Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Open-Studio Series

Anthony Yung eta Jane Debevoise

Izenburua:
Open-Studio Series
Egilea:
Anthony Yung eta Jane Debevoise
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Erakusketak | Zentsura
Mugimendu artistikoak:
Arte Kontzeptuala
Artelan motak:
Instalazioa
Aipatutako artistak:
Lin, Tianmiao | Wang, Gongxin

12 Baofang Hutong, Dongcheng-eko barrutia, Pekin, 1993–95

Artistak-antolatzaileak: Lin Tianmiao eta Wang Gongxin.

 

1993aren ondoren antolatu ziren oihartzun handiko erakusketa instituzionalekin kontraste handian, bakanak izan ziren Txinaren barruan era honetako erakusketak egiteko aukerak. New Generation Art (1991) erakusketaren salbuespen bitxiarekin, eta alde batera utzita unibertsitateetako galerietan tarteka egiten ziren erakusketak –besteak beste, Capital Normal University-n eta Arte Ederretako Akademia Zentralen egindakoak–, gobernuak finantzaturiko egoitza instituzionalek ia beti baztertzen zituzten arte kontzeptuala, denboran oinarrituriko artea eta performance artea, eta, hartara, artista gazte eta anbizio handikoek beren gisa moldatu behar izaten zuten. Batzuek galeria komertzialetara jo zuten, 1990eko hamarkadan zabaltzen hasia zen aukera. Beste batzuek gaur egun erakusketa inprobisatuak deituko genituzkeenak antolatzen zituzten, espazio publiko eta semipublikoetan, hala nola parkeetan, hoteletan eta jatetxeetan. Eta beste batzuek ekitaldi pribatuak edo erdipribatuak antolatzeko aukeraren alde egin zuten; adiskideak edo artearen munduko pertsonak bakarrik joaten ziren haietara, eta ezohiko tokietan egiten ziren, baita etxe partikularretan ere. Lin Tianmiao-k eta Wang Gongxin-ek Estatu Batuetan zenbait urte eman ondoren antolatu zuten Open-Studio Series azken joera horren adibidea da.

1982an lizentziatu ondoren Capital Normal University-ko Arte Ederretako Sailean, eta hainbat urte pasatu ondoren olioko pintore errealista eta fakultateko irakasle gisa lanean, Wang Gongxin atzerrira bidali zuten 1987an, estatuak finantzaturiko irakasle bisitari gisa New Yorkeko Estatuko Unibertsitatera Cortland-en eskolak ematera. Urtebete geroago, emazteak eta biek Brooklyn-en hartu zuten aldi baterako egoitza, eta han hasi zen Wang instalazioekin eta bideoarekin esperimentatzen. Lin-ek, emazteak, ehun-diseinatzaile gisa lan egiten zuen familiari eusteko, eta ikasten jarraitu zuen New Yorkeko Art Students League-n.

Bikotea Open-Studio ekitaldiak hasi zen egiten beren etxean —estilo tradizionalekoa zen, 200 metro karratuko patioarekin—, Pekineko erdialdean, hirira itzuli eta handik gutxira, 1993an. Iraupen laburreko eta nolakotasun erdi pribatuko erakusketa haiexetan hainbat instalazio aurkeztu zituzten: Gris jateko ona (Edible Grey, 1994ko abuztua), Brooklyngo Zerua—Zulo bat induskatuz Pekinen (Sky of Brooklyn—Digging a Hole in Beijing, 1995eko martxoa) eta Harilketaren Ugaltzea (The Proliferation of Thread Winding, 1995eko maiatza). Dagoen kokagunerako berariaz egina dela azpimarratzen duelako gertatzen da batez ere nabarmena saila. Brooklyngo Zerua obrarako, 3,5 metro sakon zen zulo bat egin zuen Wang-ek lurrean, eta han pantaila bat ipini zuen, non hodeiak mugituz ageri baitziren, bikotearen Brooklyneko etxearen teilatutik filmatuta. Harilketaren Ugaltzean, Lin-ek gela huts bat esparru klaustrofobikoa bihurtu zuen, milaka orratzekin zulatuz ohe estu bat, zeinaren lau izkinatatik hari zuria baitzegoen zintzilik, matazetatik askatua.

Erakusketak etxe partikularretan egiteko fenomeno hau 1970eko hamarkadan gertatu zen antzeko joera batekin lotu du Gao Minglu-k, eta joera horri “apartamentuko artea” deitu dio. 1990eko hamarkadaren lehen erdiko beste adibide batzuk dira Francesca Dal Lago komisarioak Pekineko auzo diplomatikoko egoitzetan antolatu zituen erakusketak, besteak beste, Fang Lijun, Liu Wei eta Zhang Peili-ren lanak aurkeztuz; eta Qin Yufen eta Zhu Jinshi artistek Alemaniatik itzuli zirenean antolatu zituztenak, besteren artean sei artistak egin zuten Post-1 October erakusketa.

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

PDF-a JAITSI