Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Huang Yong Ping [II]

Hou Hanru eta Xiaorui Zhu-Nowell

Izenburua:
Huang Yong Ping [II]
Egilea:
Hou Hanru eta Xiaorui Zhu-Nowell
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artea eta historia | Artea eta identitatea | Nazionalismoa | Kultura eta globalizazioa | Kultura-politikak
Artelan motak:
Instalazioa
Aipatutako artistak:
Huang, Yong Ping

4 Pintura txinatarraren historia eta Pintura modernoaren historia laburra, garbigailuan bi minutuz garbituak
(The History of Chinese Painting and A Concise History of Modern Painting Washed in a Washing Machine for Two Minutes), 1987 (1993an berregindako obra)
Tinta egurrezko kutxa baten gainean, paper-orea eta beira, 76,8 × 48,3 × 69,9 cm guztira. Walker Art Center Bilduma, Minneapolis, T. B. Walker erosketa-funtsa, 2001

 

1987ko abenduaren 1ean sortu zuen Huang Yong Ping-ek bere obra kanonikoa, Pintura txinatarraren historia eta Pintura modernoaren historia laburra, garbigailuan bi minutuz garbituak, zeinean garbitu baitzituen artearen historiako bi liburu bi minutuz garbigailuan. Hautatu zituen liburuak izan ziren Pintura txinatarraren historia, Wang Bomin-ek 1982an argitaratua, eta Liu Pingjun-ek 1979an egin zuen Herbert Read-en A Concise History of Modern Painting (Pintura modernoaren historia laburra) obraren txinerarako itzulpena1. Keinu soil, dibertigarri eta hala ere erradikal haren bitartez, Huang Yong Pingek soluzio probokatzaile bat eskaintzen zion artista txinatarrek garai hartan aurrez aurre zuten dilema historikoari: tradizionalaren eta modernoaren, nazionalaren, nazioartekoaren eta globalaren esanahiak definitzeko garaian sortzen ziren tentsioek eta negoziazioek markatzen zuten arazoa. Ekialdeko Asian aurretik izandako modernizazio-aldietan bezala, Iraultza Kulturalaren ondorengo artista txinatarrak ondoko auziekin zeuden kezkatuak: nola izan liteke modernoa Mendebaldekoa izan gabe? Posible ote da arte modernoaren hizkuntza berri bat eratzea arte txinatar klasikoa berriz landuz (birziklatuz)?

Huang Yong Pingen ekintzak, liburuak garbitzeak, paper “zikineko” ore-mordo bat izan zuen emaitza, historiaren kontzeptua berez nola kutsatua dagoen adierazten duen alegoria indartsu batean. Subertsio ludiko eta sakon bat zen kulturaren jakintza konbentzionalaren eta haren bitartekari indartsuenaren inguruan: historia idatzia. Huangek Ludwig Wittgenstein, Michel Foucault, Martin Heidegger eta Roland Barthesen obretara jo zuen —pentsalari ondo ezagunak denak 85eko Uhin Berriko artisten artean—, baita txan budismoaren eta taoismoaren filosofia txinatarrera ere, eta garbitzera bota zituen historiako liburuak. Ondoko gogoeta hau egiten du artistak:

Liburuak garbitzea Wittgensteinek hizkuntzaz duen iritziaren antzeko zerbait da. Honako hau esan zuen behin: ‘Noizean behin, hitz batzuk erretiratu behar lirateke hizkuntzatik eta garbitzera bota; eta gero komunikazioan txerta daitezke berriz’. Nik egiten dudana honela defini liteke: ‘garbitzea’ metodoa eta helburua da aldi berean, nik ez baitut uste hizkuntza berriz komunikazioan txerta daitekeenik garbitu ondoren. Beste hitzetan, komunikazioa egiazki ‘forma zikin’ bat da. ‘Liburuak garbitze’ horrek ez dauka xede gisa kultura garbiagoa egitea; asmoa areago da haien zikinkeria modu agerikoagoan ikusaraztea2.

Obra honetan, politika kulturaleko auziak interpretatzeko modu berri baten bila zebilen Huang, nahiz eta azken emaitza komikoa eta ezin irakurrizkoa izan zen, eta metaforikoa azken batean. Aldi moderno eta garaikideetako historia globalean nagusia izan zen Weltanschauung edo mundu-ikuskeraren alternatiba bat ari zen aztertzen. 1985az geroztik, Huangek zorizko aukerako mekanismo taoista batera baliatu zuen, erruleta-gurpil baten emaitzak erabiliz, ildo jakin bat eskuratze aldera artelanak sortzeko. Horixe izan zen Pintura txinatarraren historia eta Pintura modernoaren historia laburra, garbigailuan bi minutuz garbituak honen kasua; jirarazi zuen erruleta-gurpila, eta “metodo busti” batean erori zen orratza, artista bultzatuz artearen historiako liburuak garbigailu batean “garbitzeko” metodoa asmatzera.

“Kultura, garbitu ondoren, gehiago zikindu baizik ezin da egin” esaldia frogatuz, gure hizkuntzak, irudimenak eta funtsean gure bizitzak logikaren eta balioaren sistema itxi eta hegemonikoetatik libratu nahi izan zituen Huangek3. Alde horretatik, mundu osoan miresten da gaur egun Huangen bihurrikeria kontzeptualista, indar handiz azaltzen baititu 1980ko hamarkadaren amaierako kritika kulturalak, hala nola, postmodernismoak hierarkia finkoen eta politika identitarioen goraldia ezabatzea. —HHR & XZN [Hou Hanru eta Xiaorui Zhu-Nowell]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Gogoan hartu behar da Huang-ek instalazioan garbitu zituen liburuak, Zhongguo huihua shi Pintura txinatarraren historia) eta Xiandai huihua jianshi (Pintura modernoaren historia laburra), asko erabiltzen zirela arte-akademietan, esate baterako Pekingo Arte Ederretako Akademia Zentralean eta Zhejiang Arte Ederretako Akademian, Hangzhou-n; eta oso eragin handia izan zuten 85eko Uhin Berria mugimenduko artista txinatarren artean. [itzuli]
  2. Hou Hanru, “To Beat the West with the East and to Beat the East with the West”, elkarrizketa Huang Yong Ping-ekin, 1992ko abuztua, hemen aipatua: Hou, “Change Is the Rule”, hemen: House of Oracles: A Huang Yong Ping Retrospective, Philippe Vergne eta Doryun Chong (arg.), erak. kat., Walker Art Center , Minneapolis, 2005, 2. zatia, 14. or. [itzuli]
  3. Ibid. [itzuli]

Erakusketen historia hautatua

1989: China/Avant-Garde, Arte Galeria Nazionala, Pekin. 1994: Worlds in a Box, City Art Centre, Edinburgo; 1995ean toki hauetara eraman zuten erakusketa: Graves Art Gallery, Sheffield; Sainsbury Centre for Visual Arts, University of East Anglia, Norwich; eta Whitechapel Art Gallery, Londres. 1996: Face à l’Histoire 1933–1996, Centre Pompidou, Paris. 1998: Huang Yong Ping, De Appel, Amsterdam. Inside Out: New Chinese Art, Asia Society Galleries, New York, eta P.S.1 Contemporary Art Center, Long Island City, New York; 2001ean toki hauetara eraman zuten erakusketa: San Francisco Museum of Modern Art eta Asian Art Museum of San Francisco; Museo de Arte Contemporáneo de Monterrey, Mexiko; Tacoma Art Museum, Washington, eta Henry Art Gallery, Seattle; National Gallery of Australia, Canberra; eta Hong Kong Museum of Art. 2005: House of Oracles: A Huang Yong Ping Retrospective, Walker Art Center, Minneapolis; 2008an toki hauetara eraman zuten erakusketa: MASS MoCA, North Adams, Massachusetts; Vancouver Art Gallery; eta Ullens Center for Contemporary Art, Pekin. 2008: Avant-Garde China: Twenty Years of Chinese Contemporary Art, The National Art Center, Tokyo; 2009an toki hauetara eraman zuten erakusketa: The National Museum of Art, Osaka, eta Aichi Prefectural Museum of Art, Nagoya.

PDF-a JAITSI