Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Wenda Gu

Stephanie H. Tung

Izenburua:
Wenda Gu
Egilea:
Stephanie H. Tung
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Natura
Mugimendu artistikoak:
Arte Kontzeptuala | Land Art
Artelan motak:
Instalazioa | Pintura
Aipatutako artistak:
Cai, Guo-Qiang | Huang, Yong Ping | Wenda, Gu

81 Urrezko sekzioa duten 36 pigmentu iheskor (36 Vanishing Gold Section Pigments), 1991
Pigmentu minerala 36 zatitan, tinta-zurrustazko inprimaketa, zanga bakoitzaren dimentsioak: 3 m sakon × 150 × 7 m. Artistaren eskaintza

 

1980ko hamarkadan, Wenda Gu ezaguna zen bere Pseudo karaktereak (Pseudo-Characters, 1984–86) tinta lanengatik eta bere instalazioengatik; Wuhan-en 1985ean ospatu zen Invitational Exhibition on New Works of Chinese Painting erakusketan erakutsi zituen lehen aldiz lan haiek. Erakusketa hartan, gaizki idatzitako txinatar karaktere irakurtezinen bidez Gu-k epigrafiaren eta arte kontzeptualaren artean egiten zuen sintesiak zalaparta handia sortu zuen, eta Txinako tintazko pinturaren etorkizunari buruzko eztabaida suspertu1. Ludwig Wittgensteinen eta Bertrand Russellen hizkuntzaren filosofietan oinarri hartuta, honela ondorioztatu zuen Gu-k: “gaizki idatzitako hizkuntzak mundu materialari buruzko gure ezagutzaren esentzia gisa sinbolizatzen du gaizkiulertua”2.

Gu-ren praktikak beste dimentsio bat hartu zuen 1987an, artistak Estatu Batuetara emigratu zuelarik. Han, erabat liluratuta geratu zen Land Art delakoaren diskurtsoarekin, Robert Smithson, Michael Heizer, Nancy Holt, Walter De Maria eta beste artista estatubatuar batzuen lanak ikusita. Parisen kokatutako arte kritikari eta komisario Fei Dawei-k ―Chine demain pour hier (Pourrières, Frantzia, 1990) eta Exceptional Passage: Chinese Avant-Garde Artists Exhibition (Fukuoka, Japonia, 1991)― kanpoaldean eta kokapen zehatzetarako antolatutako bi erakusketek tintazko bere esperimentu semiotikoak alde batera uzteko eta Land Art-eko artista haiei euren hizkuntza monumental bera erabiliz erantzuteko aukera eman zioten Gu-ri.

Nola eragin dezake artista batek mundu naturalean bere jarduera artifizialaren aztarnarik utzi gabe? Forma kolosalak eraiki eta denborarekin nola desegiten diren ikusten geratu ordez, Gu-k bere artelana lurperatzea erabaki zuen, prozesu horrekin halako presentzia iraunkor bat sortuz. Pourrièresen burutu zuen lan batean ―De-Village (1990)―, Guk marmol arrosazko lau bloke erraldoi lurperatu zituen, lau aldetan idatzita hiriarentzat garrantzitsuak ziren datak eta zenbakiak zituztenak. Urrezko sekzioa duten 36 pigmentu iheskor (1991) izeneko lanean, Fukuokan, 150 metroko luzerako zanga bat ireki eta uretan disolbagarria zen kolore gorriko 100 kilo pigmentu mineral barreiatu zituen urrezko sekzioaren proportzioen arabera banatutako hogeita hamasei lauki­zuzenetan. Ondoren, erakusketaren inaugurazio-ekitaldian, lurrez estali zuen zanga. Esku-hartze haien sinbolismoa eta ezinbesteko planifikazio zehatza gorabehera, artelanen aztarna ikusgai guztiak erabat ezabatuta geratu ziren instalazio-prozesuan zehar. Estatu Batuetako Land Arteko artistek naturan lan monumentalak egiteko zuten joerarekin erabateko kontrastean, Gu-k presentzia kontzeptual eta ez-fisiko baten alde egin zuen berariaz. “Kontrastean dago indarra —zioen—. Ez duzu ikusten, baina hor dago beti”3.

Fukukoako Museumn City Projectek finantzatua, Exceptional Passage erakusketak paregabeko aukera eskaini zien bertan parte hartu zuten artista txinatarrei Kashiiko tren geltoki zaharreko maniobra patiora sartzeko eta han dimentsio handiko performance eta instalazioekin esperimentatu ahal izan izateko. Gu-ren Urrezko sekzioa duten 36 pigmentu iheskor lanaren lurperatze isilak harrigarrizko paralelismo bisuala gordetzen zuen Hung Yong Pingen Errepidea (Road, 1991) lanarekin: aldameneko landa zeharkatzen zuen zementu eta hartxintxarrezko bidexka luze eta latz bat; baita Cai Guo-Qiang-en Zeru-lurren neurrigabetasuna: estralurtarrentzako proiektua 11. zkia. (The Immensity of Heaven and Earth: Project for Extraterrestrials No. 11, 1991) leherketa-proiektuarekin ere. Gai argi eta garbi politikoak eta identitarioak saihestuta, Feik kokaleku jakinetarako prestatutako instalazioekin Frantzian eta Japonian antolatu zituen erakusketak garrantzi handiko triangulazio-puntuak izan ziren atzerrian bizi ziren artista txinatarrentzat, norabide eta ikuslego berriak sustatzeko orduan. —ST [Stephanie H. Tung]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. “‘Zhongguo hua chuantong wenti’ xueshu yantaohui, Yangling, Shaanxi” (“Tradizioaren gaia Txinako pinturan” sinposio akademikoa, Yangling-en, Shaanxi), Zhongguo meishubao (Fine Arts in China), 33. zkia., 1986, 1 or. [itzuli]
  2. “Pseudo Languages: A Conversation with Wenda Gu, Xu Bing, and Jonathan Hay,” Art Journal 58, 3. zkia. 1999ko udazkena, 90. or. [itzuli]
  3. Wenda Gu, egilearekin hizketan, 2016ko uztaila. [itzuli]

Erakusketa hautatuak

1991: Exceptional Passage: Chinese Avant-Garde Artists Exhibition, Kashiiko tren-geltoki zaharreko maniobra-patioa, Fukuoka, Japonia

PDF-a JAITSI