Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Gu Dexin

Philip Tinari

Izenburua:
Gu Dexin
Egilea:
Philip Tinari
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Gizakia | Artea eta denbora | Artea eta emozioa | Boterea
Artelan motak:
Instalazioa
Aipatutako artistak:
Gu, Dexin

3 Plastikozko piezak—287 (Plastic Pieces—287), 1983–85
Plastiko errea, 287 pieza, guztizko neurri aldakorrak instalazioaren arabera. Cc Foundation

 

1980ko hamarkadaren hasieran hasi zen Gu Dexin plastikoa lantzen; materialaren hautu hura naturala izan zen, gogoan harturik plastikoa nonahi dagoela kontsumo-merkatu txinatar oparoetan, eta artistaren familiaren beraren familia-aurrekarietan ere ageri dela; Guren gurasoak 1949 baino geroxeago joan ziren Pekinera, eta hiriko harresietatik kanpo baina haien ondo-ondoan zegoen produktu kimikoen fabrika zabaldu berrian hasi ziren lanean. Guk ere egin zituen aldi bateko lanak fabrika hartan, institutuan graduatu ondorengo linbo burokratikoan itxoiten zuen bitartean, eta hantxe bizi da gaur egun oraindik ere, sozialismoaren lehen garaietako danwei (lan-unitate) delakoen arketipoa den toki batean. Han erraz eskura zitzakeen artistak plastikozko xafla-gordinak eta haiek erretzeko erabiltzen zituen azetilenozko soldagailuak, giza organoen eta zaborraren antzeko formak lortzeko.

Gu ez zen inoiz joan arte-akademia batera, parte hartu bazuen ere 1970eko hamarkadaren amaieran eta 1980ko hamarkadaren hasieran Pekinen loratu ziren pintura-elkarte ez ofizialetan. 1986an banakako erakusketa bat antolatu zuen Pekineko International House-n, eta arrakasta guztiz esperogabea gertatu zena afiliatua ez zegoen eta prestakuntzarik ez zeukan artista batentzat. Erakusketaren sarreran zegoen testu laburra honela hasten zen: “Orain nire obrak hemen daude, jendearen ondoan. Pertsona bakoitzak lan horiek ulertu eta sentitzeko bere modu berezia erabil lezake. Eta horixe espero dut hain zuzen ere”. Guren karrera osoan bizirik egon da beti arteak erreakzio intelektuala eta emozionala eragiteko duen ahalmenean sineste hori, baita horren ondoriozko ukoa ere bere artea interpretazio-jarraibide batzuen bitartez mugatzeari. Hemen erakusten dugun Plastikozko piezak—287 (1983–85) lana Guk China/Avant-Garde erakusketari egindako ekarpena da; horri jarraituko zioten instalazioen kasuan, bukatu ziren edo publikoaren aurrean erakusgai jarri ziren data izan zen besterik gabe izenburua.

Plastiko erreak jarri zituen erakusgai berriz ere Guk Magiciens de la terre erakusketan Parisen hilabete batzuk geroago, eta beste horrenbeste egin zuen hurrengo urtean, Londresko Docklands Museum-en egin zuen erakusketan, Damien Hirst eta haren eskolakideek aspaldi ez zela Freeze (Izoztu) erakusketa antolatu zuten lekutik gertu hain zuzen. (Pieza haietatik ez zen batere gorde). Urte batzuk geroago, Another Long March in Breda (Beste Martxa Luze bat Breda-n) erakusketan, Herbehereetan, 1997-05-31 instalazioan, sagar- eta platano-kopuru itzelak ipini zituen, publikoak jan zitzan edo erakusketan zehar ustel zitezen. Errepikatzen hasi zen ustelduraren gaia, baina geroagoko obretan gai odoltsuak erabili zituen Guk, arkume-muinak eta zerri-bihotzak esate baterako. Izan ere, entropiaren nozioa izan zen beharbada Guren obraren gai bateragarria, 2009an sorkuntza-lana utzi zuen arte, eta usteldura entropiaren bigarren mailako gaia da, jardunbide arbitrarioek berdindua bezala. Gonbidatzen zuten erakusketetan (haietan gaia ageriki txinatarra izaten zen sarritan), artistak aurkezten jarraitu zuen, besteak beste, plastiko erreak nahiz fruta-instalazio anbiguoak, baita lehorrak uzteraino oratzen zituen haragi-zatiak ere, eta prozesua zinema-kamera soil batez dokumentatzen zuen bere apartamentuko estudioan; gero eta interes handiagoa ageri zuen Guk denboraren joanak materialen gainean zuen efektu eraldatzailean. Ondorengo obraren parte handi batek bezala, lehen denboretako plastiko-sorta horrek —aldi berean lehengai elastikoak eta galkorrak, organikoak eta sintetikoak izanik— saihestu egiten du Txinaren egoerari buruzko erreferentzia oro, nahiz eta Gurentzat kezka sozialak eta politikoak izan beti azpitik dagoen esanahia: bereziki, gizabanakoaren subjektibotasuna Estatuaren boterearen aurrez aurre, eta horren guztiaren hutsalkeria ezin saihestuzko hilkortasunaren ondoan”

Li Xianting kritikariak idatzi zuen moduan, “Gu Dexinen artelanak batera agertzen ditu beti ederra eta higuingarria dena, itzela eta iragankorra dena, ikuslearen aurrean, eta gogoratzen digu hala gizadiaren edertasun eta handitasun ideia delakoen atzean higuina dagoela”1. —PT [Philip Tinari]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Li Xianting, “Zhongguo dangdai yishu zhong de sheying: Dai xu Yu Wo Youguan shiyan yishu tupianzhan” [Argazkigintza arte txinatar garaikidean: “Nirekin konektatua” arte esperimentaleko argazkien erakusketaren hitzaurre gisa], hemen: Zhongguo Shanghai 2000 nian shuangnianzhan ji waiweizhan wenxian [2000ko Shanghaiko Bienaleko eta haren inguruko erakusketetako dokumentuak], Ma Qinzhong (arg.), Wuhan: Hubei Fine Arts Publishing House, 2002, 62. or. Izenburuen itzulpena egilearena da. [itzuli]

Erakusketen historia hautatua

1989: China/Avant-Garde, Arte Galeria Nazionala, Pekin. 2004: Le moine et le démon: Art contemporain chinois, Musée d’art contemporain de Lyon. 2007:’85 New Wave: The Birth of Chinese Contemporary Art, Ullens Center for Contemporary Art, Pekin. 2012: Gu Dexin: The Important Thing Is Not the Meat, Ullens Center for Contemporary Art, Pekin

PDF-a JAITSI