Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Infatuated with Injury

Anthony Yung eta Jane Debevoise

Izenburua:
Infatuated with Injury
Egilea:
Anthony Yung eta Jane Debevoise
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Giza gorputza | Heriotza | Erakusketak | Bizitza | Zentsura
Artelan motak:
Performance
Aipatutako artistak:
Peng, Yu | Sun, Yuan

Eskulturari buruzko Ikerketa Institutua, Arte Ederren Akademia nagusia, Pekin, 2000ko apirilak 22

Artistak: Datong Dazhang (Zhang Shengquan), Peng Yu, Qin Ga, Sun Yuan, Xiao Yu, Zhang Hanzi (Zhang Donghui)
ta Zhu Yu

Komisarioa: Li Xianting

Antolatzailea: Eskulturari buruzko Ikerketa Institutua, Arte Ederren Akademia Nagusia, Pekin

 

1990eko hamarkadaren amaiera aldera giza eta animalia-erraiekin esperimentuak egin zituzten zenbat artista ikaskideak izan ziren Arte Ederren Akademia Nagusiari (CAFA) elkartutako institutuan: Qin Ga, Sun Yuan eta Zhu Yu. Era hartako obren lehen erakustaldietako baterako —Inlaid (1998), CAFAko Eskulturako saileko korridore batean egin zen—, Sun-ek pareta zuri lau batean finkatu zituen arrainak, otarrainak eta dordokak, bizirik denak, argi-elementu apaingarriak balira bezalaxe, eta hantxe geratu ziren, hil ziren arte. Qin-ek, Sun-ek eta Zhu-k, Peng Yu eta Xiao Yu-rekin batera, era hartako beste erakusketa batzuetan ere parte hartu zuten, besteak beste Post-Sense Sensibility eta Infatuated with Injury izenekoetan (2000)1. Azken hori CAFAren Eskulturari buruzko Ikerketa Institutuan egin zen, Open-Studio programaren parte gisa, Zhan Wang artistak antolaturik. Erakusketa, argi zegoen, institutu barneko ekitaldi bat zen, itxia, eta hiru orduz besterik ez zen luzatu, baina berrehun bisitari inguru erakarri zituen2.

Post-Sense Sensibility erakusketan jadanik ikertu zuten bizitzaren eta heriotzaren gaia zabalduz, Sun Yuan eta Peng Yu plataforma goratu batean eserita ageri ziren, haien zainetatik odol-transfusio bat egiten zitzaien bitartean hilik jaiotako siamdar biki batzuei, zeinak egileen artean baitzeuden, metalezko erretilu baten gainean ipiniak. Beste obra batean, Peng Yu lurrean eserita zegoen altzoan umetxo baten gorpua zeukala, eta giza gantz likuatua ematen zion gorpuari jaten. Zhu Yu-k bere sabeletik kirurgikoki kendu zioten larruazal-puska bat hildako txerri baten gorputzari josi zion, eta Qin Ga-k emakume baten gorpua ipini zuen arrosa gorriak txertatuak zeuzkan izotzezko blokeen plataforma handi baten gainean zutik. Orobat jarri ziren erakusketan Datong Dazhang-en (Zhang Shengquan) obrak eta idatziak; bere buruaz beste egin zuen milurteko berriaren lehen egunean, suizidioa zela bere azken ekimen artistikoa aldarrikatuz.

Erakusketa hura zela-eta, hona zer azaldu zuten artistek: “Beti aztertu nahi izan ditugu gizakien existentziari eta heriotzari buruzko funtsezko arazoak”3. Ikusi zutelarik arte-eskoletan eta baita esperimentu zientifikoetan ere heziketa-helburuekin erabiltzen zirela giza espezimenak, ondoko hau jakinarazi zuten: “Gu giza gorputzarekin ari gara esperimentatzen, zuzenean hartuta hura material artistiko gisa”. Harekin, espero zuten “Sartaldeko eta Sortaldeko konbentzionalismo kulturalak gainditzea, arau etiko intuitiboei erronka egitea, pentsatzera eta gauzak objektibotasun eta independentzia handiagoz planteatzera jendea bultzatzea”4. Erakusketaren komisarioak, Li Xianting-ek, eguneroko bizitzako topaketekin alderatzen zituen artelanak —mahaian afaltzeko orduan eta film herrikoietan—, baina esan zuen artistek balioa handitu zutela, auzitan jarriz jarduera haiek berekin zekarten bortizkeria, aldi berean latzak, higuingarriak eta etsigarriak baitziren5.

Erakusketa amaitu eta gero, CAFAk ikerketa bat jarri zuen abian, eta, 2001eko apirilean, honako hau igorri zuen Kultura Ministerioak: “‘Artearen’ izenean egiten diren lizunkeriazko ekitaldi eta erakustaldi odoltsu eta basati guztiei amaiera emateko erabakiari buruzko jakinarazpena”; eta halaxe bukatu ziren artistek, jendaurrean behintzat, gorpuez, gorputzaren zatiez eta animaliez beren obretan egiten zuten erabilera6.

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Beste erakusketa orobat makabroen artean daude: Counter-Perspective: The Environment and Us, Pekineko Jianshe Unibertsitatea, 1998; Life and Culture (egoitza-eraikin bateko sotoan, Bei Sanhuan lu-ko 10. zenbakian, Pekin, 1999; Food as Art, Club Vogue, Pekin, 2000; eta Hurt, artistaren biltegia, Pekin, 2000. [itzuli]
  2. Wu, Exhibiting Experimental Art in China, 205. or. [itzuli]
  3. Wu Hung, “Infatuated with Injury: Open Studio”, hemen: ibid., 207–08. or. [itzuli]
  4. Ibid. [itzuli]
  5. Li Xianting, “Dui shanghai de milian cezhan shouji” (Komisariotza-oharrak Infatuated with Injury-ri buruz), hemen: “Yijian de mingfang: cong guojia yishi xingtai zhong chuzou” (Arte-kritikaren oparoaldia: ideologia nazionaletik urrunduz), Artoday, Taipei, 2010, or. 118–132. Ikus berebat Sun Yuan eta Peng Yu, Li Xianting-ek elkarrizketatuak. [itzuli]
  6. Ikus “Ministry of Culture Notice”, itzulp. Lee Ambrozy, hemen: Wu, Primary Documents, 276–77. or. Lehenik 2001eko apirilaren 3an igorria, titulu honekin: “Wenhuabu guanyu jianjue zhizhi yi ‘yishu’ de mingyi biaoyan huo zhanshi xuexing canbao yinhui changmian de tongzhi”. [itzuli]

PDF-a JAITSI