Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Xu Zhen

Lu Mingjun

Izenburua:
Xu Zhen
Egilea:
Lu Mingjun
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Giza gorputza | Artea eta gizartea | Artea. Merkatua | Zentsura | Boterea
Artelan motak:
Bideoartea | Performance
Aipatutako artistak:
Xu, Zhen

74 Ortzadarra (Rainbow), 1998
Koloretako bideoa, soinuduna, 3 min 12 s. Cc Foundation

 

1990eko hamarkadaren amaiera aldean, Pekin, Shanghai eta Guangzhoun bizi ziren artista gazteetako bat zen Xu Zhen, artearen panorama aldatzen ari zen belaunaldikoa. 1999ko bi erakusketek definitu zituzten haien sentsibilitate zabaltzen hasi berriak: Post-Sense Sensibility: Alien Bodies and Delusion (Sentsazioaren ondorengo sentiberatasuna: gorputz arrotzak eta eldarnioa) eta Art for Sale (Artea salgai) (Xu erakusketa haren antolatzaileetako bat izan zen). Erakusketak Pekinen eta Shanghain inauguratu ziren hurrenez hurren, eta nolabait ere agerian jarri zituzten bi hiri haien arteko eskualde-diferentziak: Pekingo arteak ideologiaren eta kontaketa zabalen aldera egiten zuen, eta Shanghaikoak, berriz, esperientzia indibiduala eta eguneroko bizitza lehenesten zituen. Baina garai hartan Txina trantsizio-aldi guztiz garrantzitsu batean zegoenez gero, nazio osoan zabaltzen ziren ideia-oldeekin, ezkerraren eta eskuinaren arteko eztabaida amaigabeekin, eta “klandestinitate” edo “erdiklandestinitate” egoeran zegoen arte garaikidearekin, artista gazte haietako asko sentiberagoak bihurtu ziren gorputzean gertatzen ziren aldaketekin, agintearekiko eta eguneroko bizimoduarekiko erlazioekin, eta hark guztiak haien auto-antolamendua bultzatzen ere laguntzen zuen. Giro hartan sortu zituen Xu Zhenek Ortzadarra performance eta bideoa.

Ortzadarra egilearen hirugarren bideo-lana izan zen, eta 1998an egin zen, artistak hogeita bat urterekin Shanghain bizi zenean. Haren aurretik beste bi egin zituen: Ez naiz ezer eskatzen ari (I’m Not Asking for Anything), non Xuk katu hil bat lurrera botatzen baitu behin eta berriz, bera leher eginda gelditu arte; eta Garrasia (Shout), zeinean artista, Shanghaiko auzo jendetsuenetako batean dagoen Huaihai kalera joan eta garrasika hasten baita bat-batean, inguruko guziak begiratzera jiraraziz (biak dira 1998koak). Berez, artistak berak izan behar zuen Garrasia lanaren ardatza, baina bere burua kalean ikusi zuenean, erabaki zuen jendetzaren erreakzioa grabatuko zuela oroz gain. Xuren Ortzadarra ere soila da ideiari dagokionez, eta gordina bitartekoetan; obra honetan artistaren bizkar biluziaren irudi finko bat ageri da, eta pare bat esku ikusezinek behin eta berriz jotzen duten artean. Artistaren gorputzaren zeharkako zati bat besterik ez da ikusten, astindu bat entzuten den aldiro bihurritzen dena, eta markak gero eta gorriagoa dagoen larruazalean geratzen dira. Bideoaren aurreko bertsio batean eskuak ikusten baziren ere, Xuk ezabatu egin zituen azken bertsioan, eta hartara ekintza bortitz bat haren absentziaren beraren agerpen bihurtu zen, gorputzaren poesia antzeko bat. Hiru bideo-obra labur horiek nahiko zozoak eta aspergarriak dira, eta deskribatzen duten existentziaren egintza indibidualen hutsalkeria igortzen dute. Artistaren inhibizioaren, hutsaren, deserosotasunaren, oldarraren, katarsiaren bidez, baita bere buruari emandako tratu txarren bidez ere, Xuren asegabetasunari antzematen diogu inguratzen duen ordenaren aurrean, baita bere buruaren aurrean ere, eta artista haien guztien kontra nola altxatzen den ikus dezakegu.

Xurentzat, Ortzadarra aldi berean da sintoma fisikoa nola espirituala. 1990eko hamarkadaren amaierako testuinguru guztiz berezian, “esku ikusezinak” eginkizun alegorikoa betetzen du, et artistaren nolakotasunari ez ezik, baita harrimen unibertsal zabalago bati ere erreferentzia egiten dio. Txinak globalizazioaren barruan duen egoerara ere zabaldu daiteke metafora. Hamar urte geroago, Xuk MadeIn Company fundatu zuen, eta enpresaren antolamendu-eredua artistaren artegintzaren parte izatera igaro zen. Oinarri haren gainean, berriz ere analizatu zuen artistak artearen eta kapitalaren arteko erlazioa, planteamendu sistematiko bat hartuz artearen sisteman inplikatzeko, baita gizarte osoaren sisteman inplikatzeko ere —guztiz kapitalizatua egotera heldu baitzen—, azken horren kritika bat aurkezteko bide gisa, batak bestea bereganatzeko prozesuan. Horren ondoren, berehala etorri zen “Xu Zhen Marka” izenekoaren sorrera, zeinak “Xu Zhen” markaren sormena eta ahalmena sustatzen baitzuen gizabanako gisa, eta berriz ere azpimarratzen zuen artearen eta merkataritzaren arteko erlazioa, aldi berean areago sustatzen zituela artearen kontsumo-ondasunen ezaugarriak, baita artearen interferentzia eta kritikarako ahalmena ere. Hizkuntza-sistema berri horren baitan, Ortzadarra aldi berean da artea eta produktua. Bertsio guztiak batera aurkeztu zirenean 2015ean museo-espazio batean, Ortzadarra bideoak ez ezik, sistema honek osorik funtzionatu zuen Txinako gizarte-aldaketen adierazlerik egiazkoena zelakoan. —LMJ [Lu Mingjun]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Erakusketa hautatuak

1999: Art for Sale, Shanghai Square, Shanghai. 2001: Veneziako Bienala: Plateau of Humankind. 2004: Between Past and Future: New Photography and Video from China, International Center of Photography, New York; 2006an toki hauetara eraman zuten erakusketa: Smart Museum of Art, University of Chicago, eta Museum of Contemporary Art Chicago; Seattle Art Museum; Victoria and Albert Museum, Londres; eta Haus der Kulturen der Welt, Berlin. 2006: The Thirteen: Chinese Video Now, P.S.1 Contemporary Art Center, Long Island City, New York. 2009: Shanghai Kino, Bernako Kunstmuseum. History in the Making: Shanghai 1979–2009, 436 Jumen Road, Shanghai. 2014: Xu Zhen: A MadeIn Company Production, Ullens Center for Contemporary Art, Pekin. 2015: Corporate: Xu Zhen (MadeIn Company-k produzitua), Kunsthauz Graz, Austria. 2016: M+ Sigg Collection: Forty Years of Contemporary Chinese Art, ArtisTree, Hong Kong.

PDF-a JAITSI