Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Wang Xingwei

Philip Tinari

Izenburua:
Wang Xingwei
Egilea:
Philip Tinari
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artea eta ekonomia | Artea eta gizartea | Artea eta kultura | Artea eta umorea
Mugimendu artistikoak:
Arte Figuratiboa
Teknikak:
Olio-pintura
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Wang, Xingwei

10 Pekin Berria (New Beijng), 2001
Olio-pintura mihise gainean, 200 × 300 cm. M+ Sigg Bilduma, Hong Kong, Dohaintza

 

Wang Xingwei barne hartzen duen pintore figuratiboen belaunaldiak bide bat aurkitu zuen Txinako arte-akademietan ikasitako errealismo errutinarioa gainditzeko; Mendebaldeko artearen historia aztertuz eta, geroago, bereganatuz menderatu zuten errealismo hori. Lehen koadroak 1990eko hamarkadan pintatu zituen Wangek, eta gizonezko irudi bakarti bat irudikatu ohi dute, artistaren gorpuzkera eta altuera berekoa gutxi asko, kanonetik zuzenean hartutako eszena eta erreferentzietan murgildua dagoena. Koadro batean, Duchamp-en Étant donnés (1946–66) koadroko egurrezko ateko sarrailaren zulotik begira dago irudi hori, Andy Warhol-ek eta Joseph Beuys-ek, poliziaz jantzirik biak, zelatatzen duten bitartean. Beste batean, zutik dago Caspar David Friedrich-en Laino itsasoaren gainean alderrai (ca. 1817) obrari lapurtutako paisaia baten gorenean. Ondorengo urteetan, Wangek aldatu egin zituen zuzeneko erreferentzia haiek guztiak eta berak asmaturiko pertsonaia sorta bat ipini zuen, amultsutasunez eta umorez seinalatuz bere begien aurrean gertatzen ari ziren aldaketa kulturalak eta komertzialak. Sarritan agertzen dira haren lanetan hegazkineko laguntzaileak, sandia-sailak, golf-jokalariak, marinelak, erizainak eta pinguinoak, baita beste irudi batzuk ere, definitu gabeak, garai hartan Wang lan osagarri gisa diseinatzen ari zen pulp nobelen azaletako ilustrazio izengabeetatik ateratakoak. Obra-sail hau Pekinen aurkeztu zen aurrenekoz, China Art Archives and Warehouse galerian, zeina elkarrekin fundatu baitzuten Ai Weiwei artistak eta Hans van Dijk holandar komisarioak; bi artistaren lanak ikusgai ezarri ziren erakusketan: Wang eta bera baino zaharragoa Chen Danqing margolaria.

Erakusketa hau 2001eko irailean inauguratu zen, hain zuzen ere arrandia handiz jakinarazi zenean Pekin hautatu zutela 2008ko Udako Olinpiar Jokoetako egoitza gisa. (Beste hautagaitza bat izan zen lehenago, 1993an, baina ez zuten onartu, gehienbat Txina nazioartean bakartua geratu zelako Tiananmengo errepresio-neurrien ondorioz, eta uko hark nazio osoa goibeldu eta kontzientzia-azterketa nazional bat eragin zuen). Goizaldera arte luzatu zen bilera batekin ospatu zen hautaketa Tiananmengo plazan, eta udalaren propaganda-olde alai bat ekarri zuen, “Pekin Berria, Olinpiar Joko handiak” esloganaren pean. Associated Press agentziaren argazkilaria zen Liu Heung Shing-ek 1989ko ekainaren 4an hartutako argazki batean oinarritzen da, ordea, Wang Xingweiren Pekin Berria (2001). Argazkian bi manifestari ikusten dira, odoletan biak, garai hartan hirian mugitzeko ohiko garraioa zen triziklo baten eserlekuan buruz gora etzanda, gertalekutik bizkor ateratzen dituzten artean. Ez dakigu hilik edo bizirik dauden, baina irudiak iradokitzen digu trizikloaren jabea den langilea bere segurtasuna arriskuan jartzen ari dela eroritako ikasleei laguntzeko: Maok aldarrikatzen zuen proletarioen eta intelektualen arteko batasun motaren adierazpen zehatza da, eta 1989ko buruzagiak guztiz ikaratzen zituen batasun horrek. Wangek zehaztasunez bereganatu ditu Liuren irudiko mozketa, koloreak eta konposizioa, baina bi enperadore-pinguino zauritu ipini ditu jatorrizko giza biktima zaurituen lekuan. Bizitza horiek arinkeriaz hartuz egileak ageri duen umore anbiguo eta errespetugabeak —Txinan berez ez dagoen, eta hortaz, bere inkongruentzia bera baino harantzagoko konnotazio semiotiko eta kulturalik ez duen animalia bat ipiniz ikasle bakoitzaren lekuan— kontraste bizia eragiten du Txinan oraindik ere guztiz debekatua dagoen argazki batean atzemandako errealitatearekin. (Hamabost urte geroago, koadro hauxe agertu zen Right Is Wrong: Four Decades of Chinese Art from the M+ Sigg Collection (Zuzena okerra da: arte txinatarreko lau hamarkada M+ Sigg Bilduman) izeneko nazioarteko erakusketa ibiltarian; alabaina, erakusketa Hong Kongera ailegatu zenean, beste izen bat ipini zioten erakusketari berari, eta azal berria katalogoari). Olinpiar Jokoen apustuak optimismo berri bat zabaldu zuen arren, itxura guztien arabera Txina etorkizun irekiago eta demokratikoago baten alde zihoalako zentzuan, Wangen artelaneko justaposizio iragarle eta etsiak “Pekin Berria” ez zela azken batean askorik aldatu iradokitzen du. —PT [Philip Tinari]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Erakusketen historia hautatua

2001: Still Paint—Wang Xingwei & Chen Danqing, China Art Archives and Warehouse, Pekin. 2005: Mahjong: Contemporary Chinese Art from the Sigg Collection, Kunstmuseum, Berna. 2014: Right Is Wrong: Four Decades of Chinese Art from the M+ Sigg Collection, Bildmuseet, Umeåko Unibertsitatea, Suedia; 2016an toki hauetara eraman zuten erakusketa: The Whitworth, Manchester University (The M+ Sigg Collection: Chinese Art from the 1970s to Now izenarekin), eta ArtisTree, Hong Kong (M+ Sigg Collection: Four Decades of Chinese Contemporary Art izenarekin)

 

PDF-a JAITSI