Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Cities on the Move

Anthony Yung eta Jane Debevoise

Izenburua:
Cities on the Move
Egilea:
Anthony Yung eta Jane Debevoise
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artea eta ekonomia | Artea eta gizartea | Erakusketak | Erbestea | Ingurunea
Mugimendu artistikoak:
Arte Kontzeptuala
Artelan motak:
Instalazioa
Aipatutako artistak:
Cai, Guo-Qiang | Chen, Zhen | Chen, Shaoxiong | Geng, Jianyi | Huang, Yong Ping | Liang, Juhui | Lin, Yilin | Pau, Ellen | Shen, Yuan | Wang, Jianwei | Xu, Tan | Yin, Xiuzhen | Zhang, Peili | Zheng, Guogu | Zhou, Tiehai | Zhu, Jia

Secession, Viena, 1997ko azaroak 26–1998ko urtarrilak 18

Beste egoitzak: CAPC–Musée d’art contemporain de Bordeaux (1998ko ekainaren 4tik abuztuaren 30era); P.S.1 Contemporary Art Center, Long Island City, New York (1998ko urriaren 18tik 1999ko urtarrilaren 17ra); Louisiana Museum of Modern Art, Humlebæk, Danimarka (1999ko urtarrilaren 22tik apirilaren 21era); Hayward Gallery, Londres (1999ko maiatzaren 13tik ekainaren 27ra); Bangkok, hainbat lekutan (1999ko irailaren 9tik urriaren 30era); eta Arte Garaikideko Kiasma Museoa, Helsinki (1999ko azaroaren 6tik 2000ko urtarrilaren 9ra)

Artistak: egoitzaren arabera aldatzen ziren: Cai Guo-Qiang, Chen Shaoxiong, Chen Zhen, Geng Jianyi, Huang Yong Ping, Liang Juhui, Lin Yilin, Ellen Pau, Shen Yuan, Shi Yong, Wang Du, Wang Jianwei, Xu Tan, Yin Xiuzhen, Zhan Wang, Zhang Peili, Zheng Guogu, Zhou Tiehai eta Zhu Jia

Komisarioak: Hou Hanru eta Hans Ulrich Obrist

Antolatzailea: Sezesioa, Viena, eta CAPC–Musée d’art contemporain de Bordeaux

Argitalpena: Cities on the Move, Hatje Cantz, Ostfildern, Alemania, 1997, Hou Hanru eta Hans Ulrich Obrist-en argit., 451 orri; ingelesez, banakako katalogoekin edo zegokion egoitzarako argitaraturiko foiletoekin

 

1980ko eta 1990eko hamarkadak, Txinan, hazkunde ekonomiko bizkorreko eta emigrazio masiboko aldia izan ziren, landaldeko probintzietatik milioika nekazarik alde egin baitzuten hiriguneetan lan egiteko. Garapen sozioekonomiko bizkor horrek oso azkar aldatu zituen Pekin, Guangzhou eta Shanghai, eta kontrolik gabe hazi ziren metropoliak bihurtu ziren; haien ondotik, beste horrenbeste gertatu zen Hong Kongen, Taiwanen, Ozeano Bareko kostalde osoan eta Asiako hego-ekialdean. Eremu Ekonomiko Berezi batzuetan, Shenzhenen esate baterako, hiri osoak eraiki ziren lehen arroz-saila besterik izan ez zen tokietan, eta ezin sinetsizko abiadan. Indar eta bultzada, nahasmendu eta lekualdaketako aldi hartan sortu ziren “kasualitateen, akzidenteen eta inperfekzioen erabilera abantailatsuarekin” txundituta, Rem Koolhaas-ek “Berealdiko Diferentzien Hiriak” izendatu zituen mugimendu haren ondorioz sortu ziren hiri-komunitateak1.

Bere mendeurrena ospatu behar zuela-eta, Vienako Sezesioak Hans Ulrich Obrist gonbidatu zuenean Asiari buruzko erakusketa bat antolatzera, hark eta haren lankide Hou Hanru arte-komisarioak fenomeno hori bera landu zuten bereziki: eskualde jakin batean lan egiten zuten artisten eta arkitektoen esperientzia definitzen zuten eta beren sormena garatzera zeramaten baldintzak definitzen zituzten asiar hiriena. Antolatu zen erakusketak ez ezik, katalogoak ere islatzen zituen komisarioek miresten zituzten jarduera behin-behineko eta inprobisatuak. Proposamenak aurkeztera gonbidaturiko artista, diseinatzaile eta arkitektoetatik, hogeita zortzi aukeratu zituzten, eta haien zirriborroak, argazkiak eta gutunak —asko eta asko postaz edo telefax-ez bidaliak— bizkor-bizkor inprimatu ziren zuri-beltzean eta 451 orriko ale batean pilatu ziren, koaderno moduan.

Instalazioa bera ere aski inprobisatua gertatu zen. Yung Ho Chang arkitektoak metalezko aldamioak jaso zituen, eraikuntza-lanetan erabiltzen direnen tankerakoak, erakusketa aldi bateko espazioetan zatitzeko, eta haietan artista asko elkartzen ziren beren obra sortu eta erakusgai jartzeko. Obristek azaldu zuen bezala, “erakusketak ez zuen hiri bat erakusgai jartzeko asmorik; hiri bat izan, eta hiri batek bezala funtzionatu nahi zuen”2. Huang Yong Ping-ek buztinezko dordoka batzuk ipini zituen lurrean, poste metalikoen inguruan; Shen Yuan-ek eskuz egindako misil-jaurtigailuez hornituriko bizikleta batzuk aurkeztu zituen; eta Cai Guo-Qiang-ek putting green aldapatsu bat ipini zuen korridore estu batean, Red Golf deitu zuena, non bolak nekez heltzen baitziren beren helmugara: hainbat bandera nazionalez markaturiko zuloak. Alboko areto batean, Zhou Tiehaik eskuz margoturiko paperez egindako collage bat itsatsi zuen horma batean, poster iraultzaile ikur-handi baten bertsio nahiko zikin baten antzeko samarra, non irakurtzen baitzen: “Shanghai Asia’s Top City of the Future?” (“Shanghai, Asiaren Etorki­zuneko Lehen Hiria?”).

Erakusketa egoitza askotara joan zen, eta aldi bakoitzean aldatu egiten zen, islatzen zuen hiri-esperientziaren arabera, aukera berriak sortuz leku bakoitzari emandako erantzun gisa. New Yorkeko P.S.1 Contemporary Art Center-en (gaur egun MoMA PS1), muga logistikoak zirela-eta, erakusketa, Cai-ren putting green ezinezkoaren eta beste zenbait obrarekin salbuespenarekin, forma birtualean agertu zen gehienbat, bideo eta dokumentazioko proiekzioen bitartez. Bangkoken, erakusketa jaialdi bat izan zen, hainbat eratako emanaldi eta interbentzioekin, eta hiri osoko kokagune askotan egin ziren eskala txikiko erakusketekin.

Kaleko kaosean eratzen den sormen-indarra, geroago, hainbat erakusketatan garatu zuen Hou-k, besteak beste Veneziako 50. Bienalean egin zuen interbentzioan (2003); L.E.–Larrialdi Eremua (Z.O.U.—Zone of Urgency) zuen izena, eta berebat zentratu zen Asiako eta beste eskualdeetako artisten brikolaje-asmamenean3.

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Great Leap Forwarden aipatua, argit. Chuihua Judy Chung, Jeffrey Inaba, Rem Koolhaas eta Sze Tsung Leong, Taschen, Kolonia; Harvard Design School, Cambridge, Massachusetts, 2001, 704. or. [itzuli]
  2. Hans Ulrich Obrist eta Hou Hanru “Cities on the Move”ri buruz hizketan, Kiasma 2, 5. zkia., 1999. [itzuli]
  3. Z.O.U.—Zone of Urgency Veneziako 50. Bienaleko Arsenale sailean egon zen, eta Canton Express Z.O.U.ren azpisail bat izan zen, Librería Borges Arte Garaikideko Institutuaren, Elefante Isats Handia Lantaldearen, Yangjiang taldearen, Vitamin Creative Space-ren eta U-thèque-ren jarduera kolektiboetan zentratu zena. [itzuli]

PDF-a JAITSI