Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Song Dong

Lu Mingjun

Izenburua:
Song Dong
Egilea:
Lu Mingjun
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artea eta denbora | Artea eta espazioa | Budismoa | Natura | Dualtasuna
Artelan motak:
Inprimaketa
Aipatutako artistak:
Song, Dong

82 Urari zigiluak jartzen (Stamping the Water), 1996
Koloretako 36 inprimaketa, bakoitza 61 × 40 cm. The Metropolitan Museum of Art, New York, Cynthia Hazen Polsky-k agindutako dohaintza

 

1996an, Song Dong-ek Uren zaindariak: urarekin loturiko arte publikoa (Keepers of the Waters: Public Art concerning Water) ekitaldi artistikoan parte hartu zuen, Lhasa-n, Tíbeten; hain zuzen ere, Urari zigiluak jartzen obra interpretatu zuen han. Ordubetez egon zen Lhasa ibaiko ur izoztuetan eserita, eta, “ura” adierazten duen ideograma grabaturik zuen egurrezko bloke bat eskuetan zuela, ur-lasterraren gainazala kolpatu zuen behin eta berriz.

Ibai zabal haren gainazala geldirik zegoela zirudien arren, etengabe isurtzen zen ura benetan. Historikoki, objektu bat zigilatzeak haren jabetza aldarrikatzea adierazi izan du, eta estatusaren eta betierekotasunaren sinboloa izan da zigilua. Itxura batean, Song-en ura zigilatzeko ekintzak ez du arrastorik utzi, esanahirik gabeko ekintza bat izan da; baina, artistaren aburuz, arrastoa ez da desagertu, beste toki batera isuri da, besterik gabe. Ez dirudi zigilatze-ekintza batetik bestera inolako aldaketarik dagoenik, baina, izatez, gizakiaren eta naturaren arteko fusio berezi bat sortzen dute aldiko. Artistak toki berean dirau, baina uraren eta denboraren joanak aldatu egin du espazioa, aldatu egin du materiala, aldatu egin ditu gure gorputzak eta gure pertzepzioa. Zen estiloan apropos egindako ekintza horren bidez, substantziaren eta hutsaren, jarraikortasunaren eta aldaketaren gai budista betierekoak berrinterpretatu ditu artistak.

Lhasako Uraren zaindariak ekimena Betsy Damon estatubatuar artista eta ekintzaileak antolatu zuen, proiektu artistiko eta ekologiko zabalago baten baitan. Ekimenaren xedea zen artisten jardueren bidez naturarekiko errespetua eta ingurumenari buruzko kontzientzia sustatzea jendearengan. Song Dong-en performanceak, ordea, pentsamolde kulturalaren dimentsio sakonago eta unibertsalago batera garamatza. “Bost fase” tradizionaletako bat den heinean (wu xing; metala, egurra, ura, sua eta lurra), ura da oinarrizko elementuetako bat, hainbat gauza infinituren osagaia, txinatar kultura eta pentsamendu tradizionalarena eta mikrokosmosarena bezala. Lao Tsek esan bezala: “Ondasun gorena da ura. Urak dakarkie onura hamar mila gauzei, eta, aldiz, ez dihardu haiekin lehian”. Kasu honetan, bertutea irudikatzen du urak, “ontasun” sublimea. Jakina, arrazoi horrexegatik esku hartu zuen Song-ek ekimen haren barruan Datong Dazhang-ek egindako Arima askatuz (Gurutzatuz) [Soul-Releasing (Crossing)] performancean, zeinetan arkume baten sakrifizio errituala egin zen: Song-ek animaliaren salbazioa defendatu zuen, arrakastaz defendatu ere, ontasun sakona erakutsiz. —LMJ [Lu Mingjun]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Erakusketa hautatuak

1996: Uren zaindariak: urarekin loturiko arte publikoa (Keepers of the Waters: Public Art concerning Water), Lhasa, Tibet. 1998: Inside Out: New Chinese Art, Asia Society Galleries, New York, eta P.S.1 Contemporary Art Center, Long Island City, New York. 2001ean, toki hauetan izan zen: San Francisco Museum of Modern Art eta San Frantziskoko Asian Art Museum; Museo de Arte Contemporáneo de Monterrey, Mexiko; Tacoma Art Museum, Washington, eta Henry Art Gallery, Seattle; National Gallery of Australia, Canberra; eta Hong Kongeko Arte Museoa. 2002: Asia Pazifikoa Trienala, Queensland Art Gallery, Brisbane. 2004: Song Dong: Water Works, Chinese Arts Centre, Manchester. 2010: The River Project, Campbelltown Arts Centre, Sydney. 2013: Ink Art: Past as Present in Contemporary China, The Metropolitan Museum of Art, New York. 2015: Song Dong: Life Is Art, Art Is Life, Groninger Museum, Herbehereak. Song Dong, Düsseldorfeko Kunsthalle

PDF-a JAITSI