Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Zheng Guogu

Xiaorui Zhu-Nowell

Izenburua:
Zheng Guogu
Egilea:
Xiaorui Zhu-Nowell
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artea eta politika | Utopia | Kultura eta globalizazioa | Boterea
Aipatutako artistak:
Zheng, Guogu

110 Inperioen aroa (Age of Empires), 2001– ; izenburu berria: Liao lorategia (Liao Garden), 2012an
Landa-garapeneko proiektua Yangjiang-en inguruetan, Guangdong probintzia

 

2005ean, Zheng Guogu Inperioen aroa (Age of Empires) hasi zen eraikitzen, arkitektura-multzo ikaragarri bat landaren eta hiriaren arteko mugan, Yangjiang-en, Guangdong probintziako kostaldeko hiri txiki batean. Proiektua 2001ean sortu zen, artistak bertakoei urbanizatu gabeko sail handi bat (5.000 metro karratu) erosi zienean, lege-transakzio badaezpadakoak eginez hartarako. Orube hartan, bere “inperio” propioa hasi zen Zheng eraikitzen, diseinu, bir-diseinu eta eraikuntzako prozesu etengabe baten bitartez. Jatorrizko egitura egin zenetik, Inperioen aroa gogotik hazi da, 400.000 metro karratutik gorako (40 hektarea gutxi gorabehera) lurrak hartzen dituen urbanizazio handi bat bihurtu den arte; hainbat eraikin dira, handiak, era askotako diseinu ezohikoak dituztenak, eta erdiko lorategi handi bat zeharkatzen duen kanal-sistema baten bitartez daude loturik.

Proiektu handinahi horren izenburua eta inspirazioaren parte handi bat Age of Empires online-jokotik dator, zeina aurrenekoz 1997an zabaldu baitzen. Estrategiako bideo-jokoen erara —jokalari asko, den­bora errealean gertatzen diren jokoak eta gertaera historikoetan oinarriturikoak izaten dira—, joko horrek ere jokalarien eskuetan jartzen du historiaren patua, inperioak eraiki behar baitituzte eta aurrerapen teknologiko eta sozialaren mailak igo, bizirik jarraitu eta aurrera egin ahal izateko. Inperioak eraikitzeko jokoek, Age of Empires honek bezala, egitura koherente batez hornitu nahi du gainerakoan elkarrekin loturarik ez duten gertaeren mundu bat dirudien hori.

Jokoak bezala, Zhengen egiazko bizitzako “inperio” egiturak zentralizazio- eta anarkia-konbinazio konplexu bat hartzen du. Bere formarik libreenean, mikro-utopia bat da Inperioen aroa, eta esparru sozial osoko diseinatzaile-burua eta arkitektoa izatera jolas liteke Zheng hartan: egoitza-eraikinetan, paisaia-alorretan eta hainbat espazio sozialetan, nola diren te-etxe bat, ostatu bat, laneko eremu bat eta arte-estudio bat; denek dauzkate diseinu bitxi eta esperimentalak, Zhengek asmatuak. Artista nahiz artista ez direnei gonbita luzatzen zaie bertan bildu eta nahi dutena sortzeko, artearen izenean edo ez, ez baitago ez agindu ez jarraibide artistiko ofizialik. Inperioen aroa utopia bizidun bat eraikitzeko eginahal guztiz berezia da, eta, aldi berean, ondorengo proiektuetarako probaleku dinamiko eta malgua (besteak beste, Zheng 2002an fundatzaile-kidea izan zen Yangjiang Taldea proiekturako).

Yangjiang hiriaren baldintza bereziek eginkizun garrantzitsua bete dute Zhengen esperimentu bitxi eta anarkikoei laguntzeko orduan. Yangjiang, Txinaren hegoaldeko “bigarren edo hirugarren kategoriako” hiririk gehienak bezala, landa-hiriaren arteko trantsizioan dago murgildua, eta prozesu horrek berez dakar kaosa. Alabaina, proiektu horren nolakotasun utopikoa eta “salbuespenezkoa” ez da arazoetatik libre gertatu; lehen unetik bertatik aurre egin behar izan dio Zhengek Estatuaren burokraziari. Lege-estatus anbiguoa duela-eta, Inperioen aroa etengabe dago mehatxupean, behera botako ote duten udaletxeko nahiz probintziako agintariek. Araudiei eta legearen aplikazioari aurre egiteko helburuaz, eta proiektuarekin aurrera egiteko, bertako funtzionarioekin, nekazariekin eta beste talde eraginkorrekin negoziatuz, baita haiek erosiz ere, saihesten ditu Zhengek prozedura burokratikoak.

Inperioen aroa ez da gobernu lokalaren arauei aurre egiten dien Zhengen lehen proiektua. Haren obraren parte handi batek anarkiaren boterea neurri burokratikoen bitartez. Lehenagoko proiektu baterako —Zazpi apartamentu (Seven Condos, 2001–05)—, zazpi apartamentu erosi zituen Zhengek Yangjiangen, birgaitu egin zituen, baimenik gabe, eta hiru solairuko etxebizitza indibidual handi bat egin zuen, “espazio publikoaren bizkarroia izango zen egitura pribatua” bihurtzeko asmoarekin1. Nola lehen apartamentu-multzoak ez zuen inoiz lizentzia ofizialik izan, Zhengek esaten zuen proiektu hori “legez kanpoko eraikuntza bat [zela] legez kanpoko eraikuntza baten barruan”2. Proiektu hartantxe saihestu zuen legea aurrenekoz, bertako funtzionarioekin negoziatuz bere helburua lortzeko. Indarrean diren neurriei eta arautegi lokalei itzuri egiteko moduak aurkituz, Zhengek arbuiatu egiten du gogo-molde burokratikoaren logika, eta agerian jartzen du zeinen urruti dagoen hark ustez omen daukan eraginkortasun arrazionalaren gauzatzetik. Burokraziak huts egin dezakeela frogatuta, Zhengen proiektuek Estatuaren boterearen nolakotasuna eta eraginkortasuna bera gezurtatzen dute, horrek neurri burokratikoetara jotzen baitu bere erabakien aplikazioaren oinarri nagusia direlakoan. —XZN [Xiaorui Zhu-Nowell]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Hu Fang (arg.), Zheng Guogu: Jumping out of Three Dimensions, Staying outside Five Elements/Tiaochu sanjiewai buzai wuxingzhong, Vitamin Creative Space, Guangzhou, 2007, orririk gabe [itzuli]
  2. Zheng Guogu, egilearekin elkarrizketan, 2017ko maiatza [itzuli]

PDF-a JAITSI