzia hegoaldean eskuragarri zen kalamu-kanabera jakin batez eginak dira; Van Goghi askoz ere hobea iruditu zitzaion kanabera hura 1880ko hamarkadaren hasieran Herbehereetan eskura izan zituenak baino9. Ez zen halabeharrezko aukera izan: Van Goghek maizen kontsultatu ohi zuen gidaliburuak, Armand Cassagne-renak, berariaz goresten zituen lurralde hartako kanabera naturalak10. Kalamua kanaberaren zurtoin barne-hutsetatik ateratzen da, eta aukera ematen du punta bigun eta malguaz lerro leun eta sigi-sagakoak marrazteko; gainera, eskuz moztu daiteke, eta nahierara aldatu, lerro-zabalera askotarikoak lortzeko moduan; eta horixe egin zuen, bistan denez, Van Goghek. Cassagne-k zioenez, kanabera-kalamuaren punta malgua leun-leun irristatzen zen paper gainean, luma-mutur metalikoarekin nahiz hegazti-lumarekin ez bezala11, eta iritzi hori berresten du Van Goghek kanabera-kalamuaz egindako erabilerak.

Arleseko egonaldian zehar Van Goghek kanabera-kalamua erruz erabili bazuen ere, salbuespena egin zuen haren trataeran, berriro ere, Zuaboa obran. Hain zuzen ere, punta meheko luma metaliko bat aukeratu zuen modeloaren hazpegiak definitzeko, eta luma zuzenean pasatu zuen grafitoz kontu handiz egindako azpiko marrazkiaren gainetik. Irudia handituta, luma-mutur metalikoak euskarriaren gainean mugitzean egindako presioaren ondoriozko ildo batzuk ikusten dira paperean. Marrazkia urrunetik begiratuta, luma metalikoaren zehaztasun xeheek kontraste nabarmena egiten dute modeloaren arropan eta atzealdean ageri diren kanabera-kala­muzko lerro zabal eta uhindunekin. Marrazketa-lanabes desberdinak erabiliz sortutako kontraste biziko lerroen artean Van Goghek egiten duen kontrajartze horrek modeloaren begietara bideratzen du ikuslearen begirada; honela deskribatu zuen Van Goghek modeloa: “Aurpegi txiki, zezen-lepo eta tigre-begiradako mutila”12.

Van Goghek marrazki hauek egiteko erabilitako tinta motak eta prozedura identifikatzeaz gainera, funtsezkoa da denboran zehar jasan bide dituzten aldaketak ulertzea ere. Lehenik eta behin, hiru obrek kolorea galdu dute eremu batzuetan, luzaroan argiaren eraginpean egonik tintari gertatu ohi zaion legez. Horren froga garbiena Zuaboa obraren atzealdeko lerro bertikalak dira: lausotuz doaz luma behera jaitsi ahala. Luma busti berritan tinta gehiago metatzen zenez, kolorea ez dago hain higatua. Aldiz, tinta hustu ahala, gero eta tinta gutxiagoz bustitzen zen papera, eta apalduta ikusten dira orain gune horiek13. Zuaboa eta Txalupak Saintes-Mariesen lanetan, antzera ikusten dira eremu batzuk: tinta gehiago aplikatuz orban ilunagoak gelditu dira, eta, aldiz, tinta gutxiagokoak, askoz ere argiagoak dira. Aldiz, badira berezitasun batzuk modelo honetan, tonu ilunetik argirako bat-bateko aldaketak ageri baitira tintazko lerro berean. Aldaketa nabarmen hori bereziki aipagarria da Txalupak Saintes-Mariesen eta Zuaboa lanetan. Arrazoia ez dago guztiz argi, baina iradoki izan da Van Goghek ikatz-tinta eta kampetxe-tinta nahastu zituen guneetan ikatz-osagaia paperaren bilbean bizkorrago sartu zela kampetxe-tinta baino, ikatzaren partikulak handiagoak direlako kanpetxearenak baino14. Ikatzezko zatikien aglomerazio handiagok ikusten dira 69.7. figuraren lerro ilunenean. Hasieran aplikatu zenean iluntasun uniformeagoa bazuen ere, kanpetxea egongaitzagoa da argiaren eraginpean, eta kampetxe eta ikatzezko nahastura baino bizkorrago galduko zuen kolorea.

Kolore-galeraren patroi horiek ez dira sumatzen Van Goghek aste batzuk lehenago Émile Bernardi bidalitako Txalupak Saintes-Mariesen obrako marrazkian15. Thannhauserrek museoari dohaintzan eman aurretik New Yorkeko haren egoitzan hainbat hamarraldiz zintzilikatuta egondako Guggenheimeko obrak ez bezala, Kupferstichkabinett-eko marrazkia ez da luzaroan egon argiaren eraginpean, eta, hala, ilunagoa da tinta, eta tonu-balio askoz ere uniformeagoa du16. Era berean, Guggenheimeko Txalupak Saintes-Mariesen eta Tarasconeko bidea obren 1938ko erreprodukzioetan, tinta ilun askoz ere homogeneoagoa ikusten da marrazkietan data goiztiarrago batean17.

Ikusleek, gaur egun, konposizio-elementuak eta perspektiba-itxura miresten dituzte Van Goghen marrazki hauetan, itzalei eta tonu-gama desberdinari esker, baina obra hauen berezitasun zoragarriena hauxe da: haien egitura eta konposizioa hainbat lodiera eta formetako lerroetan oinarritu zen jatorrian, espezifikoki, antzeko balioarekin betiere. Marrazkiei horrela behatuta, denboran zehar gertatutako beste aldaketa batez ere ohartuko gara: perspektibaren aldaketa, hasierako lautasunetik orain ikusleek ikusten duten sakontasun-sentipenera. Van Goghen jatorrizko konposizioetako perspektiba lauak eta antzeko balioko lerroak oso bat datoz ukiyo-e japoniar xilografiekiko zuen mirespenarekin. Gutun askotan aditzera eman zuen zaletasun hori, itzalik eza eta kolore uniformeko tinta lauen erabilera aipatuz18. Van Gogh japoniar estanpen bildumari handia zen19, eta Utagawa Hiroshige (1797−1858) eta beste japoniar artista batzuen grabatuen kopia zuzeneko baina estilizatuak egin zituen. Eta, are garrantzizkoagoa dena: gai izan zen ukiyo-e generoaren oinarri estetiko eta konpositiboaz jabetzeko eta ezaugarri horiek bere marrazketa-estilo propio eta pertsonalean artikulatzeko, oso modu adierazgarrian gainera. Azaletik begiratuta, pentsa liteke Arleseko aldi honetako obrek ez dutela ukiyo-e generokoen antz handirik, baina antzekotasun sotil eta hala ere harrigarriak dituzte. Hara zer zioen Van Goghek Arles inguruetako Montmajour-eko paisaia bati buruz ari zela: “Ez dirudi japoniarra; baina sekula egin dudan lanik japoniarrena da, izan”20.

[Itzulpena: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Theo van Goghi idatzi eta 1888ko uztailaren 31n Arles-en datatutako gutunean, zera zioen Vincent-ek: “Lan asko egiten ari naiz Russell-entzat. Marrazki batzuk egin nahi nizkion nire prestalan margotuetan oinarrituak; ziur nago atseginez hartuko dituela, eta horrek, hala espero dut behintzat, tratua egitera gogatuko du”. Vincent-ek beste gutun bat idatzi zion Theo-ri Arles-etik, 1888ko abuztuaren 3an edo inguru horretan: “Prestalan margotuetan oinarrituriko 12 marrazki bidali dizkiot Russell-i”. Hemen agertzen dira gutunak: Leo Jansen, Hans Luijten eta Nienke Bakker, argit., Vincent van Gogh: The Letters; The Complete Illustrated and Annotated Edition, Thames and Hudson, Londres, 2009, 4. alea, 204.−205. or., 652 gutuna, eta 4. alea, 208. or., 654 gutuna; online ere eskuragarri dago, argitalpen elektroniko batean, 2010eko abendua, www.vangoghletters.org. [itzuli]
  2. Thannhauser-ek Jouve-ri erositako beste bi gutunek ez zuten marrazkirik (1888ko apirilak 19, kat. 64, eta ca. 1890eko otsailak 1, kat. 70). [itzuli]
  3. Koaderno honen orrialde bakoitzak 24,4 x 32 cm-ko neurria du, eta 0,17 mm eta 0,19 mm bitarte lodi da, hemen adierazitakoaren arabera: Marije Vellekoop, “Materials, Techniques and Experiments”, in Marije Vellekoop eta Roelie Zwikker, Monique Hageman-ekin, Vincent van Gogh Drawings, 4. alea, Arles, Saint-Rémy and Auvers-sur-Oise, 1888–1890, ing. itz.: Diane Webb, Van Gogh Museum, Amsterdam, 2007, 39. or. Guggenheim-eko marrazkietan ez dira argi ikusten alde bateko itsasgarri-arrastoak, baina Vellekoop-ek adierazi bezala, baliteke iraganean itsasgarriak kendu izana. [itzuli]
  4. Ikus Susan Alyson Stein, “Figure and Portrait Drawings”, in Colta Ives, Susan Alyson Stein, Sjraar van Heugten eta Marije Vellekoop, Vincent van Gogh: The Drawings, erak. kat., Metropolitan Museum of Art, New York, 2005, 222.−225. or.; Colta Ives, “Out of Line: How Van Gogh Made His Mark”, in ibid., 8. or. [itzuli]
  5. Ives, “Out of Line”, 10. or.; Marije Vellekoop, Van Gogh at Work, erak. kat., Mercatorfonds, Brusela, 2013, 225.−230. or. [itzuli]
  6. Silvia A. Centeno-k, 2005ean, Metropolitan Museum of Art-en, eta, modu independentean, Jeffrey Warda-k, Solomon R. Guggenheim Museum-en, 2017an, kromozko kanpetxe-tinta identifikatu zuten Txalupak Saintes-Mariesen, Zuaboa eta Tarasconeko bidea obretan, X izpien bidezko fluoreszentzia-analisian. 2005ean, Centeno-k ikatza oinarri zuen tinta bat identifikatu zuen Txalupak Saintes-Mariesen eta Zuaboa koadroetan, Raman espektroskopiaz, Metropolitan Museum of Art-en. Raman analisitik kanpo utzi zen Tarasconeko bidea. Marjorie Shelley, “Technical Studies: Observations on the Drawing Materials Used by Van Gogh in Provence”, in Ives et al., Vincent Van Gogh: The Drawings, 350.−351. or. Tinta autografoa, “transferentzia-tinta” izenez ere ezaguna, litografian erabiltzen da paper gaineko marrazki bat harri litografikora transferitzeko. Sigmund Lehner, Ink Manufacture, 3. argit., Scott, Greenwood and Son, Londres, 1926, 154. or. Van Goghek 1883ra bitarteko gutun askotan aipatu zuen bere marrazkietan halako tinta erabili zuela. Hauxe idatzi zuen: “Zohikatz hondeatzaileen marrazkia zirriborratu dut orain, ikatz-ziriz, klarion naturalez eta tinta autografoz”. Vincent van Goghek Haga-tik Anthon van Rappard-i, 1883ko maiatzaren 25ean edo inguru horretan, in Jansen, Luijten eta Bakker, argit., Vincent van Gogh: The Letters, 2. alea, 338. or., 346 gutuna. [itzuli]
  7. John Gerrit Neevel, “The Identification of Van Gogh’s Inks for Drawing and Writing”, in Marije Vellekoop, Muriel Geldof, Ella Hendriks, Leo Jansen eta Alberto de Tagle, argit., Van Gogh’s Studio Practice, Mecatorfonds, Brusela, 2013, 430. or. [itzuli]
  8. Burdin (II) sulfatoa eta haritzaren kuskuiluetatik ateratako taninoak, ura eta aglutinatzaile bat —oro har, goma arabigoa— konbinatuz lortzen da tinta ferrogalikoa. Osagai horiek nahastean, burdin (II) ioiek erreakzionatu egiten dute taninoen azido galikoarekin, eta galato ferrikoa sortzen da, airearen eraginpean tinta beltz urdinxka bihurtzen den soluzio bat. Azido sulfurikoa erreakzio horretatik eratorritako produktua da, baita soberako burdin (II) sulfatoa ere. Tinta paperari aplika-tzean, soluzioaren pH baxuak zelulosaren hidrolisi azidoa eragin dezake (zelulosaren kateak laburtzeko eta paperezko euskarria hondatzeko arriskua). Gainera, soberako burdina (II) ioiek zelulosaren degradazio oxidatiboa kataliza dezakete eta polimeroa katean bereizte eragin dezakete (baita papera iluntzea eta hondatzea ere). Kalteen neurria faktore askoren mende dago, besteak beste, hezetasun erlatiboaren, argiaren eraginaren eta eguratseko gai kutsagarrien mende. Birgit Reissland eta Judith Hofenk de Graaff, “Condition Rating for Paper Objects with Iron-Gall Ink”, ICN-Information, 1. zk., 2000ko maiatza, 1. or.; Christoph Krekel, “The Chemistry of Historical Iron Gall Inks”, International Journal of Forensic Document Examiners 5, 1999, 54.−58. or. Gauza jakina den arren Van Goghek tinta bioleta jakin bat ere erabili zuela Arles-en bizi zen garaian egindako marrazki batzuetan, gaur egun ez dago kolore horretako tintaren arrastorik Guggenheim-eko obretan. Tinta hori metilo-bioleta modura identifikatu izan da aurrez. Neevel, “Identification of Van Gogh’s Inks”, 428.−430. or. [itzuli]
  9. Van Gog-ek zera idatzi zuen: “Iraganean Holandan ere saiatu nuen prozedura bera, baina han ez nuen hemen bezain kanabera onik”. Vincent van Goghek Arles-etik Theo van Goghi, 1888ko apirilaren 20an edo inguru horretan, in Jansen, Luijten eta Bakker, argit., Vincent van Gogh: The Letters, 4. alea, 63. or., 600 gutuna. Gai hau zehatz landuta dago hemen: Susan Alyson Stein, “Arles, 1888–89: The Synthesis”, in Ives et al., Vincent van Gogh: The Drawings, 146. or. [itzuli]
  10. Armand Cassagne, Guide pratique pour les différents genres de dessin, Ch. Fouraut et fils, Paris, 1873, 55. or., hemen zehatzago deskribaturik: Vellekoop, “Materials, Techniques and Experiments”, 30.−31. or. [itzuli]
  11. Cassagne, Guide pratique pour les diffrents genres de dessin, 55. or. [itzuli]
  12. Vincent van Goghek Arles-etik Theo van Goghi, 1888ko ekainaren 21ean, in Jansen, Luijten eta Bakker, argit., Vincent van Gogh: The Letters, 4. alea, 142. or., 629 gutuna. [itzuli]
  13. Efektu hori Van Goghek antzeko lerro paraleloak erabiliz egindako beste zenbait marrazkitan ere ikus daiteke, hala nola honetan: Arums (Aros, 1889, F1613, JH1703, Van Gogh Museum), Sjraar van Heugten-ek hemen zehatz deskribatua: “Metamorphoses: Van Gogh’s Drawings Then and Now”, in Ives et al., Vincent van Gogh: The Drawings, 50.−53. or. [itzuli]
  14. Shelley, “Technical Studies: Observations on the Drawing Materials Used by Van Gogh in Provence”, 350.−351. or. [itzuli]
  15. Ives-ek dioenez, Van Goghek 1888ko uztailaren 5ean igorri zion marrazki hau Bernard-i Arles-etik (641 gutuna), baina Van Goghek ez du marrazkia berariaz aipatzen. Baliteke, halaber, Bernard-i 1888ko uztailaren 17aren eta 20aren artean Arles-etik egindako beste igorpen batean sartu izana (643 gutuna). Ives et al., Vincent van Gogh: The Drawings, 180. or. [itzuli]
  16. Paperaren tonua ere nabarmen argiagoa da Kupferstichkabinett-eko Txalupak Saintes-Mariesen marrazkian, zeina kontu handiz babestu baita argiaren eraginpetik, 1906an eskuratuz geroztik. Eskerrak eman nahi dizkiot Georg Dietz-i (Kupferstichkabinett, Staatliche Museen zu Berlin), marrazki hau aztertu eta obra honen erakusketa-historial laburra berresteko aukera eman izanagatik. [itzuli]
  17. Bi marrazkiak hemen erreproduzitu ziren: Henry Thannhauser, “Van Gogh and John Russell: Some Unknown Letters and Drawings”, Burlington Magazine for Connoisseurs 73, 426. zk., 1938ko iraila, 99. or., IIA, IIC laminak [testuan IIB modura etiketatuak]. Jakina, dinamika hori areagotzea eragin lezaketen argazki- eta inprimatze-prozesuei loturiko kontraste-doitzeak daude, baina efektu hori beste erreprodukzio batzuetan ere gertatzen da, eta bat dator argiaren eraginetik babestutako obrekin. [itzuli]
  18. Koadro honi dagokionez, Logela (1888, F482, JH1608, Van Gogh Museum), zera idatzi zuen Van Goghek: “Ezabatu egin dira itzalak eta itzal proiektatuak; tinta lau eta uniformez margotuta dago, japoniar estanpen antzera”. Vincent van Goghek Arles-etik Theo van Goghi, 1888ko urriaren 16an, in Jansen, Luijten eta Bakker, argit., Vincent van Gogh: The Letters, 4. alea, 330. or., 705 gutuna. Beste batzuetan, japoniar estanpetako tintekiko edo tonu lauekiko interesa adierazi zuen Van Goghek. 1888ko maiatzaren 27an Theo van Goghi Arles-etik idatzitako gutunean, akuarelak eskatu zizkion Van Goghek anaiari, asmoa baitzuen “lumaz marrazki batzuk egiteko, baina tinta lauz margotzeko, japoniar estanpen modura”. Ibid., 4. alea, 95. or., 614 gutuna. Era berean, 1888ko ekainaren 7an edo inguru horretan Arles-etik Émile Bernard-i bidalitako gutun batean, zera idatzi zuen Van Goghek: “Japoniarrek ez baitaukate isla kontuan; bata bestearen aldamenean jartzen dituzte beren tinta trinkoak, mugimendua edo formak irudikatzen dituzten lerro bereizgarriak erabiliz”. Ibid., 4. alea, 113. or., 622 gutuna. [itzuli]
  19. Parisen bizi zirenean, Vincent van Goghek 450 bat japoniar estanpa bildu zituen Theo anaiarekin batera. Vellekoop, Van Gogh at Work, 138. or. [itzuli]
  20. Vincent van Goghek Arles-etik Émile Bernard-i, 1888ko uztailaren 15ean, in Jansen, Luijten eta Bakker, argit., Vincent van Gogh: The Letters, 4. alea, 176. or., 641 gutuna. Bernard-i igorri zion marrazki bati erreferentzia egiten dio: La Crau, Montmajourtik ikusita (1888, F1420, JH1501, Van Gogh Museum). [itzuli]

 

PDF-a JAITSI