Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Inside Out: New Chinese Art

Anthony Yung eta Jane Debevoise

Izenburua:
Inside Out: New Chinese Art
Egilea:
Anthony Yung eta Jane Debevoise
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Erakusketak | Neurketa Berria taldea | Dualtasuna
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Artelan motak:
Argazkia | Bideoa | Instalazioa | Performance | Pintura
Aipatutako artistak:
Cai, Guo-Qiang | Chen, Shaoxiong | Geng, Jianyi | Huang, Yong Ping | Liang, Juhui | Lin, Yilin | Qiu, Zhijie | Song, Dong | Wang, Gongxin | Wang, Guangyi | Wenda, Gu | Wu, Shanzhuan | Xu, Bing | Xu, Tan | Yin, Xiuzhen | Zhang, Huan | Zhang, Peili

Asia Society Galleries, New York eta P.S.1 Contemporary Art Center, Long Island City, New York,
1998ko irailak 15–1999ko urtarrilak 3

Beste egoitzak: San Francisco Museum of Modern Art eta Asian Art Museum of San Francisco (1999ko otsailaren 26tik 1999ko ekainaren 1era); Museo de Arte Contemporáneo de Monterrey, México (1999ko uztailaren 9tik urriaren 10era); Tacoma Art Museum eta Henry Art Gallery, Seattle (1999ko azaroaren 18tik 2000ko martxoaren 7ra); National Gallery of Australia, Canberra (2000ko ekainaren 3tik abuztuaren 13ra); eta Hong Kong Museum of Art (2000ko irailaren 22tik 2000ko azaroaren 8ra)

Artistak: hirurogeita bost artista eta talde, haien artean Cai Guo-Qiang, Chen Shaoxiong, Geng Jianyi, Wenda Gu, Huang Yong Ping, Liang Juhui, Lin Yilin, Neurketa Berria taldea, Qiu Zhijie, Song Dong, Song Yongping, Wang Gongxin, Wang Guangyi, Wen Pulin, Wu Shanzhuan, Xu Bing, Xu Tan, Yin Xiuzhen, Zhang Huan eta Zhang Peili

Komisarioa: Gao Minglu, Gary Garrels eta Colin Mackenzierekin batera

Antolatzailea: Asia Society, New York eta San Francisco Museum of Modern Art

Argitalpena: Inside Out: New Chinese Art, University of California Press, Berkeley; Asia Society, New York; San Francisco Museum of Modern Art, San Francisco, 1998, Gao Minglu-ren argit., Norman Bryson, Johnson Chang Tsong-zung, David Clarke, Gary Garrels, Colin Mackenzie eta Wu Hung-en saiakerekin, besteren artean, 223 orri; ingelesez.

 

1980 eta 1990 hamarkadetan, arte garaikide txinatarrak ez zuen oihartzun handirik izan Estatu Batuetan Europarekin alderatuta, arte hura erakusketa bakan batzuetan besterik ez baitzen aurkeztu, eta erakusketa haiei ez zitzaien jaramon handirik egin hedabideetan1. China’s New Art, Post-1989 erakusketa bera, hainbat urtetan bidaiatzen jardun bazuen ere, oharkabean gertatu zen ia osorik, eta aldi bakarrean aipatu zen zirkuitu ofizialeko arte-aldizkari garrantzitsu batean2. Hainbat analisiren arabera, garai hartako Art in America, Artforum eta ARTnews iragarkirik gabeko orrietatik, ehuneko bat baino gutxiago eskaini zitzaion Txinatik zetorren arteari; eta horrez gainera, Estatu Batuetan eta Europan bizi ziren artista-zerrenda murritz bati zegokion, gehienetan Cai Guo-Qiang, Chen Zhen eta Xu Bing-i3.

Arreta-falta hura zuzentzen hasi zen, ordea, 1998. urtean, Inside Out: New Chinese Art inauguratu zenean New Yorkeko hiriko bi egoitzetan: Asia Society eta P.S.1 Contemporary Art Center (gaur egun MoMA PS1). Erakusketa gero San Franciscora eta Washingtongo estatura aldatu zen, baita Mexiko, Australia eta Hong Kongera ere. Gao Minglu zen komisarioa, eta erakusketa zabalak pintura-obrak, instalazioak, argazkia, bideoa eta performancea aurkezten zituen, hirurogeita bost artistak eta taldek eginak. Hautaturiko sortaren zabaltasunak eta kalitateak Txinako arte garaikidaren funtsezko garapenen testu-liburu batena zirudien erakusgai bat aurkezten zuten, 85eko Uhin Berriaren mugimendutik hasi, pop politikotik eta errealismo zinikotik igaro eta erakusketaren beraren uneraino heltzen ziren erakusketarrako propio sortutako hainbat pieza barne, besteak beste Cai Guo-Qiang-en Zure etsaiaren geziak maileguan hartuz (Borrowing Your Enemy’s Arrows) eta Wenda Gu-ren Zeruaren Tenplua (Temple of Heaven). Arte txinatarraren aurreko aurkezpenetan ez bezala, erakusketa hartan izan ziren Taiwango eta Hong Kongeko artistak, era horretan kulturalki zabalagoa den huaren kontzeptua baliatuz (zeina itzultzen baita, bai “txinatar hizkuntzako” herri gisa, bai “etnikoki txinatar” gisa).

Orduko hartan, Estatu Batuetan egoitza zuten kritikariek eman zuten erakusketaren berri. Eleanor Heartney-k hau idatzi zuen Art in American: “Testuinguru honetakoak diren pertsona ondo informatuen presentziak [komisarioen] taldean” bermatzen du “obra hautatuek saihestu dutela exotismoaren tranpa, zeinak aste asiarreko erakustaldi asko nortasun etnikoaren ageriko tranpetan zentratzera baitara­matza”4. Holland Cotter-ek zuhurrago jokatu zuen New York Timesen idatzi zuenean. “Arazoak badira. Tradizio txinatar klasikoaren miresle puristek […], inondik ere, mespretxatu egingo dute obra hauen parte handi bat, modaren mendekoak eta burutugabeak direlakoan, nekez txinatarrak. Baina Mendebaldeko arte garaikidea ondo ezagutzen duen edonor […] konturatuko da arte hau ez dagoela egunean, baina beste arrazoiengatik, lehen begiratuan aurkituko baititu Mendebaldeko ohiko estiloak, ez besterik, nola diren surrealismoa, kontzeptualismoa, etab., behin eta berriz erabiliak, ukitu postmodernoekin han eta hemen eguneratuak. Ez iritzi bat ez bestea ez da guztiz okerra. Baina biek uzten dute bazterrean gutxi gorabehera hamarkada bat eta erdi besterik ez daukan arte baten historia zabalagoa, konplikatuagoa eta sarritan kontraesankorra, eta argiaren abiadan aldatzen ari dena”5.

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Pasadenako Pacific Asia Museum-en, Kalifornian, bi erakusketa egin ziren: Beyond the Open Door: Contemporary Paintings from the People’s Republic of China (1987) eta I Don’t Want to Play Cards with Cézanne and Other Works: Selections from the Chinese ‘New Wave’ and ‘Avant-garde’ Art of the Eighties. Biek izan zuten Zheng Shengtian, Zhejiang Akademiako katedradun-ohiaren aholkularitza. 1993an zabaldu zen, Fragmented Memory: The Chinese Avant-Garde in Exile, erakusketa, Julia F. Andrews eta Gao Minglu zirela aholkulariak, Ohioko Wexner Center for the Arts-en, leku hartarako berariaz egindako instalazioekin. Egileak Huang Yong Ping, Wenda Gu, Wu Shanzhuan eta Xu Bing izan ziren. [itzuli]
  2. “Banned Art from China Tours the U.S.”, Art in America 83, 10. alea, 1995eko urria, 33. or. [itzuli]
  3. Jane DeBevoise, “Chinese Contemporary Art: At the Margin of the American Mainstream”, Yishu: Journal of Contemporary Chinese Art 4, 2. zkia., 2005eko ekaina, 67–68. or. [itzuli]
  4. Eleanor Heartney, “The Children of Mao and Coca-Cola”, Art in America 87, 3. zkia, 1999ko martxoa, 47. or. [itzuli]
  5. Holland Cotter, “Art That’s a Dragon with Two Heads”, New York Times, 1998ko abenduak 13. [itzuli]

PDF-a JAITSI