Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Liu Xiaodong

Alexandra Munroe

Izenburua:
Liu Xiaodong
Egilea:
Alexandra Munroe
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artea eta politika | Tiananmen plazako protestak | Dualtasuna
Mugimendu artistikoak:
Errealismoa
Teknikak:
Olio-pintura
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Liu, Xiaodong

34 Arratoi bat erretzen (Burning a Rat), 1998
Olio-pintura mihise gainean, 152 × 137 cm. He Juxing-en bilduma

 

Liu Xiaodong-entzat, hain parte garrantzitsua da pintura errealista Txinaren historia modernoan, non Txinari berari eta haren errealitateari uko egitea bailitzateke beste estilo baten alde egin eta hari uko egitea1. 1990ean Pekineko Arte Ederren Akademia Zentralean lehen banakako erakusketa egin zuenetik, Liu pintura-ikuspegi berria osatzen joan zen, pintore errealistari kronista dokumentalaren papera emanez, eta mugimendu berri bat iragarri zuen bere ikaskideen artean —1960ko hamarkadan jaioak ziren denak—, Belaunaldi Berria delako taldekoak guztiak2. Artista haiek ez zituzten onartzen Txinako konbentzionalismo akademikoetan eta propaganda politikoan horren errotuta zeuden errealismo sozialistaren derrigorrezko gaiak eta kontaketa epikoak, eta Tiananmenen ondorengo Txinaren ikuskizun monotonoa deskribatzeko erabili zuten estilo errealista. Fedea galdu zutelarik 85eko Uhin Berriko idealismo abangoardistan, Belaunaldi Berriko artistek xeheki aztertu zuten Li Xianting kritikariak “zentzugabekeriaren zentzua” deitu zuena3. Liuk eguneroko inguruak eta jende arrunta margotzen zituen, baita adiskideak, maitaleak eta lankideak ere; baina eszena guztietan ageri da bortizkeria sozialaren zantzu bat, beti sumatzen dira aldaketa masiboak eragindako dislokazio zorigaiztokoak. “Bizitzan, errealista naiz”, idatzi zuen Liuk 1993ko eragin handiko saiakera batean, errealismoak arte garaikidean duen garrantzia defendatuz. “Errealismoaren alde egiten dut sinetsita nagoelako errealismoak erreferentzia egiten diela dokumentazioari eta berehalakotasunari”4.

Arratoi bat erretzen (1998) obran bi mutil gazte ageri dira, hiri bateko ibai bazterrean denbora-pasa, arratoi bati su ematen eta eguerdiko ganduan nola erretzen den ikusten. Liuren pintura-estilo espresio­nistak New Yorkeko margolari garaikideak gogorarazten ditu, besteak beste Jean-Michel Basquiat, Eric Fischl eta Julian Schnabel, zeinek figurazioa berreskuratu baitzuten 1980ko hamarkadan, haren bidez Reagan-en garaiko bizimodu amerikarraren panorama ilun bat eskaintzeko. Gogoan hartzekoa da Liuren estilo dokumentala, partez, Seigarren Belaunaldia izeneko zinemagile independente txinatarrekin izandako elkarlanetik sortu zela. Yu Hong emaztearekin batera, Wang Xiaoshuai-ren lehen filmaren protagonista izan zen Liu. The Days (Egunak, 1993) zen film hura, eta egileen bizitzan oinarritzen da hartan agertzen diren artista gazte desilusionatuen istorioa; era berean, Zhang Yuan-en Pekingo Kabroiak (Beijing Bastards, 1993) filmaren zuzendari artistikoa izan zen, zeinean kronika ilun bat egiten den nora ezean dabiltzan gazteen azpikulturaz. Liu eta haren belaunaldia, Tiananmen osteko garaian jardun zirelarik, harrapatuta sentitu ziren Estatuak mugimendu demokratikoari egin zion traizioaren eta Mendebaldearen itxurazko axolagabetasunaren artean, eta beren buruari galdetzen zioten egiaz balio ote zezakeen Mendebaldearen historia intelektual modernoak kultura txinatarra erreskatatu eta berregiteko. Ikuspegi espiritualetik noraezean zebiltzala, beren komunitate lokaletako eguneroko errealitateetan begirada trebatuz bilatu zuten kontzientzia morala. Hona nola ikusten duen Ou Ning kritikariak Liuren eta zinemagile independenteen fenomenoaren arteko lotura: “Izan mihise gaineko irudiak, izan filmetako pertsonaiak, denak dira sozializazio eskasa duten taldekoak, eta gizartearen geruzarik baxuenean bizi dira. Errealitate txinatarraren egiazko alderdien kontzentrazioa dira, eta horren aurrean guk dugun erabateko axolagabekeria gogorarazten digute”5. —AM [Alexandra Munroe]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Ikus Alexandra Munroe, “Liu Xiaodong: Evidence”/“Shijian de zhengju”, hemen: Liu Xiaodong: Hometown Boy/Jincheng xiaozi, Jérôme Sans eta Guo Xiaoyan (arg.), erak. kat., Ullens Center for Contemporary Art, Pekin, Shanghai: Shanghai People’s Publishing House, 2010, 16–23 or. [itzuli]
  2. Wang Youshen izan zen New Generation Art erakusketaren komisarioa. Pekineko Arte Museo Nazionalean inauguratu zen 1991ko uztailean, eta hamasei artista aurkeztu zituen, gehienak Pekineko Arte Ederren Akademia Zentralean trebatuak. [itzuli]
  3. Li Xianting, “Apathy and Deconstruction in Post-’89 Art: Analyzing the Trends of ‘Cynical Realism’ and ‘Political Pop’”, hemen: Contemporary Chinese Art: Primary Documents, Kela Shang (itzul.), Wu Hung (arg.) Peggy Wang-ekin elkarlanean, New York: Museum of Modern Art, 2010, 159 or. Jatorrian honela argitaratua: “‘Hou bajiiu’ yishu zhong de wuliaogan he jiegou yishi—‘Wanshi xieshizhuyi’ yu ‘Zhengzhi bopu’ chaoliu xi”, hemen: Yishu chaoliu [Artearen joerak], 1. zkia., 1992. [itzuli]
  4. Hemen aipatua: Ibid., 162 or. Liu-ren “Zunzhong xianshi” (Errealistatea errespetatzea) saiakera hemen azaldu zen: Meishu yanjiu (Fine Arts Research), 3. zkia., 1993. [itzuli]
  5. Ou Ning, “Liu Xiaodong and the Sixth Generation Films”, Yu Hsiao Hwei (itzul.). Jatorrian hemen argitaratua: Liu Xiaodong, Jean Marc Decrop (arg.), Hong Kong: Map Book Publishers, 2006; hemen aipatua: Munroe, “Evidence”, 22 or. [itzuli]

Erakusketa hautatuak

1998: Arte Ederretako Akademia Zentraleko irakasleen erakusketa, CAFAren Arte Museoa, Pekin. 2000: 20th Century Chinese Oil Painting Exhibition, Txinako Arte Museo Nazionala, Pekin; Shanghaiko Arte Museora eraman zuten. 2002: Guangzhouko Trienala: Reinterpretation: A Decade of Experimental Chinese Art (1990–2000), Guangdong-eko Arte Museoa, Guangzhou. 2003: An Opening Era: Celebration of the 40th Anniversary of the Founding of the China National Museum of Fine Arts, Txinako Arte Museo Nazionala, Pekin. 2005: Up and Down the River: A Retrospective Exhibition on New Generation Chinese Oil Painting 1976–2005, Txinako Arte Museo Nazionala, Peking

PDF-a JAITSI