Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Chen Zhen

Lu Mingjun

Izenburua:
Chen Zhen
Egilea:
Lu Mingjun
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artea eta identitatea | Artea eta politika | Ekonomia | Kultura eta globalizazioa
Artelan motak:
Instalazioa
Aipatutako artistak:
Chen, Zhen

38 Bat-bateko erditzea (Precipitous Parturition), 1999
Bizikleta-gurpilen kautxozko kamerak, aluminio eta plastikozko jostailuzko autoak, metala, bizikleta-zatiak, silikona eta pintura, luzera: 20 m inguru, diametroa: 150 cm inguru. Pinault Collection

 

Chen Zhen 1955ean jaio zen Shanghain, 1986an Parisera joan zen, eta hantxe bizi izan zen 2000an gazterik hil zen arte. Haren artegintza guztiz lotua egon zen bere identitatearekin eta bi kulturen eta bi denborazkotasunen arteko bizi-esperientziarekin, jatorri txinatarra izan baina Parisen egoitza zuen artista gisa: Chenek “transesperientzia” deitzen zion egoera hari. Haren obrak berebat miatzen ditu eskualdeko politika-egituren konplexutasun eta aldaketak, baita identifikazio kulturalaren prozesua ere, bereziki testuingu sozial errepresiboen esparruan, abiada handiko globalizazio delarik atze-oihala.

Bat-bateko erditzea obra 1999an sortu zen, eta ideia atzera Txinara egindako bidaia batean bururatu zitzaion artistari. Bidaia hartan, Chenek iragarki harrigarri bat ikusi zuen ezustean, honela zioena: “2000. urterako, ehun mila lagunek beren auto propioa izango dute. Parte har ezazu Txinako automobilaren industriaren lehian!”. Bat-bateko erditzea “dragoi” bat da, 20 metroko luzera duena, airean eskegitako bizikleta-gurpilen kamerez osatua, eta haren gorputzak oinaze handiak pairatzen ditu ezin konta ahala auto txiki beltz erditzeko kontrakzioetan, sekulako autoak baitabiltza piztiaren sabelean, birus baten moduan. Erditzearen kontrakzioek “munduaren amaiera” hurbiltzen ari delako irudipena eragiten dute, eta aldi berean gogorarazten digute dragoi erraldoi hau ez dela gauza izango produkzio eta erreprodukzioko erritmo zorabiagarria jasateko1. Artistak material gisa bizikleta hautatzea, jakina, bizikletaren beraren ezaugarrien ondoriozkoa da, baita artelanaren eskakizun formalen ondoriozkoa ere. Zenbait hamarkadatan, bizikleta izan da hiri txinatarretan ibilgailu nagusia, eta Txina modernoaren ikurtzat hartzen da.

Era berean, azpimarratzea komeni da, Chen artelan hau pentsatzen eta eraikitzen ari zenean, unerik garrantzitsuenetan zeudela Txinaren eta Munduko Merkataritza Erakundearen arteko harremanak. Erakunde hartan sartzeak esan nahi zuen Txina are gehiago murgilduko zela merkataritzaren sistema globalean. (“Parte har ezazu Txinako automobilaren industriaren lehian!”). Horri eransten bazaizkio bukatu berri zen Gerra hotzaren itzalak, hantxe baitzeuden oraindik, esan daiteke aurrekaririk gabeko konplexutasuna zuela nazioarteko egoera politikoak. Hala bada, Chenen Bat-bateko erditzea obrak, Txinako krisiari ez ezik, neurri handiagoko krisi global bati egiten dio erreferentzia. “Dragoi” honek, Txina aztoratu bat islatzeaz gainera, orobat islatzen du sistema kapitalista globalean dagoen egonezina. —LMJ [Lu Mingjun]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Xu Min, “Shuangchong chuzou: Lishan guanjing—fanxiang congyi” [Irteera bikoitza: mendia utzi paisaia ikusteko – Etxera itzuli artean aritzeko], hemen: Haiwai huaren yishujia tanyi congshu: Chen Zhen, Xu Min (arg.), Changchun: Jilin Fine Arts Press, 2006, 110 or. [itzuli]

Erakusketa hautatuak

1999: Cities on the Move 4: The Asian City of the 90s, Louisiana Museum of Modern Art, Humlebæk, Danimarka; 2000n toki hauetara eraman zuten erakusketa: Hayward Gallery, Londres (Cities on the Move 5: Urban Chaos and Global Change; East Asian Art, Architecture and Film Now tituluarekin); eta Kiasma, Helsinki (Cities on the Move 7 tituluarekin). 2002: Busan-go Bienala: Culture Meets Culture. 2003: Chen Zhen: Silence sonore, Palais de Tokyo, Paris. 2015: Chen Zhen: Without Going to New York and Paris, Life Could Be Internationalized, Rockbund Art Museum, Shanghai

PDF-a JAITSI