Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Debekatuta norabidea aldatzea: 1989

Alexandra Munroe eta Philip Tinari

Izenburua:
Debekatuta norabidea aldatzea: 1989
Egilea:
Alexandra Munroe eta Philip Tinari
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artea eta identitatea | Arte eta iraultza kulturala | Erbestea | Kultura eta globalizazioa | Boterea
Mugimendu artistikoak:
Arte Kontzeptuala
Teknikak:
Collage
Artelan motak:
Instalazioa
Aipatutako artistak:
Gu, Dexin | Huang, Yong Ping | Xiao, Lu | Yang, Jiechang | Zhang, Xiaogang

1989ko otsailaren 5ean, arte txinatarraren mundua ospakizun urduri batean elkartu zen Pekingo erdialdeko Arte Galeria Nazionalean. Ilargi Urte Berriaren bezpera zen, eta jende gehiena familia-festak prestatzen ari zen bitartean, artistek eta kritikariek China/Avant-Garde erakusketa inauguratu zuten. Gao Minglu zen ofizialki erakusketaren burua, eta “arte modernoaren” erakustaldi ikaragarri hark, Txinako museorik garrantzitsuenean, Txina osoan loratu zen obra kontzeptual eta esperimentala sailkatu eta kanonizatu nahi izan zuen, sozialisten debekuak desagertzen hasi eta erreformaren garaiko askatasun erlatiboei lekua utzi zietenean, Gao-k 85eko Uhin Berria izendatu zuen mugimendu batean. Artisten eta kritikarien belaunaldi berri eta ausart hura ortodoxia politikoa irudikatzen zuen erakunde batez jabetu zen, eta azalpen erraz orori erronka egiten zieten obrez bete zuen. Denek elkarrekin, “freskotasunezko eta probokaziozko sentsazio berri bat sortu zuten, publiko orokorrak edonolako erakusketatan egundo ikusi gabekoa”1.

Erakusketa, bere diseinuagatik, kaotikoa eta entziklopedikoa zen: 300 bat obra bildu zituen, xede eta gustu berdinik gabeko kritikari eta akademikoen ekipo batek hautaturiko 186 artistarenak. Alabaina, “okupazioaren” euforiaren azpitik, baldintza jakin batzuk azaleratzen ziren. Gu Dexin-ek, fabrika bateko langile ohia eta prestakuntza artistikorik gabekoa izanik, plastikozko hondakinez bete zuen pareta bat, plastiko-puskak sopletez erre eta gorputz-atal urtuak ziruditen formak bihurtu ondoren ([Plastic pieces-287, 1983-85]). Huang Yong Ping-ek collage eskematiko bat aurkeztu zuen, Arte Galeria Nazionala eramaten (Towing Away the National Art Gallery.), non jarraibideak ematen baitzituen behera botatzeko eraikina eta bertako burokrazia akademiko osoa; eraikina botako zuen soka museoko lau solairuetatik zintzilik zegoen. Bortizkeria inplizitu hura literalki lehertu zen Xiao Lu-k Elkarrizketa (Dialogue) bere obra propioaren kontra tiro egin zuen performancearekin: bi telefono-kabinez osaturiko instalazioa zen, beirari itsatsita telefono-deiak egiten zituzten pertsonen irudiekin eta hura zela-eta agintariek kolpetik itxi zuten jai-giroko inaugurazioa. Instalazio inprobisatuen eta emanaldi burugabeen aldaera horiexek dira, bizimodu latz batekin borrokatu behar duten artistek eginak, gure Munduaren antzerkia erakusketaren muina.

Bere kontraesanengatik ere, China/Avant-Garde erakusketak, itxi eta egun gutxira berriz zabaldu zenak, eginahal handiz garatu zen mugimendu baten burutzea seinalatu zuen; mugimendu hori “Izarrak” izeneko beste artista-talde batzuek beren obrak museo bera inguratzen zuen hesian zintzilikatu zituztenean hasi zen, hamar urte lehenago. Erakusketak, logo gisa, “Debekatuta norabidea aldatzea” trafiko-seinalea erabili zuen, modu egokian gogoratuz irekitasuna eta esperimentazioa “kutsadura espiritualarekin” eta “liberalizazio burgesarekin” txandakatzen ziren garai bat. 1989 hasieran jadanik, zatikatzen hasi zen 85eko Uhin Berriaren mugimendua, hain zuzen ere moteltzen hasi zenean ideologia ekonomiko eta politika progresistekiko tolerantzia ofiziala.

Maiatzean, China/Avant-Garde erakusketako hiru artista —Huang Yong Ping, Gu Dexin eta Yang Jiechang— Parisera joan ziren beren obra aurkeztera Magiciens de la terre (Lurreko Magoak) erakusketan. Erakusketa handinahi hura Jean-Hubert Martin-ek antolatu zuen Centre Pompidou-n, eta “arte garaikideko lehen mundu-erakusketa” gisa iragartzen zen, baina gogor kritikatu zuten parekoak balira bezala aurkezteagatik artista kontzeptual euro-amerikarrak (Richard Long, Barbara Kruger, Lawrence Weiner) eta batere zabalduak ez zeuden Afrika, Latinoamerika eta Australasiako beste praktika batzuk. “Berdintasun hura salatu egin zen fikziozkoa zelako, ez zelako gogoan hartu hautaturiko praktika haien jatorrian zegoen testuinguru soziokulturala eta historikoa”2. Alabaina, artista txinatarrek obra argi eta garbi sofistikatu eta indartsuekin erantzun zioten gonbidapenari: Huang Yong Ping-ek papera garbigailu batean garbitzeko bere proiektua zabaldu zuen, eta ondoriozko orea erakutsi ([Pintura txinatarraren historia eta Pintura modernoaren historia laburra, garbigailuan bi minutuz garbituak ]); Gu Dexin-ek sopletez erretako plastikoekiko beste areto bat sortu zuen ([Titulurik gabea, 1989]); eta Yang Jiechang-ek formatu handiko obren bilduma kezkagarri bat erakutsi zuen, 100 tinta-geruza (100 Layers of Ink) izenekoa. Artista hauek, elkarrekin, bidea zabaldu zioten Txinaren eta arte globalaren mundu berri nahiz biribildu gabearen arteko lehen topaketa ñabartu bati.

Ostera ere Pekin aldera begiratuz, ekainaren 4ko goizean, lehen orduan, soldaduek bortizkeriaz sakabanatu zituzten Tiananmengo plazako manifestariak, arte aurreratuaren adiskide leiala izan zen mugimendu demokratikoaren amaiera markatuz era horretan. Izan ere, plazatik zenbait etxe-sailera zegoen Arte Ederretako Akademia Nagusiko ikasleek sortu zuten “Demokraziaren Jainkosa” izeneko estatua. Ondorengo hilabeteetan, agintariek geldiarazi egin zituzten edo besterik gabe itxi 1980ko hamarkadako mugimendu artistikoaren alde egin zuten argitalpen eta erakundeetako asko. Hausnarketa tragikoko aldi baten ondoren —haren adibide dira Zhang Xiaogang-en autorretratu melankolikoa bezalako obrak ([New Year’s Eve, 1990])—, segituan etorri zen zinismo erronka-sortzailezko tonu nagusi bat. Artista askok, besterik gabe, Txinatik alde egin zuten.

Huang Yong Ping izan zen haietako bat, eta hura ez zen berriz Txinan bizitzera itzuli. 1989 ondorengo beste artista txinatar asko bezala, bere herrialdeko erbesteratua bihurtu zen, eta, Berlingo Harresia erori ondoren, gero eta globalagoa egiten ari zen Mendebaldeko arte-munduaren biztanlea. Nortasun biki horiek eratu zuten artistak sortu zuen obra: Stuttgarten, 1993an, aurreneko aldiz erakutsi zuen Huang-ek, jendez gainezka zegoen areto batean, Munduaren antzerkia (Theater of the World): dordoka formako kaiola bat, non intsektuak eta narrastiak boterea eskuratzeko borrokatzen diren. Bere ohar-koadernoan, zer den obra hori galdetzen dio Huangek bere buruari: ”Intsektuen zoo bat ote da Munduaren antzerkia? Probaleku bat, non mundu naturaleko zenbait espeziek elkar jaten duten? “Intsektuen” jarduerari behatzeko espazio bat? Sistema itxi bat eratzen duen forma arkitektonikoa? […] Herri eta kultura desberdinen arteko gatazkaren metafora bat?”3. Bizirik jarraitzeko sentikortasun horrek —bizitutako esperientziaren emaitza da— abiapuntu egokia eskaintzen du erakusketa honetarako, artearen, Txinaren eta 1989. urteak ekarritako mundu zabalago baten arteko erlazioa analizatzen baitu. —AM & PT

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Li Xianting, “Confessions of a China/Avant-Garde Curator”, hemen: Contemporary Chinese Art: Primary Documents, Kristen Loring (itzul.), Wu Hung (arg.), Peggy Wang-ekin elkarlanean, New York: Museum of Modern Art, 2010, 116. or. Jatorrian honela argitaratua: “Wo zuowei Zhongguo xiandai yishuzhan chouzhanren de zigongzhuang”, hemen: Meishu shilun (Artearen historia eta teoria), 3. zkia., 1989. [itzuli]
  2. Pablo LaFuente, “From the Outside In: Magiciens de la Terre and Two Histories of Exhibitions”, hemen: Making Art Global (Part 2): “Magiciens de la Terre” 1989, Lucy Steeds (arg.), Londres: Afterall, 2013, 11. or. [itzuli]
  3. Huang Yong Ping, “Theater of the World”, hemen: House of Oracles: A Huang Yong Ping Retrospective, Philippe Vergne eta Doryun Chong (arg.), erak. kat., Minneapolis: Walker Art Center, 2005, 34. or. [itzuli]

PDF-a JAITSI