Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Yang Fudon

Stephanie H. Tung

Izenburua:
Yang Fudon
Egilea:
Stephanie H. Tung
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artea eta gizartea | Artea eta psikologia | Txina | Indibidualismoa
Artelan motak:
Bideoartea
Aipatutako artistak:
Yang, Fudong

90 Paradisu urrun bat (An Estranged Paradise), 1997–2002
35 mm-ko filma, zuri-beltzean, soinuduna, 76 min. The Museum of Modern Art, New York, dohaintza, Marian eta James H. Cohen-ek egina Michael Harrison Cohen beren semearen oroimenez

 

Yang Fudong-en Paradisu urrun bat (1997–2002) filmaren hasierako fotogrametan, esku batzuk agertzen dira: esku-ahur bat, aingira bat laztantzen; bi esku, elkar ukitzen, konexio bila; beste bat pospoloa pizten saiatzen. Eszena aldatu egiten da, eta paisaia-pintura jasoari buruzko ikasgai bihurtzen da, zeina bihurtzen baita filmaren haria, hortik aurrera: “Ikusleari xehetasun oro erakusten dizkion obra bat ez da joko obra betetzat”, dio kontalariak. Yuan dinastiako Ni Zan pintore intelektual ezagunaren (1301–74) hitzak bere eginez, honela jarraitzen du: “Nik pintura deritzodana ez dira pintzelkada solte eta zirriborratu batzuk baizik; ez dut bilatzen formen antzekotasuna, eta nire dibertsio hutserako sortua da”. Beste era batera esanda, esan eta adierazi gabea gauza bera baino garrantzizkoagoa da, agian. Film honetan, Yang-ek ez du bilatzen egiantzekotasuna, baizik giza psikea eta gizakia bizi den ingurunea lotuko dituen nolabaiteko sentimendu edo kontzientzia bat.

Paradisu urrun bat Yang-en hastapenetako obra da. 1997ko udaberrian egin zuen, 35 mm-ko filmean, zuri-beltzean, baina handik bost urtera amaitu eta editatu zuen, 2002ko Documenta 11rako. Txinako Arte Akademiako olio-pinturako sailean graduatu berria zen Yang, Hangzhou kostaldeko hiri idilikoan, Txinako historia kulturalaren “lurreko paradisuan”. Yang bezala, hirian bizi da filmeko protagonista, Zhuzi, baina iparraldekoa da, jatorriz, eta ikasketak amaitu berri ditu. Filmak Zhuzi-ren eguneroko bizitza arrunta erakusten du, hura hirian nora ezean dabilela, lanik gabe eta erabat atsekabeturik. Eurite-sasoia iritsitakoan, gero eta gehiago urruntzen da inguruko munduaz, bere ongizate fisikoaz kezkaturik eta oso argi ikusten ez duela bere bizitzako emakumeek zer rol betetzen duten. Azkenean, sasoia aldatzean, Hangzhouren edertasunaren aurrean amore eman, eta hiru emakumeetako batekin ezkontzen da; eta konprometituta egonik ere, lasaitasuna sentitzen du, igurikapen sozialak betetzeko moduan delako, estutasun handia sortzen baitzion haiek bete ezin izateak. Mantsoa eta nahitakoa da Yang-ek bere belaunaldiko txinatar gazte urbaniten gorabeherez egiten duen azterketa filmikoa, eta kontuan hartzen ditu sona handiko filmak, esaterako Jim Jarmusch-en Stranger Than Paradise (1984) eta Fei Mu-ren Spring in a Small Town (1948).

Yang-ek esan duenez, Paradisu urrun bat “garrantzi gutxiko film intelektuala da” (xiao wenren dianying), “zerorrentzat gorderik duzun ametsari eta ametsetan amets baten bila ibiltzeko sentimenari”1 eusten dioten intelektualen espiritua islatzeko duen moduagatik. Yang-ek gutxienez “erdi-intelektualtzat” du bere burua, herentzia klasikoarekin azaletik konprometitua, amateur baten modura. Garapen bizkorrean murgildutako Txina atze-oihal modura ageri dela, pasiboki etsita, asegabe eta ziurgabe sentitzen dira Yang-en intelektualak film honetan eta Zazpi intelektual banbu-baso batean (Seven Intellectuals in a Bamboo Forest), 2003–07 bere obra nagusian. Zenbateraino amore eman beharra dago bizitzara ongi egokitzeko? “Zirkulu handi batean ibili, eta, azkenean, iruditzen zaizu ez duzula ezertxo ere esan —dio Yang-ek—. Hitzaldi bat edo esaera zahar bat bezalakoa da. Aspergarri samarra da”2. —ST [Stephanie H. Tung]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Zhang Yaxuan, “An Interview with Yang Fudong: The Uncertain Feeling. An Estranged Paradise”, Yishu: Journal of Contemporary Chinese Art 3, 3. zkia., 2004ko iraila, 90 or. [itzuli]
  2. Ibid, 87 or. [itzuli]

Erakusketa hautatuak

2002: Documenta: Platform 5, Kassel. 2005: Yang Fudong, Castello di Rivoli Museo d’Arte Contemporanea, Turin. 2009: Shanghai Kino, Kunsthalle Bern. 2013: Yang Fudong: Estranged Paradise, Works 1993–2013, Kunsthalle Zürich; Kaliforniako Unibertsitateko Berkeley Art Museum eta Pacific Film Archive-ra ere eraman zuten. 2015: Yang Fudong: Incidental Scripts, Arte Garaikideko Zentroa, Nanyang-eko Unibertsitate Teknikoa, Singapur. 2016: Yang Fudong: The Light That I Feel, Daeguko Arte Museoa, Hego Korea

PDF-a JAITSI