Edukira zuzenean joan

Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua

katalogoa

Édouard Maneten Emakumea marradun soinekoarekin

Vivien Greene eta Gillian McMillan

Izenburua:
Édouard Maneten Emakumea marradun soinekoarekin
Egilea:
Vivien Greene eta Gillian McMillan
Argitalpena:
Bilbao: Guggenheim Bilbao, 2018
Neurriak:
23 x 30 cm
Orrialdeak:
175 or.
ISBN:
978-84-95216-86-1
Lege gordailua:
BI-1416-2018
Erakusketa:
Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua
Gaiak:
Emakumea artean | Artea eta gizartea | Artea. Merkatua | Artelanak | Lan-prozesua | Erretratua eta autorretratua | Teknika eta materialak
Teknikak:
Olio-pintura
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Manet, Édouard

1883ko apirilean, Édouard Manet sifiliaren ondorioek eragindako gaixotasun luze baten ondoren hil zenean, Parisko Amsterdam kaleko 77. zenbakiko bere estudioan ehun margolan baino gehiago zeuden hainbat fasetan1. Horien artean, Maneti horrenbeste gustatzen zitzaion ile gorrixkako emakume baten erretratu handia, itxuraz amaitu gabea, marradun soineko oso deigarri batez jantzia. Lan zehatz hau, gaur egun Emakumea marradun soinekoarekin izenburuaz ezagutzen dena, artistaren azken garaiko sorkuntza-lana da, 1877 eta 1880 bitartean egina, gutxi gorabehera2. Emakumeak bakarrik, zutik, margotzeko zuen tradizioari jarraitzen dio hemen ere Manetek, erretratuaren tradizioko maisu-lan handien aurrekarietan inspiratuta, hala nola Anton van Dyck eta Diego Velázquezen erretratuak. Irudi honetan argi geratzen da Manetek au courant modagatik zuen interesa, miaketa artistikorako eta adierazpen piktorikorako bide gisa, eta baita modernotasunaren foku gisa ere3. Izan ere, askoz handiagoa da modeloaren jantziari eskainitako arreta haren aurpegiari eskainitakoa baino, pintzelkada gutxi batzuekin adierazia baitago. Emakumeak daraman jantzi deigarriaren erretratua da, hain zuzen4. Gazazko paparrak eta mahukak azpian arrosa koloreko azala dagoela iradokitzen dute (nahiz eta, seguru asko, hainbat arropa-geruza eramango zituen azpitik) eta soinekoaren satinarekin eta marradun zetarekin kontrastatzen dute. Luxuzko oihalaren marmarra entzun liteke ia-ia, zeinetan gonaren zimurrak, kortse eta gerruntze estuaren bolumen hertsiaren azpitik, emakumearen biribilgunera egokitzen diren.

Deskribapen orokor horretatik haratago, ziurtasun ezak betetzen du Emakumea marradun soinekoarekin lana. Nor da modeloa?5. Orain artean ezin izan da identifikatu, nahiz eta seguru asko kortesana edo modelo bat izango zen, bereziki lan horretarako jantzia. Non da eszena? Ia gauza segurua da Maneten estudioan muntatu eta irudikatu zela, Luis XV.aren estiloko mahaia margolariaren beste margolan batzuetan ere agertzen baita; edonola ere, ez dakigu barrualdean egina zela adierazi nahi zuen artistak, barrualdearen eta kanpoaldearen arteko bereizketak estaltzea gustatzen baitzitzaion. Zer dago atzealdean irudikatuta, hormako paper margotua, zur-sare bat, oihal bat edo pastiche bat?6. Margolanaren data zehatza ere ez da ezagutzen, ez baitzen inoiz erakutsi, eta artista bizirik zela ere ez zen dokumentatu. Nahita gelditu al dira definitu gabe? Edo amaitu gabe gelditutako lan bat al da? Manet hil zenean bere estudioan zeuden lan batzuk amaitu gabe zeudenez, oso litekeena da honako hau ere horietako bat izatea. Baina Manetek bere lanak bizkor eta labur egiten zituela ematen badu ere, berriro ere ukitzen zituen askotan, eta urratu egiten zituen ongi iruditzen ez zitzaizkion eremuak, horietan berriro lan egiteko. Azken garaiko lan asko antzekoak dira, pintzelkada zabal eta sendoekin eta modu zuzenean eta maisutasun handiz aplikatuta; konposizioaren zenbait zona, trazu gutxi eta bikain batzuen bitartez sortuta. Edonola ere, Maneten abangoardiako irudiak, askotan, anbiguotasunaren inguruan egituratzen dira, bizitza modernoari datxekion desegonkortasuna islatuz, besteak beste, hiri garaikidearen erritmo biziak eta hazkundeak eragindako estuasuna, gizarte klaseen arteko muga gero eta lausoagoak eta emakumeek hiri ehunean zuten egokitzearen aldaketak, edo jantziek nortasunaren mugak itxuragabetzeko betetzen zuten zeregina. Lan honetan konpondu gabe gelditu ziren zenbait kontu nahita eginak izan litezke. Beste batzuk, ez badira ere nahita eginak, artearen pertzepzio aldakorrak azpimarratzen dituzte, zehazki “azken ukituari” buruzko jarrerak, XX. mendean zehar bilakatzen joan baitira. Gaur egun “amaitu gabea” ezaugarri onargarria da, askotan, eta baita modernotasun tropo bat ere. Baina XIX. mendearen amaieran, amaitu gabeko artelan bat ez zen inondik ere gehiengoak onartzen7.

Ez dakigu Maneten ustez tamaina handiko koadro hau amaituta zegoen, baina hori gorabehera, haren patua hura zaintzeaz arduratuko zirenen eskuetara igaro zen8. R. Guggenheim Museumek 2015 eta 2018. urteen bitartean egindako ikerketa historiko artistikoak, azterketa zientifikoak eta kontserbazio tratamenduak agerian jartzen dute Emakumea marradun soinekoarekin lanak hainbat aldaketa izan zituela, errotikoak —eta egiaz problematikoak—, 1965ean Justin K. Thannhauser bildumagile eta arte-merkatariaren dohaintza-hitzaren ondorioz erakunde horretan sartu aurretik. Aldaketa horiek lana merkatura atera ahal izateko eta XX. mendearen lehenengo hamarraldietan salmenta-balioa handitzeko helburuarekin “bukatu” nahi izanaren ondorio izan ziren, seguru asko. Bereziki garrantzizkoa da, mihisearen tamaina murriztu egin dela eta beste esku batek (edo beste esku batzuk) edertu egin zutela, artista hil eta gutxira (1883an) eta 1902. urtearen aurretik9. Zehazki, koadroa moztu egin zen bi aldeetatik eta pixka bat goitik, zirriborro gehien zituzten guneak ezabatzeko asmoarekin beharbada. Bestalde, jatorrizko lanari egindako ukituak edo erantsiak hauteman dira, moztu zen garai berekoak, izan ere, hainbat pintzelkada daude oso modu zakarrean ebakiak, margolanaren ertz “berritik” hurbil. Geroago, lanak berriro ere hainbat zentimetro galdu zituen, seguru asko gaur egun mihisearen atzealdean duen berrehundurarekin bat eginez, eta horren bitartez lortu zen gaur egun duen tamaina10. Aipatu berri ditugun aldaketa nagusiak Fernand Lochard argazkilariak Emakumea marradun soinekoarekin lanari Manet hil eta gero egindako argazkian ikusten dira11; argazki hura artistaren semeorde Léon Koella Leenhoff-ek eskatuta egin zen (1852–1927), izan ere, hark margolariaren estudioan zegoena dokumentatu nahi zuen12. Locharden argazkiak agerian uzten du lana handiagoa zela. Argazki beraren kopia asko egin dira, eta horietan, klarionaz egindako laukizuzen bat ikusten da, irudiaren alderdi gehiena hartzen duen emakumearen inguruan13. Profil zakar horrek adierazten du norbaitek (Manetek berak edo haren ondorengoak edo merkatariak) konposizioa lau aldeetatik txikitzea pentsatu zuela. Dokumentu gisa, bestalde, erreparoak daude Locharden argazkiei dagokionez, argazkilaritzako prozesuek —kolodioi hezea edo gelatinazko emultsio lehoreko prozedura berriagoa— ez baitzituzten, garai hartan, zehaztasunez zuri-beltzeko argazkiaren tonuetan kolore guztiak erreproduzitzen, ez behintzat gaur egungo zuri-beltzeko argazkien emultsioen zuzentasun erlatiboaz14. Oro har, kolore beroak, horia, laranja eta gorria, esate baterako, oso ilun ikusten dira, ia beltz, argazki historiko horietan, eta kolore hotzak, berriz, urdinak eta berde batzuk esaterako, argi ikusten dira, argazki materialek koloreari sentiberatasun mugatua ziotelako. Lochardek mihiseari egindako argazkiaren ca. 1883–1884 kopiak interpretatzea eta konparatzea garrantzizkoa da ulertzeko zer itxura edukiko zuen hark Manet bizirik zela15.

Azterketa konparatiboa are konplexuagoa zen bi berniz geruza zeudelako; horietatik gehiena, ezabatu egin zen 2015–2018 urteetako kontserbazio tratamenduan16. Berniz distiratsuko gaineko geruza lodiak kolorea galdu zuen eta tonu hori berdaxka hartu zuen. Konposizioa bisualki lautzeaz gainera, neurri batean disimulatu egiten zituen ukituak; horiek gainera engainagarriak ziren, ausardia handiz aplikatu baitziren17. Berniza kendu ondoren, pintzelkada zakar horietako asko identifikatu ahal izan ziren: batzuk trinkoak eta lauak ziren, beste batzuk nahiko likatsuak, Manetek pintzela erabiltzeko zuen modu trebeaz oso bestelakoak. Pigmentuen nahasketa konplexuak erabiltzen zituenean ere, Maneten pintura beti izan zen argitsua eta garbia, ez du inoiz itxura lohia. Horrez gainera, berniz ilunduak distortsionatu egiten zituen Maneten beraren pintzelkadak, eta baita hark baliatzen zuen kolore bizien nahasketa fina ere, mihisearen gainean xehetasun txikienak ere irudikatzeko, soinekoari lotutako loreak esate baterako. Soinekoa bera ere, zuri-beltza zela esan ondoren hainbat hamarraldiz, paleta zehatzagoarekin margotuta zegoela ikusi zen tratamenduaren ondoren, zuri grisaxkarekin eta beltza more urdinxka biziarekin alegia. Kolore horiek bat datoz Théodore Duretek 1902an Maneti buruzko monografian egindako deskribapenarekin, zeinak aipatzen zuen soinekoak marra “gris-moreak” zituela18.

Maneti, erabiltzen zituen aro modernoko estrategien artean, izugarri gustatzen zitzaion eszenak inkongruentzia espazialen bitartez egituratzea. Horrez gainera, bi dimentsio dituen mihisearen gainazalean egindako margolan batek hiru dimentsioak irudikatzeko duen gaitasunak eragindako kontraesanarekin jokatzen zuen, eta, era horretara, onartu egiten zuen, dialektikoki, lehenaren gainazal laua eta bigarrenaren fisikaltasuna. Baina lehenengo esku-hartzearen, garrantzitsuenaren, ondoriozko mozketak konposizioa guztiz bertikala bihurtu zuen eta horrek modu negatiboan aldatu zituen osagaien arteko harremanak (emakumea, azken planoa, altzariak, osagarriak). Beraz, esku ezezagun batek margolana “amaituago” gelditu zedin zirriborro gune batzuk betetzeaz gainera, esku-hartze horretan beste doikuntza batzuk ere egin ziren, margolanaren eremu piktorikoko pasarte eta desadostasun logikarik gabeak konpentsatzeko. Esku-hartzeetan egindako hutsegiteek agerian uzten dute bigarren mailako artista baten lana dela. Locharden argazkiko irudiak Guggenheimeko zaharberritze proiektuaren aurreko Emakumea marradun soinekoarekin lanaren alboan aztertuz gero argi ikusten da konposizioko xehetasun batzuk guztiz bestelakoak zirela, bereziki zur-sarea, atzealdeko hostoak eta loreak. Jatorrizko margolanean, atzealdea iradoki baino ez zen egiten, baina gero bete egin zuten, eta modeloaren aurpegi eta gorputzeraino eraman zen. Horrek moteltze eta berdintze efektua sortu zuen, Maneten pintzelkadaren dinamismoaren guztiz kontrakoa, eta figuraren inguruko espazioa eraldatu zuen.

2015. urtearen aurretik margolana zegoen egoeran nabarmen urruntzen zen Manetek Luis XV.aren estiloko mahaia irudikatzeko modutik, jatorriz diagonala osatuz baitzegoen. Mihisearen tamaina murriztean, ezabatu egin ziren mahaiaren ezkerreko hankak, eta, horrela, hondatu egin zen mahaiak aurretik sortzen zuen perspektiba-efektua, eta ia-ia aurrez aurre ikusten zen. Era horretara, mahaiari egonkortasuna emateko, bazterrera igaro zen haren erdian zegoen apaingarria, eta hankaren zirriborro bat erantsi zen; hortaz, aldatu egin zen mahaiak konposizioan zuen angelu osoa. Hasieran, emakumea mahaian jarrita zegoen, bermatuta, baina oso jarrera deserosoan, eta, bat-batean, jarrera askoz ere ezegonkorragoan gelditu zen. Eskularrua jantzita duen eskuineko eskuaren keinu ederra ere aldatu zen, eta luzakin tenkatua bihurtu zen, puntan amaitua. Mahai gainean dagoen objektuak, aldaketaren beste biktima bat, nolabaiteko nahasmena eragin du. Historikoki lore-saski gisa identifikatu izan da, baina Guggenheimen duela gutxi egindako garbiketaren ondoren, lore sorta gisa edo zetazko kapela loredun gisa ikusten da gehiago19. “Saskiaren heldulekua” jatorriz ispilu bat ere izan zitekeela pentsatu izan da, mahai osagarriaren gainean, baina Locharden argazkien arabera ezinezkoa da zehaztea, eremu hori amaitu gabe baitzegoen artista hil zenean. Manetek, gainera, modeloaren gonaren beheko, eskuineko, aldea gainetik zirriborratu zuen, oinarriko hainbat eremu zabalik utzirik. Geroago, beltz epelaz estali zen eremu hori, pintura arinduarekin, ikusgai zegoen oinarria ezkutatzeko eta eremu horri amaituaren itxura emateko.

Modeloaren izaerak ere izan zuen metamorfosirik. Eskuineko bekaina, jatorriz keinu maltzurraz jasoa, adierazkortasunik gabeko arrasto txikia bihurtu zen. Gazte lotsagabe baten irudikapena —hala holako neska batena beharbada—, izaera zehaztugabea duen modelo batena bihurtu zen. Lehen aurrez aurre begiratzen zuen, norbaiti beharbada, nolabaiteko helburuarekin, baina aldaketa txiki horrek guztiz aldatu zuen sedukzio jarrera nabarmen hura, eta irudiaren ukitu lizun orokorra aldatu eta irudikatze otzanago bihurtu zen, ez hain mehatxatzailea (eta saltzeko errazagoa)20.

Geroago, 1928. urtean Thannhauserren eskuetara igaro eta gero seguru asko, Emakumea marradun soinekoarekin lana berrehundu egin zen eta gainazal osoari bigarren berniz geruza bat aplikatu zitzaion, trinkoagoa, lehen aipatu bezala, lana hobeto “bateratzeko” edo lanaren berrikusketen ondorioz sortutako desadostasunak disimulatzeko21. Azterketa zientifikoek zehaztu zutenaren arabera, berniz hura ez zen koadroen gainean aplikatu ohi diren motakoak, baizik eta altzarietan edo egurrezko musika-tresnetan erabili ohi direnak; azken horiek, tonalitate bizia izaten dute, baina denborarekin galdu egiten dute kolorea22. Berniz ilun hori, trinkoa eta distiratsua, egokia bada ere zurezko gainazaletarako, ez da egokia koadro batean aplikatzeko, eta are gutxiago koadro moderno baterako. Bernizak are gehiago estali zuen margolan honen zirriborro egitura, eta XIX. mendeko margolan akademikoa bihurtu zuen, Manetek gaitzetsi ohi zuena.

Egindako murrizketak eta margotutako apainketak kontuan hartuta, erretxina-berniz geruza hori ematea Maneten teknika piktoriko muturrekoen kamuflatzeko nahita egina izan zitekeen. Lanari egindako aldaketa bakoitza akabera onargarriagoa emateko beste urrats bat izan zen, eta, hortaz, bildumagile talde zabalago eta tradizionalago batentzat erakargarria izateko, jabe batetik bestera igarotzen joan baitzen lana. Guggenheimen onartu da aldatutako margolan bat dela honako hau —eta are garrantzitsuagoa dena, ebaki egin zela— eta ezingo duela inoiz jatorrizko itxura berreskuratu. Edonola ere, adostu zen kontu handiz berniza kentzea, kolore gabe baitzegoen jadanik, eta orobat kentzea, ukitutako eremu jakin batzuk, Maneten jatorrizko lanaren garrantzizko xehetasunak edo pintzelkadak aplikatzeko modu aparta eta fina estaltzen baitzituzten. Tratamenduaren planteamendu horrek aditzera ematen du artistaren jatorrizko eskua lehenesten duen filosofia bat, lanaren estetika orokorra ere berebat kontuan hartuta. Moztutako konposizio hartan zenbait osagai historiko —artista hil ondorengoak gehitutakoak izanda ere— modu holistikoan gorde eta txertatzea zen helburua23.

Koadroa ez bada ere inoiz jatorrizko neurrira eta izaerara itzuliko, Guggenheimek egindako tratamenduari esker nabarmen gelditu da jatorrizko lanean artistak jantzia irudikatzeko egindako lan bikaina. Azkenik, Emakumea marradun soinekoarekin lanaren historiak, eta honen antzeko Maneten beste batzuenak, hainbat galdera uzten dituzte agerian, amaituaren eta amaitu gabearen inguruan, anbiguotasunaren eta nahitakotasun artistikoaren inguruan. Gaur egun, ondo pentsatu ondoren arreta handiz egindako tratamendu baten ondoren, Emakumea marradun soinekoarekin lana lehenengo itxuratik hurbilago dagoen egoerara eraman ondoren, XXI. mendeko adimen eta begiradek ez dute zalantzan jartzen Maneten lan amaigabe hau maisulan bat dela, inondik ere.

[Itzulpena: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

Eskerrak ematen dizkiogu, benetan, gure ikerketan zehar eta lanari egindako tratamenduan proiektu honetan aholkulari-lanetan jardun duten kontzerbatzaileei, espezialistei eta zientzialariei, eta oso modu berezian Juliet Wilson-Bareau, Anne Distel eta Charles Stuckey-ri. Guggenheimeko gaur egungo eta iraganeko gure lankideen artean, zorretan gaude Julie Barten, Tracey Bashkoff, Susan Davidson, Megan Fontanella, Federica Pozzi eta Lena Stringari-rekin. Gure esker ona adierazi nahi diegu David eta Zahira Bomford, Aviva Burnstock, Silvia A. Centeno, Maureen Cross eta Charlotte Haleri. Eskerrak ematen dizkiegu, halaber, Scott Allen, Carol Armstrong, Julie Arslanoglu, Elsa Badie Modiri, Vivian Endicott Barnett, Barbara Buckley, Helen Burnham, Nick Brandreth, Jacklyn Chi, S. Hollis Clayson, Nicholas Eastaugh, Thierry Ford, Isabel Gaëtan, Gloria Groom, Sven Haase, Jean-Gabriel Lopez, Paul Messier, Dianne Dwyer Modestini, Doug Munson, Debra Hess Norris, Mark Osterman, Isolde Pludermacher, Aileen Ribeiro, Marie Robert, Betsy Rosasco, Valerie Steele, Susan Alyson Stein, MaryAnne Stevens, Jennifer Thompson, John Vincler, Françoise Tétart-Vittu, Christina Zuccari eta Frank Zuccariri. Egileek eskerrak eman nahi dizkie ikerketan laguntzaile izandako bekadunei: Mathilde Lejeune, Areni Nuyujukian eta Glynnis Stevenson. Halaber, eskerrak ematen dizkiegu Bank of Americako Artearen Kontserbatzio Proiektuari, Guggenheimen kontserbazio eta ikerketa proiektuari emandako laguntza eskuzabalagatik.

  1. Manet ezin zen asko mugitu azken urteetan, gaixotasunak ahulduta baitzeukan. Gaur egun arte, Maneti buruzko iturri zehatzena Françoise Cachin eta Charles S. Moffett izaten jarraitzen du, Michel Melotekin, Manet, 1832– 1883, kat. erak., Metropolitan Museum of Art, New York, 1983. Maneten erretratuei buruz, ikusi MaryAnne Stevens et al., Manet: Portraying Life, kat. erak., Royal Academy of Arts, Londres, 2012. [itzuli]
  2. Guggenheimen bilduman, lan honi Emakumea gaueko jantziarekin (Femme en robe de soirée) izenburu ofiziala eman zitzaion, 2017. urtea arte. Izenburu hori Maneti buruz argitaratutako lehenengo monografia­tik hartu zen, hain zuzen ere, haren adiskide min Théodore Duret-ek 1902an idatzi zuenetik. Théodore Duret, Histoire d’Édouard Manet et de son oeuvre, H. Floury, Paris, 1902, 250. or., 231. zk. Edonola ere, orain dela gutxi egindako zenbait ikerketek ondorioztatu dute modelo honek ez duela gaueko soineko bat jantzita. Duret ez zen modan aditua, ez behintzat Manet adina, baina lana sortu eta hogei urtera ari zen haren iruzkina egiten, eta izenburu deskriptibo bat baino ez zion eman. Egileek eskerrak ematen dizkiote Aileen Ribeiro, Courtauld Institute of Art, Londres, eta Valerie Steele, Fashion Institute of Technology, New York, modaren historiagile ospetsuei, beren ezagutzak gurekin partekatzeagatik margolan honi buruz izandako elkarrizketetan, 2015ean. Ribeirok idatzitzatiko txosten xehearen arabera, soineko mota hori erabili ohi zen arratsaldeko azken orduan etxean bisitei harrera egiteko edo afari intimo bat edukitzeko. Ribeiro, Maneti buruzko txosten argitaragabea, 2015eko uztaila, Kontserbazio Saila, Solomon R. Guggenheim Museum. Léon Koella Leenhoff-ek, Maneten semeordea, artista hil eta gero erredaktatutako inbentarioan, margolan hau Femme (Emakumea) izenburuarekin aipatzen da, oinarrizko izenburu deskriptiboa, aurretik lan honentzat dokumentatu gabea. Léon Koella Leenhoff, “Registre manuscrit: OEuvres d’Édouard Manet (peintures, pastels, dessins, et estampes) recensées dans son atelier en 1883 ou chez leur propriétaire”, 118. zk., Bibliothèque nationale de France, département Estampes et photographie, Reserve 8-YB3-4649. Thannhauserren inbentarioko liburuan txertatu zenean, Dame in gestreiften Kleid (Emakumea marradun soinekoarekin) izenburua eman zitzaion lanari. Lagerbuch (Inbentario liburua) II, inb. zk. 1202, A077- XIX-02, A077 artxiboa Galerien Thannhauser, Zentralarchiv für deutsche und internationale Kunstmarktforschung, Kolonia (aurrerantzean Thannhauser Archive, ZADIK). Beste izenburu batzuei dagokienez, ikusi Vivian Endicott Barnett, Guggenheim Museum Thannhauser Collection, arg. ber., Solomon R. Guggenheim Foundation, New York 1992, 123. or. [itzuli]
  3. Gloria Groom, argit., Fashion, Impressionism, and Modernity, kat. esp., Art Institute of Chicago, Chicago. 2012, moda eta modak gizarte frantsesean eta arte inpresionistan duen garrantzia aztertzen du. [itzuli]
  4. Ikusi Ribeiro, Maneti buruko txosten argitaratu gabea “Soinekoa gerruntze batek eta marra beltz eta zuriko zetazko gona batek osatzen dute […]. Gerruntzea satenezkoa da seguru asko, marraduna, 'txalekoan' eta zeta zuriko gazazkoa mahuketan eta paparrean. Txaleko faltsuak txertatzen zituzten gerruntzeak oso arruntak ziren 1870eko hamarraldian […], XVIII. mendeko gizonezkoen arroparen oihartzuna […]. Gerruntzeak (koraza esaten zitzaion, hau da, bularraldea estaltzen zuen armaduraren zatia) azpitik eramaten zen gerruntzea imitatzen zuen, lurrunez moldatutako kortse mota (metalezko molde huts baten gainean berotua, forma okerra emateko), Maneten Nana (1877) lanean ikusten den bezala”. [itzuli]
  5. Aurreko zenbait espezialistek zalantza egin zuten modeloa Suzanne Reichenberg (1853–1924) antzezlea izango ote zen. Guggenheimeko objektuei buruzko komisarioen fitxategian dauden gutunen arabera, Vivian Barnett kontserbatzaileak baztertu egin zuen teoria hori. Ikusi, halaber, Barnett, Guggenheim Museum Thannhauser Collection, 123. or. 2015–2018 urteetan egindako tratamendua gorabehera, eta XXI. mendean Reichenbergen argazki gehiago daudela kontuan hartuta, ez da modeloa Reichenberg zela egiaztatzeko aukera ematen duen dokumentazio gehiago aurkitu. [itzuli]
  6. Gloria Groom-ek, Art Institute of Chicago, aditzera eman du Manetek beste mihise batzuk erabili zituela hondo gisa. Groomek, elkarrizketa egileekin, 2017ko irailak 18. Manetek oihalak erabiltzen zituen atzealdean jartzeko, esaterako Udazkena (L’automne), 1881, Musée des Beaux-Arts, Nancy. Leenhoff-ek adierazi zuen “hondoa japoniar tunika bat dela, M. Proustek utzia” (le fond est une robe japonaise pretée par M. Proust). Leenhoff, “Registre manuscrit: OEuvres d’Édouard Manet”, 118. zk. [itzuli]
  7. Kelly Baum, Andrea Bayer eta Sheena Wagstaff, in Unfinished: Thoughts Left Visible, kat. esp., Metropolitan Museum of Art, New York, 2016 gai hau aztertzen dute. [itzuli]
  8. Ikusi lan honen jatorria. [itzuli]
  9. Leenhoffek, “Registre manuscrit: OEuvres d’Édouard Manet”, adierazten du margolanak ez zuela markorik Manet hil zenean, eta baieztatu egiten du mihisea handiagoa zela: 192 × 124 cm. Dureten 1902ko monografian adierazten da lanak 180 × 85 cm neurtzen zuela, eta horretatik ondorioztatzen da lana 1883 eta 1902 bitartean ebaki zela. Duret, Histoire d’Édouard Manet et de son oeuvre, 250. or. Margolanak 12 cm gutxiago zituen altu eta 39 cm gutxiago zabal. Edonola ere, Dureten katalogoan ez dago lana txikituta zegoela adierazten duen irudirik. Ezinezkoa izan da zehazki adieraztea 1902. urtea baino lehen noiz aldatu zen lehen aldiz margolana, ezta nork egin zuen ere. Emakumea marradun soinekoarekin Ernest Cognacqen bilduman zegoen 1902an, eta jatorriari buruzko ikerketaren bitartez adierazten da Cognacquek lan asko erosi zituela Bernheim-Jeune-n, Paris. Litekeena da Suzanne Maneten eskutik Bernheim-Jeunerengana igaro izana Cognacqek eskuratu aurretik. Gainera, Duretek adierazi zuen lanak ez zuela sinadurarik. Data ezezagunean, mahaiaren gainean “Ed Manet” idazkun kaligrafiko ohartezina erantsi zen. Idazkun hori berniz geruza guztien azpian dago, jatorrizko gainazal margotutik oso hurbil. [itzuli]
  10. Ikusi 9. oharra. Gaur egun 175,5 × 84,3 cm neurtzen du lanak. [itzuli]
  11. Locharden argazkiei buruzko azterketa sakonagoa, Maneten lanetan egindako aldaketak eta akaberaren gaia Charles F. Stuckey-rena da, “Manet Revised: Whodunit?”, Art in America 71, 1983ko azaroa, 158–177. or., 239, 241. [itzuli]
  12. Leenhoff-ek, orduan, irudi bakoitza zenbakizko ordenan identifikatu zituen artistaren estudioan zeuden lanen inbentarioa egiteko sortu zuen erregistroan. Argazkiak hiru albumetan bilduta daude gaur egun, New Yorkeko Morgan Library and Museumen daudenak eta bat Parisko Bernheim-Jeunen batzuk. Stuckey, “Manet Revised: Whodunit?”, 168–170. or., 174, 241, 81. zk. [itzuli]
  13. Ikusi Fernand Locharden jatorrizko albuma, 1. alea, 118. zk., Literary and Historical Manuscripts, MA3950, Morgan Library and Museum, New York. Beste lan batzuetan ere egin dira aldaketak. Erregistroan, Leenhoff-ek idatzi zuen Kieverten margolari bati (“le peintre de chez Kievert” [paristar zaharberritzaile bat]) Udazkena (L'automme) laneko mahuka-erdia moldatzeko. Leenhoff, “Registre manuscrit: OEuvres d’Édouard Manet”, 20. zk. Lan hau 1884ko otsaileko enkanterako prestatzen ari zen, zeinaren helburua zen, aldez behintzat, Maneten alargunak artistaren bizitza-estilo bitxiaren ondorioz pilatutako zorrak kitatu ahal izatea eta nolabaiteko segurtasun ekonomikoa lortzea. Enkante hartan ez zen Emakumea soineko marradunarekin lana, seguru asko lanak amaitu gabearen itxura zuelako, eta Leenhoff-ek “erreserban” sailkatu zuen Locharden albumean. Bada beste esku batez amaitutako beste lan bat —goiko ezkerraldeko angeluan dagoen hondo berde zikina bereziki—, enkantetik kanpo gelditu zena: M. Arnauden zaldizko erretratua (Portrait équestre de M. Arnaud), ca. 1875, Galleria d’Arte Moderna, Milan. Eskerrak ematen dizkiogu Paola Zattiri eta Barbara Ferrianiri lan honi buruzko informazioa gurekin partekatu izanagatik. Oraindik ez da ikerketarik egin margolan honen antzera moldatutako lan kopuruari buruz, baina familiako hainbat kide asko haserretu ziren horregatik, esate baterako Julie Manet (Maneten adiskide min eta margolari zen Berthe Morisoten eta Eugène Maneten alaba). Urtarrilak 31, otsailak 2 eta otsailak 7 datako hiru sarreretan, Julie Manetek honela idatzi zuen: “Mme Renoirrek esan digu Bernheimstarrek berriro margotu zutela atzealdea. Amorragarria da —Bs [Bernheims] izugarri horiek epaitegira eramateko gogoa dut—”. “Guztiz onartezina iruditzen zait Oncle Edouarden lanak era horretara kaltetzeko aukera ematea. Baina berriro ere oso haserre utzi dut [Suzanne Manet], eta ni ere hala nago. Ezin dugu ezer egin, ezta ezer esan ere”. Growing Up with the Impressionists: The Diary of Julie Manet, argit. eta itzul. ingelesera Rosalind de Boland Roberts eta Jane Roberts, Sotheby’s Publications, New York, 1987, 160. or. [itzuli]
  14. Litekeena da 1883–1884 urteetan Lochardek kolodioi heze edo gelatina emultsio bidezko prozedurak erabili izana. Oraindik ez da zehaztu zein erabili zuen Maneten estudioan zeuden lanak dokumentatzeko eta bere irudi historikoak sortzeko, nahiz eta argazkiak egin zituen garaian, gelatina lehorreko emultsioak, egokiagoak, kolodioi hezea ordeztu zuen maila handi batean. Edonola ere, argazkigintzako bi teknika horiek antzeko sentiberatasuna dute eta antzeko irudiak lortuko zituen biekin. Guggenheimen ikerketa-proiektuan, espektroaren sentiberatasunak ezarri zuen Locharden argazkiaren eta margolanaren itxuraren arteko konparazioa egiteko araua, egilea hil ondoren egindako gehikuntzak identifikatzeko. Zehazki aztertu ziren atzeko burdin-sarearen edertzea, eskuineko eskularru errealaren beltzen eta modeloaren gonaren beheko aldearen aldaketa eta izadi hilaren eta mahaiaren horiaren, marroiaren eta gorriaren zenbait xehetasun, osagai horiek guztiak ikusi ahal izango baitziren Locharden argazkietan. [itzuli]
  15. Egileek eskerrak eman nahi dizkiote Nick Brandreth-i, George Eastman Museum, Rochester, New York, margolan honen zuri-beltzeko kopiak sortu zituelako, prozedura historikoak erabiliz. Eskerrak eman nahi dizkiogu, halaber, Brandrethekin izandako elkarrizketen bitartez eta argazkilaritza historikoko beste aditu batzuekin, zehazki Debra Hess Norris, Paul Messier, Doug Munson eta Mark Osterman-ekin, izandako elkarrizketen bitartez jaso ahal izan dugun informazioagatik. [itzuli]
  16. Bigarren berniz geruza gerora erantsi zen. Koadroa lehenengoz ebaki zenean eta hura konpondu eta aldatu zenean aplikatu zen, beharbada, lehenengo geruza. Guggenheimen berniza kendu zen, zetazko paper fin batekin eta pintzel leun batekin aplikatutako disolbatzaile baten bitartez. Berniza kentzeko prozesuan nabarmenago gelditu ziren artista hil ondoren erantsitakoak; batzuek jatorrizko margolanaren guztiz bestelako itxura zuten, eta lotsagabe nabarmentzen ziren azalean, jatorrizko pinturaren gainean kokatuta, bi berniz geruzen artean. [itzuli]
  17. Berdez eta gorriz berriro pintatutako eremuetan egindako zeharkako epaiek erakusten dute ukitu horiei zegokien pintura bi berniz geruzen artean dagoela kokatuta. [itzuli]
  18. Duret, Histoire d’Édouard Manet et de son oeuvre, 250. or. [itzuli]
  19. Kapelen merkataritzari, kapelei eta horiek XIX. mendearen amaierako artean betetako zereginari buruzko azterketa berri bat dago Simon Kelly eta Esther Bell-en, Susan Hiner eta Françoise Tétart-Vittu et al., Degas, Impressionism, and the Paris Millinery Trade, kat. esp., Fine Arts Museums of San Francisco– Legion of Honor, San Francisco; DelMonico Books, Munich, 2017. [itzuli]
  20. Ikusi artisten modelo gisa lan egiten zuen emakume motari edo garai horretako pintura frantsesean irudikatuta dauden emakumeei eta prostituzioarekin zuten loturari buruzko azterketa, Nienke Bakker, Isolde Pludermacher, Marie Robert eta Richard Thomson, Splendours and Miseries: Images of Prostitution in France, 1850–1910, erak. kat., Musée d’Orsay eta Flammarion, Paris, 2015, eta Hollis Clayson, Painted Love: Prostitution in French Art of the Impressionist Era, Yale University Press, New Haven eta Londres, 1991. [itzuli]
  21. Margolanaren bazterretan ondoz ondo egindako zeharkako bi sekziok erakusten dute berniza dagoela. Zehazki, bazterreko paper marroiko zerrendaren azpitik hartutako laginean berniz geruza fin bat ikusten da, eta bazterretik hurbil dagoen ondoko eremu baten bigarren adibidean, bazterreko paper marroiko zerrendak estali gabean, berniz geruza lodi bat dago. Aurkikuntza horiek agerian uzten dute berniz geruza lodiena bazterrean paper marroiko zinta itsatsi eta gero aplikatu zela, zinta hori berrehundu ondoren eta mihisea euskarriaren gainean jarri ondoren jarri zelako. [itzuli]
  22. Py-GC-MS azterketak Federica Pozzik egin zituen, Metropolitan Museum of Art. Olio eta Pinaceae familiako diterpenoide naturaleko erretxinaren nahasketa batez osatuta zegoen berniza. [itzuli]
  23. Guggenheimen ezabatu ziren egilearen hil ondorengo gehikuntzen adibideetako batzuk modeloaren eskuineko eskuari, eskularrua duenari, eta atzealdeko hostotzaren zenbait xehetasuni egindako aldaketak dira. Ukitu horiek ezabatu zirenean, Maneten jatorrizko lanaren garrantzizko pasarteak aurkitu ziren. Erantsitako pintzelkaden azpian garrantzizko ezer ez zegoen puntuetan baino ez ziren ukituak bere horretan utzi, haiekin ez baitzen ezer irabazten. Gordetako eremu soiletan aplikatutako pintura kenduz gero, oso zaila izateaz gainera, eta ezinbestekoa zen­baitean, akitu itxurako guneak sortuko lirateke eta ez litzateke berreskuratuko Manetek utzitako hondo garbi eta ukitu gabea. [itzuli]

PDF-a JAITSI