Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Sun Yuan & Peng Yu

Xiaorui Zhu-Nowell

Izenburua:
Sun Yuan & Peng Yu
Egilea:
Xiaorui Zhu-Nowell
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Giza gorputza | Artea eta gizartea | Kritika | Sun Yuan & Peng Yu | Morala | Boterea
Artelan motak:
Bideoartea
Aipatutako artistak:
Peng, Yu | Sun, Yuan

75 Elkar ukitu ezin duten txakurrak (Dogs That Cannot Touch Each Other), 2003
Performancea, zortzi pit bull amerikar, motorizatu gabeko egurrezko eta metalezko zortzi zinta korrika egiteko eta zortzi txakur-uhal; Today Art Museum, Pekin, 2003ko irailak 16. Artisten eta GALLERIA CONTINUAren adeitasunez, San Gimignano/Pekin/Les Moulins/Habana

 

1990eko hamarkadaren amaieraz geroztik, Pekinen egoitza duten Sun Yuan eta Peng Yu artistak elkarrekin aritu dira lanean etengabean garatzen den corpus bat osatzeko, instalazio, performance eta bideo-lan probokatzailez osatua, eta bortizkeriara jotzen duena “ez errealitatea, baizik eta areago existentzia gordina bere horretan”1 aurkezteko bitarteko gisa. Sun eta Peng 1989 ondorengo artista-belaunaldikoak dira, obra urratzaileak, sarritan gorputzean zentratuak egiteagatik talde aski ezaguna; belaunaldi horretakoak izanik, bikoteak konfrontaziozko arte bat sortu du, eztabaidatua maiz, zitalkeriaren eta tabuaren nozio sozialetan zentratzen dena, Hal Foster-rek “gure mugen hauskortasun” gisa definitu duena akuilatuz”2.

Beren ibilbideetan zehar, Sunek eta Pengek bortizkeria, antzerkia, krudelkeria eta boterearen arteko lotura korapilatsuak analizatu dituzte, eta nola islatzen duten kontzeptu horiek gizarteak bere kode etiko eta legegintzakoekin duen harremana. Beren lehen obretan, xede hori lortzeko material jakin batzuk erabiltzen zituzten, gehienbat tresna medikoak, giza ehunak, disekatutako animaliak eta odola. Gorputz-lotura (Body Link, 2000), bikoteak elkarrekin egindako lehen lanetako bat, Infatuated with Injury (Zuriak obsesionatua, 2000) erakusketaren parte gisa egin zen aurrenekoz. Li Xianting izan zen komisarioa, eta Pekingo Arte Ederren Akademia Zentraleko eskulturaren ikerketaren Institutuan egin zen. Obra hartan, 100 zentimetro kubiko odol atera zuten bi artistek beren gorputzetik, eta odol harekin transfusioak egin zizkieten egiazko giza fetuen gorpuei —anaia siamdar batzuen erakusgai medikoak eskuratu zituzten laborategi batean—, zeinak kanulen eta beste hodi medikoen bitartez baitzeuden artistekin lotuak. Damien Hirst-en animalien gorpuekiko instalazioetan bezala, edota Marc Quinn-en giza odolez bustitako eskulturetan bezala, Sun eta Pengen obra goiztiar hark, giza fluidoekin eta gorputzekin, beldurrezko eta nazkazko erreakzioak eragin zituen, muga moralak auzitan jartzen eta bultzatzen baitzituen, eta, era hartan, laidoztatu egiten zuen artearen etiketaren pean erakuts zitekeenari eta erakutsi behar zenari buruzko adostasun orokorra. Sunek eta Pengek gorputz fisikoa erabiltzen zuten moduak, “Young British Artists” deituen kasuan bezala, materialen eta prozesuen onespen zabalagoa islatzen zuen, baina dimentsio arriskutsuago eta subertsiboagoan. Estatu-alderdiaren axolagabekeria beldurgarria hartzen zuen gogoan haien bortizkeriak.

Artisten lanak aurrera egin ahala, artistek utzi egin zioten material polemikoak erabiltzeari zitalkeria eta tabua aztertzeko lehen metodo gisa, eta kontzeptuen alderdi psikologikoak eta fenomenologikoak hasi ziren nagusiki lantzen. 2003. urtearen inguruan, haien obra aldatu egin zen eta zitalkeriaren ondorio psikologikoak konjuratzen zituzten egoeren eraikuntzaren aldera bideratu zen. Urte hartan hiru proiektu egin zituzten: Elkar ukitu ezin duten txakurrak, Uharte segurua (Safe Island) eta Nagusitasunaren aldeko lehia (Contend for Hegemony). Azken lan horiek tentsio dramatikoan oinarritzen dira, ikusleen emozio primario eta gordinak baliatzeko, arauzko usadio sozialak iraindu, aztoratu eta urratzeko xedeaz.

Second Hand Reality erakusketaren parte gisa egin zen Elkar ukitu ezin duten txakurrak, Pekingo Today Art Museum-en. Obra hartan, motorizatu gabeko korrika egiteko zortzi zinta zeuden, erakusketa-espazioan bi lerrotan ipiniak, bata bestearen parean. Ekitaldiaren hasieran, hezitzaileek zeremonia handiz gidatuta, zortzi pit bull amerikar eraman zituzten zintetaraino, eta han, uhal banarekin, makina baten goiko barran lotu zituzten, halako moduz non txakurrak elkarren parez pare geratu baitziren. Beren burua zoru mugikor batean ikusi zutenean, sen hutsez, txakurrak korrika hasi ziren arrunt izututa, eta, hala, sortu zen eszenan, ematen zuen pit bull bakoitza bere parekoari eraso egin nahian ari zela korrika. Eszena dramatiko hura areagotu egin zen bortizkeria akustikoko zaraten bitartez: makinako zinten kateen astindu-hotsak; txakurrek egiten zuten perkusio-soinua, egurrezko oholen gainean korrika; eta animalien zaraten kakofonia bat, arnasestuena, marmarrena, zaunkena, baita giza solasena ere. Amorruzko eszena hura bortizkeria sozialeko simulakro bat izan zen, pit bull amerikar lotuen larritasuna eta haserrea —arraza heterogeneo bat izanik, beren DNA zaharrenean beste txakurren kontrako borroka irarria daramana— baliatu zituena auzitan jartzeko zer puntutaraino dauden giza pentsamenduak eta jokamoldea gure eguneroko inguruko manipulazio sarritan ezin saihestuzkoek “hertsatuak”. Agertoki guztiz estilizatu horrek agerian jartzen du zitalkeriaren erlazio-nolakotasuna, eta azaltzen du nolako eginkizuna betetzen duen, funtsezkoa, boterearen bitartekaritzan eta gizartearen egitura hierarkikoei eusten. Zentzu horretan, Elkar ukitu ezin duten txakurrak obrak gizartea bere ikusmolderik zabalenean islatzen du, non, ezin saihestuzko parte-hartze baten bidez, subjektuak menderatzaileak edo menderatuak baitira. —XZN [Xiaorui Zhu-Nowell]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Sun Yung eta Peng Yu, egilearekin eta Alexandra Munroe-rekin solasean, New York, 2016ko irailak 4. [itzuli]
  2. Hal Foster, The Return of the Real: The Avant-Garde at the End of the Century, Cambridge, Massachusetts: MIT Press, 1996, 153. or. [itzuli]

Erakusketa hautatuak

2003: Second Hand Reality, Today Art Museum, Pekin. 2004: Gwangjuko Bienala: A Grain of Dust a Drop of Water

PDF-a JAITSI