Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Geng Jianyi [I]

Katherine Grube

Izenburua:
Geng Jianyi [I]
Egilea:
Katherine Grube
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artea eta politika | Artea. Merkatua
Artelan motak:
Inprimaketa
Aipatutako artistak:
Geng, Jianyi

14 Inprimakiak eta sinestamenduak (Forms and Certificates), 1988
28 galdetegi inprimatu, tinta, grafito eta zilar-gelatinazko bi kopia itsatsiak (38,7 × 26,9 cm bakoitza)
eta bi txartel inprimatu (12,8 × 25,7 cm bakoitza). Andreas Schmid-en bilduma, Berlin

 

Zhejiang Arte Ederretako Akademiako Olio Pinturako Saileko ikaslea zenean, Hangzhou-n, 1981 eta 1985 bitartean, Geng Jianyi-k berariaz sortu zituen koadro probokatzaile batzuk, ile-apaintzaileak eta bere ikaskideak irudikatuz, kolore lauak, xehetasun guztiz txikiak, pintzelkada arinak eta erregularrak eta giza forma soilduak erabiliz. Geng-ek adierazkortasunik eta emoziorik gabe irudikatzen zituen eguneroko gaiak, eta margotzeko modu hark erronka egiten zien gaien eta formen konbentzio akademikoei; hala, eztabaida handi bat eragin zuen 1985eko karrera-amaierako erakusketan. Geroago, Zhang Peili-rekin 1985ean antolatu zuen ’85 New Space erakusketa berrizalean azaldu zuen Geng-ek bere errebeldia, bai eta Pool Society-ren berariazko kokalekuetarako interbentzioetan. Pool Society artista-talde informal bat zen, leku publikoetan instalazioak eta performanceak egin zituena 1985eko maiatzetik azarora, eta prozesu “inbasibo” bat erabili nahi zuten “esperientzia fisiko zuzenekoa” sortzeko artean eta artean zehar1.

Eguneroko materialen erabilerak usadiozko ordena akademikoari erronka egiteko, Inprimakiak eta sinestamenduak obra sortzera bultzatu zuen Geng (1988); 85eko Uhin Berriaren mugimenduei egindako irain bat zen, haien abangoardiaren eraikuntza-desira gero eta herabeago eta estilizatuagoaren kontra, Geng talde haren kide deserosoa baitzen. Inprimakiak eta sinestamenduak bi partetan egin zen. Aurrenekoan, postaz bidali zitzaien 1988ko Huangshaneko Konferentziako parte hartzaile guztiei. Konferentzia hura Uhin Berriaren artearen atzera begirako erakusketa bat antolatzeko asmoz egin zen eta artista, kritikari eta intelektual asko bildu zituen Pekinen. Parte-hartzaileek gonbidapen-gutun bat jaso zuten, izena emateko inprimaki batekin batera, formatua erakusketa ofizialetan banatzen ziren inprimakien oso antzekoa zuena. Obraren bigarren partea sariak emateko zeremonia bat izan zen, konferentzian ospatu zena, eta hartan Geng-ek parte hartu izanaren sinestamendu bat ematen zion eskaria egindako pertsona bakoitzari. Hogeita hamabi lagunek erantzun zioten Geng-en eskari faltsuari. Asko konturatu ziren doinu satirikoaz eta brometan erantzun zuten, Liang Qichao zirelako itxuraz eginez —Qing garaiko erreformista ezaguna—, edo “badaezpadakoa” zelakoan deskribatzen zuten beren une hartako egoera espirituala. “88ko audientzia sinestamendua“ titulua ageri zen sinestamenduaren azal gorrian idatzita, eta azpititulu bat: “Barazkiak jaten ditu, haragirik ez“. Atzealdean, erantzun zuen pertsona bakoitzari buruzko informazio pertsonal estandarra jasotzen zuen Geng-ek, eta beste aldean testu hau ageri zen: “Zure lankidetzak bermatzen duelako artelan bakoitza bururatuko dela azkenean, artearen historian sartzen diren artisten erdia izango zara. Halaxe egiaztatzen da sinestamendu honetan”. Obrak abangoardiaren erakundeetan sartzeko desira satirizatzen zuen, eta Ai Weiwei-ren eta Xu Bing-en Wu Kalea (Wu Street, 1993–94), eta Hong Hao eta Yan Lei-ren Gonbidapen Gutuna (Invitation Letter, 1997) obrek bezala, Inprimakiak eta sinestamenduak lanak kategorizazioaren egitura despertsonalizatzaileen manipulazio sotil baten bitartez egiten zuen bere kritika, egitura haiek gizarte komunistaren maila guztietan baitzeuden, eta abangordiak ustez hankazgoratu nahi zuenaren guztiz kontrakoak baitziren. —KG [Katherine Grube]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Zhang Peili, elkarrizketa hemen sartzeko “Etorkizunerako materialak: 1980–90 urteen arteko Txinako arte garaikideari buruzko informazio-bilketa” (“Weilai de cailiao jilu: 1980–1990 Zhongguo dangdai yishu”), Asia Art Archive, abenduak 30, 2016, http://www.china1980s.org/sc/interview_detail.aspx?interview_id=52. Itzulpena argitaratzaileena da. [itzuli]

Erakusketa hautatuak

1993: China Avantgarde, Haus der Kulturen der Welt, Berlín; 1994an toki hauetara eraman zuten: Kunsthal Rotterdam; Museum of Modern Art, Oxford; Kunsthallen Brandts Klæderfabrik, Odense, Danimarka; eta Roemer-und Pelizaeus-Museum Hildesheim, Alemania. 2007: ’85 New Wave: The Birth of Chinese Contemporary Art, Ullens Center for Contemporary Art, Pekin. 2012: Wu Zhi: 1985–2008 Geng Jianyi Works, Minsheng Art Museum, Shanghai.

PDF-a JAITSI