Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Irakurleentzako oharra

Izenburua:
Irakurleentzako oharra
Argitalpena:
Bilbao: Guggenheim Bilbao, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171 or.
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Lan intelektuala | Erakusketak | Txina | Hizkuntza | Hanyu Pinyin
Aipatutako artistak:
Wenda, Gu

Aspaldi honetako txinatar artearen historiaren alorrean, termino txinatarrak adierazi, erromanizatu eta itzultzeko moduaren auziak funtsezkoak dira lan akademikoarentzat. Liburu honek ulergarria izan nahi du txinatar hizkuntza ezagutzen ez duten irakurleentzat, eta behar adina informazio eskaini nahi die liburuaren oinarria diren jatorrizko iturriak lokalizatu nahi dituzten ikertzaileei. Erakusketak arte hau sortu zen testuinguru globalari eskainitako arretari jarraiki, liburu honetan lehentasuna ematen zaie obren eta erakusketen ingelesezko tituluei, garai horretako artistek eta erakundeek erabili zituzten moduan.

Txinatar izenei eta argitalpenei dagokienez, aldez aurretik ezarriak zeuden hainbat ereduri jarraitzen die liburu honek, eta aldi berean beste batzuk fintzen saiatu da. Zentzu horretan, Txinako Herri Errepublikak 1958an Hanyu Pinyin erromanizazio-sistema onartu zuen ofizialki arau gisa, eta sistema hori beretu zuten pixkana-pixkana ondorengo hamarkadetan atzerrian ziren ikerleek, kazetariek eta liburuzainek ere; hala, Hanyu Pinyin sistema erabili da hitz txinatarren transliteraziorako, tituluei eta izenei dagokienez besteak beste. Salbuespen batzuk egin dira, formarik zaharranen bidez ezagutzen diren termino batzuekin. Izenak arau txinatarraren arabera idatzi dira (arau txinatar kontinentalaren arabera), Hanyu Pinyin baliatuta eta abizenak izenen aurretik jarrita. Ontzat eman dira ordena eta ortografia horrekiko desbiderapenak, gogoan harturik erabilera zabalago batean oinarrituriko banakako hobespenak, bereziki bizitzaren eta karreraren zati handiak atzerrian eman dituzten artisten kasuan, nola den Wenda Gu. Hong Kong eta Taiwan izenak ere zein bere arauen arabera idatzi dira. Kasu bakan batzuetan baizik ez dira ageri letra txinatarrak, bereziki haien forma bisuala iruzkinerako garrantzizkoa denean, eta orobat ageri dira letra txinatarrak artisten eta artista-taldeen izenetan, liburuaren bukaerako laburpen biografikoetan.

Aipuetan, ahalegin berezia egin da bereizteko, batetik, ingeles/txinera argitalpen guztiz elebidunak (barra batez adieraziak tituluetan); bestetik, guztiz txineraz kaleraturiko argitalpenak (euskarara gure argitaratzaileek egindako itzulpen batekin; parentesien artean ageri dira); eta, azkenik, bere titulu propioak, batzuetan idiosinkratikoak, ingelesez dauzkaten txinerazko argitalpenak (horiek ere parentesien artean ageri dira).

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

PDF-a JAITSI