Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Cao Fei

Stephanie H. Tung

Izenburua:
Cao Fei
Egilea:
Stephanie H. Tung
Argitalpena:
Bilb: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artea eta teknologia | Artea. Merkatua | Industrializazioa | Kapitalismoa | Kontsumoa | Kultura eta globalizazioa | Dualtasuna
Artelan motak:
Bideoartea
Aipatutako artistak:
Cao, Fei

108 Zeinen utopia? (Whose Utopia), 2006
Koloretako bideoa, soinuduna, 22 min. Solomon R. Guggenheim Museum, New York, hauek emandako funtsekin erosia: International Director’s Council eta Executive Committee Members, 2007.130

109 RMB City: China Tracyren (Cao Fei izenaz ere ezagutzen da) Second Life hiri-planifikazio bat [RMB City: A Second Life City Planning by China Tracy (aka: Cao Fei)], 2007
Koloretako bideoa, soinuduna, 6 min. Solomon R. Guggenheim Museum, New York, honek emandako funtsekin erosia: Young Collectors Council, Shanghai Tang-en funts erantsiekin, 2008.30

 

Cao Fei-ren jatorrizko Guangdong probintziako Perla Ibaiaren Delta da Txinako manufaktura-industriaren bihotza; hantxe jarri zituen abian Deng Xiaoping-ek bere erreforma ekonomiko kapitalistak 1992an, era hartan mundu modernoaren historiako urbanizazio- eta industrializazio-prozesurik handiena eta bizkorrena piztuz. Urtero-urtero, milioika eta milioika langilek, espezializatuak nahiz espezializatu gabeak, eskualde horretara emigratzen dute barrenaldeko probintzietatik, fabriketako lanaren eta “amets txinatarra”ren bila, eta langile-indar globalean txertatzean eskualde berriko hiri-paisaia eta egitura soziala aldatzen dute.

Guangdong probintziako Guangzhou hiriburuan hazi zen Cao Fei, hiria pop globaleko kultura-oldean murgildua zegoen garaian: Hong Kong britainiarreko telebista-ikuskizunak, Japoniako animea eta Estatu Batuetako hip hop musika. Bertako gazteen azpikulturek liluraturik, COSplayers (2004) bere lehen lanean, eraikuntza lanez jositako hirietan bizi ziren eta jokoetako pertsonaien moduan janztea gustatzen zitzaien gazte haiek sumatzen zuten besterentzea eta eskapismo-irrika esploratu zituen Caok. Mundu birtualaren eta errealaren arteko paralelotasunak, utopia eta distopia, gorputza eta teknologia, bihurtu ziren haren sorkarien gai nagusiak.

2006an, Caok onartu zuen sei hilabeteko egoitza egitea Osram bonbillen fabrikan, Foshan-en, Guangzhouko aldirietako auzoan, Siemens-en Arte Programaren barruan. Terayama Shūji izeneko gerraondoko poeta, antzerkigile eta zinema-zuzendari japoniarraren obran inspiratuta, zeinaren théâtre vérité formulak jende arruntari agertokian parte harrarazten baitzion, proiektu interaktibo luze batean parte hartzeko eskatu zien Caok fabrikako langileei. What Are You Doing Here? (Zer ari zara hemen?, 2005–06) zuen izena proiektuak, eta besteak beste fabrikako bizi-kalitatearen gaineko galdetegiak, instalazioak eta langileen performanceak hartzen zituen bere baitan, baita fabrikako egunkari bat ere, Utopia Daily. Artista gisa zuen paperari zegokionez, Caorentzat garrantzitsua zen bigarren mailan geratzea eta bideratzaile gisa jardutea langileentzat, haien itxaropenak eta ametsak esploratzeko. “Ekoizpen globalizatuaren katean, negozio-sistema erraldoi eta konplexu horretan, gizabanako bakoitzak dauzkan sentimendurik intimoenetan zentratzen gara“, zioen Caok Utopia Daily egunkarian. “Arretaren erdigunean gizabanakoak ipintzen ditugu, berriz aurki dezaten beren balio pertsonala, sarritan ahaztu egiten baita merkataritza-balio handi bat sortzeko prozesuan zehar”1.

Egonaldi haren ondoriozko obra, Zeinen utopia? (2006) bideoa fabrikaren produkzio-lineari buruzko dokumentazio neutro batekin hasten da: sekuentzia hipnotiko batek jarraitzen die bonbillei horiek etengabe mugitzen diren bitartean, muntaia-lineako gailuek delikatuki hartzen dituztenetik fabrikako langileen eskuetara heltzen diren arte; azken horiek filamentuak sartzen dituzte bonbilletan, kalitatea neurtzen dute, paketatzen dituzte, eta, azkenik, salgaiak kanporatzen dituzte. Ondoren bideoa zati surrealista batera igarotzen da, eta fabrikako langile horiek berberak ikusten dira, haietako bakoitza, gizona edo emakumea, ametsetan izan nahi duten pertsona bihurturik: dantzaria, gitarrista, edo tai-xiko maisua. Beste ni amestu horiek banaka jokatzen dute, batzuetan pertsonaiari dagokion arroparekin, ekoizpen-lineen edo biltegien eremu handien erdian. Langileen logelako leiho batetik begira dagoen emakume gazte batekin amaitzen da zatia; Txina berriaren panorama guztiz triste baten aldera begira dago, fabrika-eraikinen basamortu gris batera.

Zeinen utopia? lanaren azkeneko zatian langileen bideo-erretratu harrigarriak ageri dira, ekoizpen-aretoan, bakoitzak kameraren begiradari eusten diola, inguruan fabrikazioaren martxak jarraitzen duen bitartean. Caoren zuzendaritzak saihesten badu ere kapitalismo eta globalizazio azeleratuen ondorioen kritika esplizitua, behin eta berriz abesten du soinu-bandan ahots eten batek: “Zure bizitzaren parte bat joan da eta joan da, baina zu, eder hori, zu zeinena zara?”. “Amets txinatar” delakoak denontzako bizitza hobea agintzen duen bitartean, zutik jarraitzen du galderarik kezkagarrienak: laguntzen al digu amets horrek amets indibidualak eskuratzen?

Urtebete geroago, “amets txinatar” haren bere bertsioa kaleratu zuen Caok. RMB City: China Tracyren (Cao Fei izenaz ere ezagutzen da) Second Life hiri-planifikazio bat bideoak (2007) Caoren RMB City metropoli birtualean barna ibilbide basati bat egitera gidatzen ditu ikusleak, edo China Tracy-ren metropoli birtualean barna —hori baitu Caok izena Second Life-n—. RMB City, Caoren hitzetan, Txina hiritar berriaren “haragitze kondentsatua” da; izena renminbi-tik hartua du, txinatar diru ofizialetik, eta arkitektura-ikono famatuen distortsio zoroak agertzen ditu: garabi batean, mutur batetik Rem Koolhaas-en CCTV egoitza dago zintzilik, eta panda erraldoi makurtu bat bestetik; Shanghaiko Ekialdeko Perla Dorrea kolokan dabil alde batera makurtuta, eta aldi berean noria ikaragarri bat itzulika mugitzen den herriko heroiei egindako Monumentuaren gainean, uholdeek harturiko Tiananmengo plaza batean2. Lantegiak, laino toxikoa eta publizitate-kartelak ere badira Txinako mikrokosmos birtual horretan, 2008an, Pekingo Udako Olinpiar Jokoen bezperetan.

RMB City Caok Second Life-n osorik zuzendu duen bigarren proiektua da. Second Life online-plataforma birtual bat da, eta hartan erabiltzaileek avatarrak aukera ditzakete gauzak erosteko eta saltzeko, eraikitzeko edo beste edonola jarduteko beste avatarrekin. Bere lehen proiektua, i.mirror (2007), Second Life-tik hartutako metraje batean oinarritzen den dokumental bat da, eta kontatzen du nolako lotura duen China Tracy-k, oso lotura erreala, emozionala, milaka kilometrora dagoen ezezagun batek kontrolaturiko beste avatar batekin. RMB City proiektuan, Caok aurrekaririk gabeko higiezinen boomari eta harekin batera etorritako kontsumismo hiperaktiboari zuzentzen dio arreta. Istanbuleko X. Bienalean (2007) obraren eredu bat aurkeztu ondoren, Caok higiezin-enpresa bat sortu zuen eta RMB Cityren unitate birtualak saldu zizkien bildumazaleei eta erakundeei urte hartan bertan Art Basel Miami Beach-en, RMB Cityrekin elkarlanean jardungo zutelakoan eta hango espazioetan ekitaldiak antolatuko zituztelakoan. Gero mundu birtualerako kode bat eraikitzeko erabili ziren funtsak, Txina garaikideko egiazko higiezinen garapena islatzen duen funtsak biltzeko prozesu batean. Ondoriozko uharte digitalaren utopia, Caoren hitzetan, hirigune baten “imitazio efektista bat da”: arkitektura-egitandi bikaina, apetatsua eta errespetugabea, Cao gaztea zeneko pop kultura bitxia eta txinatar paisaia-pinturaren konposizio-printzipioak nahasten dituena3.

Second Life programak eguneroko bizitzako egiak errefraktatzen dituen moduan sustraitzen da Caok hartan bitarteko gisa duen interesa. Unibertso digitalean dena posible bada ere, giza nolakotasunaren eta esperientziaren mende jarraitzen du, eta, hortaz, guk uste baino egia gehiago errebelatzen ditu. RMB Cityri buruzko manifestuak honako hau azaltzen du: “Ikusten dugu nondik gatozen, aurkitzen ditugu errealaren eta birtualaren arteko eremu zurbila betetzen duten ‘konexioak’, zeinen giltzarriek elkar eragozten, aberasten eta leuntzen duten. Ordena berriak jaiotzen dira, eta orobat jaiotzen dira jakintza berriak eta bitxiak”4. Bizitza errealaren eta fantasiazkoaren arteko espazio intimoak, bai cosplayeren eta fabriketako langileen fantasia eskapistak badira, bai Second Life-ko jokalarien utopia artifizialak badira, santutegi futurista bat eskaintzen du teknologiaren erdian, guztiz gizatiarrak diren desira batzuentzat. —ST [Stephanie H. Tung]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Cao Fei, “What Are You Doing Here?: Introduction”, Utopia Daily (argitalpen independentea, Pekin), 2007ko urtarrilak 1, 2. or. [itzuli]
  2. Cao Fei, “RMB City: Online Urbanization”, Cao Fei artistaren webgunea, kontsulta: 2016ko abenduak 15. [itzuli]
  3. Cao Fei: Building RMB City”, webgune esklusiboa, Art21, 2011ko abenduak 2. [itzuli]
  4. China Tracy (Cao Fei), “RMB City ManifestoRMB City proiektuaren webgunea, 2009ko maiatzak 26. [itzuli]

Erakusketa hautatuak

108          2005: Exchange Value of Pleasure, Busan Museum of Art. 2006: Siemens Art Project 2006: What Are You Doing Here?, Osram fabrika, Foshan, Guangzhou. 2007: Cao Fei: Whose Utopia?, Orange County Museum of Art, Newport Beach, Kalifornia. World Factory: Resistance and Dreams, San Francisco Art Institute. Whose Utopia, Center for Contemporary Art, Kitakyushu, Japonia. 2009: A Certain State of the World, Garage Museum of Contemporary Art, Mosku. 2010: Utopia Matters: From Brotherhoods to Bauhaus, Deutsche Guggenheim, Berlin. 2011: Experimenta Utopia Now, Albury Library Museum, Australia. 2014: Utopia for Sale?, Maxxi, Museo nazionale delle arti del XXI secolo, Erroma. Poetry and Dream, Tate Modern, Londres. 2016: Cao Fei, MoMA PS1, New York

109          2007: Istanbuleko Bienala: Not Only Possible, but Also Necessary: Optimism in the Age of Global War. 2008: Our Future, Ullens Center for Contemporary Art, Pekin. Cao Fei: RMB City, Serpentine Gallery, Londres. 2009: NO LAB in RMB City, Prospect.1 New Orleans, Contemporary Arts Center. Re-installation of Cao Fei: RMB City, Serpentine Gallery, Londres. Cao Fei: Live in RMB City, Shiseido Gallery, Tokio. 2010: Utopia Matters: From Brotherhoods to Bauhaus, Deutsche Guggenheim, Berlin. São Pauloko Bienala: There Is Always a Cup of Sea to Sail in. 2015: Cao Fei: Splendid River, Secession, Viena

PDF-a JAITSI