Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

China Avantgarde

Anthony Yung eta Jane Debevoise

Izenburua:
China Avantgarde
Egilea:
Anthony Yung eta Jane Debevoise
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artea. Merkatua | Erakusketak | Kultura eta globalizazioa | Txina
Mugimendu artistikoak:
Arte Kontzeptuala
Artelan motak:
Bideoartea | Instalazioa | Pintura
Aipatutako artistak:
Ding, Yi | Geng, Jianyi | Gu, Dexin | Huang, Yong Ping | Lin, Yilin | Wang, Guangyi | Wu, Shanzhuan | Yu, Hong | Yu, Youhan | Zhang, Peili | Zhao, Bandi

Haus Der Kulturen Der Welt, Berlin
1993ko urtarrilak 30-maiatzak 16

Beste egoitzak: Kunsthal Rotterdam (1993ko maiatzaren 29tik 1993ko abuztuaren 22ra); Museum of Modern Art, Oxford (1993ko irailaren 4tik 1993ko urriaren 24ra); Kunsthallen Brandts Klædefabrik, Odense, Danimarka (1993ko azaroaren 12tik 1994ko otsailaren 6ra); eta Roemer-und Pelizaeus-Museum Hildesheim, Alemania (1994ko ekainaren 17tik azaroaren 27ra)

Artistak: Ding Yi, Fang Lijun, Geng Jianyi, Gu Dexin, Huang Yong Ping, Lin Yilin, Ni Haifeng, Wang Guangyi, Wang Jinsong, Wu Shanzhuan, Yan Pei-Ming, Yu Hong, Yu Youhan, Zhang Peili, Zhao Bandi eta Zhao Jianren

Komisarioak: Hans van Dijk, Jochen Noth eta Andreas Schmid

Argitalpena: China Avantgarde, Haus der Kulturen der Welt, Berlin, 1993, Jochen Noth, Isabel Pöhlmann eta Kai Reschkea-ren argitalpena, Hans van Dijk, Li Xianting, Lang Shaojun, Jochen Noth, Pi Daojian eta Zheng Shengtian-en saiakera-lanekin, besteak beste. 328 orri; alemanieraz, ingelesko eta txinerazko edizioekin

 

1993. urteak mugarri bat markatu zuen arte garaikide txinatarrean, urte hartan zazpi erakusketa egin baitziren Txinatik kanpora1. Aurrenekoa, China Avantgarde, urtarrilean inauguratu zen Haus der Kulturen der Welt-en, Berlinen (HKW), Europako beste egoitzetara joan baino lehen. Bi alemaniarrek antolatu zuten, Jochen Noth-ek, zeinak Txinan lan egin baitzuen, Radio Beijing irratian eta truke akademikorako zerbitzu alemaniarrean, eta Andreas Schmid-ek, zeina kaligrafia ikasten jarduna baitzen Zhejiang Arte Ederretako Akademian (gaur egun Txinako Arte Akademia) Hangzhou-n, Nanjing-en hizkuntza eta kultura txinatarrak ikasia zen Hans van Dijk holandar diseinatzailearekin batera. Hirurak atera ziren Txinatik eta itzuli ziren beren sorterrira 1980ko hamarkadaren amaieraren aldean, eta zenbait urtez ahalegindu ziren erakusketak Europan antolatzen, Txinan ezagutu zuten arte berria erakutsi nahian. Alabaina, ahalegin haiek murriztuak gertatu ziren europar (eta estatubatuar) zenbait politika-jardunbideren ondorioz, Tiananmengo krisiaren ondoren, Txinarekiko trukea murriztea baitzuten helburua. HKWk onartu zuen erakusketa 1991n egiteko proposamena, eta haren ondoren Noth, Schmid eta Van Dijk, HKWren ordezkaria zen Wolfger Pöhlmann-ekin batera, ikerketa-bidaiak hasi ziren egiten Txinara, Estatu Batuetara eta Europako beste herrialdeetara.

Erakusketaren tituluan bertan Pekineko 1989ko China/Avant-Garde erakusketaren tituluari erreferentzia eginez, Txinan nabari zen jarrera kultural aurrerakoia azpimarratu nahi zuten komisarioek, jarrera hark erronka egiten baitzion joera nagusiaren eta establishmentaren kultura ortodoxoari, komisarioen iritzian Europan desagertua zen oposizio-espiritu bat adieraziz. Orobat nahi zioten aurkeztu Mendebaldeko publikoari 1985 eta 1993 bitarteko arte txinatar esperimentalaren sorta zabala, “[Europan] diren aurreiritziak eta klixeak zuzentzeko”2. Erakusketako obrak, modu orokorrean, bi kategoria handitan sailka daitezke: lehenengoa obra kontzeptualari dagokiona da, instalazio eta bideoarena, Geng Jianyi, Gu Dexin, Ni Haifeng, Zhang Peili eta beste zenbaiten ekarpenekin. Bigarren kategoriak pintura-esperimentazioa agertzen zuen, pop politikoaren eta errealismo zinikoaren adibideak barne (ondorengo sarreran definituak), Fang Lijun, Yan Pei-Ming eta Yu Youhan artistenak.

Erakusketaren beraren ondoan, hainbat programa osagarri izan ziren: Bei Dao, Gu Cheng eta Mang Ke poeta garaikideen irakurraldiak; Godoten esperoan obraren egokitzapen bat, Meng Jinghui-k zuzendurik; Qu Xiao-Song, Tan Dun eta beste musikagile txinatar gazteen musikaren interpretazioa; zuzendari txinatarren filmen proiekzioa, hala nola Wu Wenguang eta Zhang Yuan-en filmena; eta sei orduko rock-kontzertu bat, zeinean parte hartu baitzuten Cui Jian-ek, Tang Dynasty-k eta Cobra banda femeninoak. Kontzertuak entzule asko bildu zituen eta dokumental bat egin zen, musika-taldeko kideekiko elkarrizketak ere eman zirena3.

Katalogoa izan zen erakusketaren beste ekarpen garrantzitsu bat. Erakusketan aurkezturiko hamasei artistez gainera, katalogoan beste berrogei profesional garaikidek ere egin zituzten ekarpenak, eta espezialista eta kritikari ezagunen saiakera-lanak ere baziren, arte bisualak baina harantzago zihoazen gaiei buruzkoak, musika eta literatura ere lantzen baitzituzten. Txineraz, ingelesez eta alemanieraz argitaratu zen, eta hauxe da oraindik ere Txinako 1980 eta 1990 bitarteko arteaz dagoen erreferentziarik hoberenetako bat.

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Ikus hemen urte hartako erakusketen zerrenda osoa: Jane DeBevoise, Between State and Market: Chinese Contemporary Art in the Post-Mao Era. Brill, Boston, 2014, 267. or. [itzuli]
  2. Andreas Schmid, “The Dawn of Chinese Contemporary Art in the West: A Look Back at the Making of the Exhibition China Avantgarde, 1999”, hemen: Negotiating Difference: Contemporary Chinese Art in the Global Context, argit. Birgit Hopfener, Franziska Koch, Jeong-hee Lee-Kalisch eta Juliane Noth, VDG, Weimar, Alemania, 2012, 288. or. [itzuli]
  3. Ikus [itzuli]

PDF-a JAITSI