Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Xu Bing

Xiaorui Zhu-Nowell

Izenburua:
Xu Bing
Egilea:
Xiaorui Zhu-Nowell
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artea eta emozioa | Budismoa | Erbestea | Suntsipena
Artelan motak:
Instalazioa
Aipatutako artistak:
Xu, Bing

100 Non metatzen da hautsa? (Where Does the Dust Itself Collect?), 2004
I-11ren kokalekuan, Lower Manhattan-en, jasotako hautsa, aldamioa, bandera eta txantiloia, guztizko neurri aldakorrak; zilar gelatinazko sei argazki, bakoitza 13 × 18 cm. Artistaren eskaintza

 

Xu Bing 1989ko mugimendu demokratikoak hondoa jo zuelarik Txinatik alde egindako txinatar artisten diasporako belaunaldi bateko kidea da. 85eko Uhin Berria mugimenduko bere garaikide askok eta askok bezala, Xu-k ezin hobeto ezagutzen zuen postestrukturalismoa. Foucault eta Derrida moduko pentsalarien testuek metodo bat eskaintzen zieten artistei, dekonstrukzioa egin eta esanahi berezien lilura erakusteko, Mendebaldeko modernitateak eta txinatar autoritarismoak sortutakoena barne. 1989an, eskuz egindako blokeen bidez paper bilkarietan eta modu tradizionalean koadernatutako liburu piletan inprimatutako karaktere asmatuen murgiltze-instalazioa erakutsi zuen, Zerutik etorritako liburua (Book from the Sky, 1987–91), China/Avant-Garde erakusketan, Pekineko Arte Galeria Nazionalean. Xu-k bazuen, ordea, txan budismoarekiko interesa ere. Hain zuzen ere, Xu-ren espiritu kritiko azaleratzen hasi berriari erakargarri zitzaion nola erabiltzen zituen hark asmakizunak (koan delakoak) zentzu komuna iraultzeko eta arrazoi analitikotik haratago diharduen intuiziozko prozesu bat pizteko.

Estatu Batuetan bizi zen bitartean, 1990eko hamarraldian eta 2000koaren hasieran, kokaleku espezifikoa zuten historia geopolitikoekin loturiko obrak sortzen jarraitu zuen Xu-k, hala nola Amerikar zeta-harra (American Silkworm, 1994–98) eta Tabako proiektua (Tobacco Project, 2000). 2001eko irailaren 11n, Dorre Bikiak jausten ikusi zituen Williamsburgen (Brooklyn) zuen estudioaren kanpoaldetik. Gertaera haren larritasun ikaragarriari eta haren ondorioei buruzko gogoeta egin eta hura guztia prozesatu ahal izateko, txan budismoaren sutra izeneko sermoi edo hitzaldietara jo zuen, zeinen irakaspenek azaltzen baitute bizitza eta gorputza iragankorrak eta hutsalak direla, funtsean. 2002an sortu eta 2004an Artes Mundi sariaren parte gisa gauzatutako Xu-ren Non metatzen da hautsa? instalazioa egiteko, I-11ren ondoren Lower Manhattaneko kaleetan bildutako hautsa erabili zuen. Goitik ikusten da obra: ikusleak plataforma goratu batean kokatzen dira, hondamendiaren ondoren New York hirian ezarri zen aldamio-egituren antzeko plataforma batean. Behera begiratzean, hautsezko geruza mehe bat ikusten da aretoaren zorua estaliz, atentatuaren ondoren espaloi eta hondakinen gainean ikus zitekeenaren antzekoa. Hauts gainean txantiloi batez idatzita, ahapaldi labur hau ageri da: “Aurrekotik ezer gelditzen ez denez, non metatzen da hautsa?”. Huineng (638–713) txan budismoaren seigarren aitalehenaren olerki ospetsu bateko pasartea da, eta esaldi horretako letra bakoitza garbi eta dotore-dotore inguratzen du hautsak, indarkeria izugarri baten hondakinak hauts mehe-mehe bihurtu arte xehatzetik eratorritako materiala izanik ere. Instalazio honen dotoretasun delikatuak parez pare jartzen ditu haren eduki kontzeptuala eta sufrimenduaren eta hondamenaren izaera adiezina ulertzen saiatzen garenean sortzen diren etsipen eta frustraziozko sentimenduak. —XZN [Xiaorui Zhu-Nowell]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Erakusketa hautatuak

2001: Xu Bing: Non metatzen da hautsa?, Spinning Wheel Building, New York, Lower Manhattan Cultural Council-ek antolatua. CAFAMen Bienala: Super-Organism, CAFA Art Museum, Pekin. 2004: Artes Mundi: Wales International Visual Art Prize, National Museum & Gallery, Cardiff. São Pauloko Bienala: Território Livre, Pavilhão Ciccillo Matarazzo. Xu Bing in Berlin, Museum für Ostasiatische Kunst, Berlin. 2011: Afterlife: Kunst over de Eindbestemming, Nederlands Uitvaart Museum Tot Zover, Amsterdam. 2014: Xu Bing: A Retrospective, Taipeiko Arte Ederren Museoa. 2015: Secret Signs: Calligraphy in Contemporary Chinese Art, Deichtorhallen, Hanburgo

PDF-a JAITSI