Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Ai Weiwei [I]

Stephanie H. Tung

Izenburua:
Ai Weiwei [I]
Egilea:
Stephanie H. Tung
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artea eta gizartea | Artea eta kultura | Artea. Merkatua
Artelan motak:
Argazkia | Pintura
Aipatutako artistak:
Ai, Weiwei

54 Han dinastiako ontzia Coca-Colaren logotipoarekin (Han Dynasty Urn with Coca-Cola Logo), 1993
Pintura loza gainean, 25 × 28 × 28 cm. M+ Sigg Collection, Hong Kong, dohaintza

55 Han dinastiako ontzi bat erortzen uzten (Dropping a Han Dynasty Urn), 1995
Zilar-gelatinazko hiru kopia, 148 × 121 cm bakoitza. Honen eskaintza: Ai Weiwei Studio

 

Han dinastiako ontzia Coca-Colaren logotipoarekin (1993) eta Han dinastiako ontzi bat erortzen uzten (1995) trantsizio-objektu garrantzitsuak dira Ai Weiwei-ren obran. Hamarkada bat baino gehiago eman ondoren New Yorken bizitzen, egilea Pekinera itzuli eta handik gutxira sortu zituen lanak dira.

New Yorken bizi izan zenean, 1983–93 urteetan, Ai Weiwei bereziki zaletu zen Marcel Duchamp-en obrarekin. Bere 1988ko banakako erakusketan, Old Shoes, Safe Sex (Zapata zaharrak, sexu segurua) material bereziak erabili zituen, besteak beste gizonentzako larruzko zapatak, gabardina bat eta kondoi bat, txisteak egiteko readymadearen ideiaz. Pekinera itzuli zenean, berekin eraman zuen Aik sentiberasun hura, eta han trantsizioko obra nagusien corpus bat sortu zuen, besteak beste objektu txinatar tradizionalak baliatzen zituena, 1993ko udazkenean bere sorterrira itzuli eta handik gutxira.

Obra haietako bi dira Han dinastiako ontzia Coca-Colaren logotipoarekin eta Han dinastiako ontzi bat erortzen uzten; beste obra batzuetan baziren jade zizelkatuak, portzelanazko ontziak eta egurrezko altzariak1. Arte-eskolak utzita, Ai itzuli berria segituan hasi zen konprometitzen Warhol-en Manhattanen xurgatu zituen bereganatze-eta balioztatze-irakasgaiekin. Aldi berean, erreferentzia lauso bat egiten zien une hartan Txinako zaharkinen merkatuan zeuzkan negozioei; New Yorken aurkitu zuen merkatu hura, eta, arte-karrera bideragarririk ez zeukanez, Pekinen bizitzeko behar zituen bitartekoen osagarri gisa erabili zituen. Arte eta zaharkin txinatarren inguruko kultura sozialean zuen inplikazioa —bere “unibertsitatea”— funtsezkoa izan zen Airentzat artista gisa garatzeko2.

Han dinastiako ontzia Coca-Colaren logotipoarekin buztinezko ontzi arrunt bat da, Han dinastiakoa (K.a. 206–K.o. 220), eta hartan Aik Coca-Colaren logotipoa margotu zuen, logotipoaren hitz kurboak kutxaren beraren formarekin bat zetozela aprobetxatuz nonbait3. Kasu honetan, artistaren Han dinastiako gortesaua botila baten barruan (Tang Dynasty Courtesan in a Bottle, 1993) obran bezala, ontzia sortu duen nazioaren eta kulturaren alegoria bat da zeramikazko pieza. Muin-muinean txinatarra den ontzi bat bete-betean estatubatuarra den logotipo batekin profanatzeak, edo Tang hilobi batetik datorren iruditxo bat Absolut vodka botila batean sartzeak hainbat auzi sorrarazten ditu: nola kulturek elkar bereganatzen duten, nola ematen dieten sistemek balioa objektu materialei eta nola eusten dien boterearen diskurtsoak iritzi horiei4. Antzinako objektu bat eta kontsumoko produktu bat alboz albo existitzen dira tentsioz, eta tentsio hori ironikoki areagotu da, Han dinastiako ontzia Coca-Colaren logotipoarekin honen bertsioak egiten jarraitu baitu Aik, mundu osoko erakusketetan azaltzeko.

Han dinastiako ontzi bat erortzen uzten obrak performancearen aldeko mugimendu bat markatzen du Airen karreran. Liburu estalki zuria editatzen ari zen bitartean (1995), Aik, lasai-lasai eta berariaz utzi zituen bi Han ontzi erortzen kameraren aurrean (harekin loturiko beste obra batean, mailu bat hartu eta txiki-txiki egin zituen pare bat Qing katilu). Ekintza horien ondoriozko irudiek haustura-egintzaren zenbait une izoztu jasotzen dituzte, eta artistaren aurreko beste keinu batzuen areagotze moduan interpreta daitezke. Zerbait erortzen uztea ikonoklasta da, eta burla egiten dio artelanei ematen zaien balio fetixistari, aldi berean gogoan hartzen delarik Kultura Iraultzak nola erraustu zituen zaharkinak, “Lau zaharrak” (Si jiu) suntsitzeko bidean: ohitura, usadio, kultura eta ideia zaharrak. Baina irakurketa xeheagoei ere leku egiten die obrak. Galdetzen zaionean uste ote duen pieza hau botere- eta aginte-sistemen aurkako “kontrakeinu indartsu” bat ote den, Aik erantzuten du kutxak ez duela berez baliorik, objektu pasibo bat besterik ez dela, bere pisuaren eta grabitatearen mendekoa. Honela dio: “(Kutxa) boteretsua da bakar-bakarrik norbaitek boteretsua dela pentsatzen duelako, eta objektuari balioa ematen diolako”5. Kutxa erortzen utzita, hari balioa —eta, ustez, baita babesa ere— ematen dioten egitura sozial eta kulturala gainetik kentzeko ekitaldia antzezten du Aik. Kameraren aurreko gertaera horrek adar berri bat zabaltzen du Airen obran, zeina East Villageko esperimentazioko egun zurrunbilotsuetan gauzatu baitzen haren neska-lagun Lu Qing-en argazki probokatzaileetan (ikus 1994ko ekaina hurrengo fitxan), eta jarraitu baitzuten Airen irudi ikonoklastetan, esanahi politiko handiko monumentuei behatz luzea erakutsiz (Perspektiben azterlana, 1995ean hasia). Keinu hori, Airentzat, harexen hitzetan esanda, “neure errespetu mota da”6. —ST [Stephanie H. Tung]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Han dinastiako ontzia Coca-Colaren logotipoarekin obraren data 1995 bada ere Sigg Bildumako erreferentziazko materialean, 1993ko bukaeraren aldeko argazki argitaratugabe bat aurkitu nuen artistaren artxiboan egin nuen ikerketan, eta hantxe agertzen da obra hau, atzealdean. [itzuli]
  2. Ai Weiwei, egilearekin hizketan, 2015eko urtarrila. [itzuli]
  3. Charles Merewether, “Changing Perspective: Ai Weiwei with Charles Merewether”, hemen: Ai Weiwei: Works, Beijing 1993–2003, Merewether (arg.), Hong Kong: Timezone 8, 2003, 28. or. [itzuli]
  4. Philip Tinari, “Postures in Clay: The Vessels of Ai Weiwei”, hemen: Ai Weiwei: Dropping the Urn; Ceramic Works, 5000 BCE–2010 CE, Joseph N. Newland (arg.), erak. kat., Glenside, Philadelphia: Arcadia University Art Gallery, 2010, 32. or. [itzuli]
  5. Charles Merewether, “Changing Perspective”, 31. or. [itzuli]
  6. Ai Weiweiren iruzkina. [itzuli]

Erakusketa hautatuak

54            2005: Mahjong: Contemporary Chinese Art from the Sigg Collection, Kunstmuseum Bern; 2009an toki hauetara eraman zuten erakusketa: Hamburger Kunsthalle, Hanburgo; Berkeley Art Museum and Pacific Film Archive, University of California; eta Peabody Essex Museum, Salem, Massachusetts. 2010: Barely Something, Stiftung DKM, Duisburg, Alemania. 2013: Ink Art: Past as Present in Contemporary China, The Metropolitan Museum of Art, New York

55            2009: Ai Weiwei: According to What?, Mori Art Museum, Tokio; 2014an toki hauetara eraman zuten erakusketa: Hirshhorn Museum and Sculpture Garden, Smithsonian Institution, Washington, D.C.; Indianapolis Museum of Art; Art Gallery of Ontario, Toronto; Pérez Art Museum, Miami; eta Brooklyn Museum. Ai Weiwei: So Sorry, Haus der Kunst, Munich. 2011: Ai Weiwei: Absent, Taipeiko Arte Ederren Museoa. 2015: Ai Weiwei, Royal Academy of Arts, Londres

PDF-a JAITSI