Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Geng Jianyi [II]

Xiaorui Zhu-Nowell

Izenburua:
Geng Jianyi [II]
Egilea:
Xiaorui Zhu-Nowell
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Gizakia | Artea eta denbora | Artea eta ekonomia | Artea eta politika
Teknikak:
Collage | Litografia
Artelan motak:
Inprimaketa
Aipatutako artistak:
Geng, Jianyi

 

15 Bost urratseko bi sail arropak janzteko (Two Series of Five Steps of Wearing Clothes), 1991
Fotokopia ebakiak, zur gainean itsatsiak, 122 × 147 × 0,3 cm. M+, Hong Kong

16 Gaizki inprimaturiko liburuak (Misprinted Books), 1992
18 liburu, offset litografia, estalki gogorra, 27 × 19,5 × 2 cm bakoitza, 286 orri. Chang Tsong-zung-en bilduma

 

1990eko hamarkadaren hasieran, Geng Jianyi-k fotocollage kontzeptual batzuk egin zituen landu gabeko kontratxapatuaren gainean, gizon bat irudikatzen zutenak ekintzarik oinarrizkoenak egiten, txalo eginez, irribarrez edo jaka bat janzten esate baterako; keinu bakoitza pausoetan deskonposatzen da, gizakia izateko modua azaltzen duen irudizko argibide-eskuliburu bat balitz bezala. Obra hauek Bruce Nauman-en Gorputz-presioa (Body Pressure, 1974) obraren antzekoak dira; hala, arte testual kontzeptuala eta performancearen artea konbinatzen dituzte, eta ikuslea antzezlea izatera gonbidatzen dute, eguneroko jokamoldea eteteko xedea duten ekintza sotiletan parte hartuz. Bi artistek lehengai merkeak erabili zituzten, masako ekoizpenekoak, esate baterako inprimagailuko paper mehea, eta industriako eraginkortasunaren eta presaren estetika bat eransten zion horrek obrari. Nauman-en Gorputz-presioak testu inprimatua besterik ez du erabiltzen parte-hartzaileei argibideak emateko; Geng-en collageek, aldiz, pausoz pauso ematen dituzte hainbat eginkizunetarako argibideak, zuri-beltzeko fotokopietako irudiekin, landu gabeko kontratxapatuaren gainean itsatsita, non gizon batzuk ageri baitira ekintza horiek egiten. Formatu eskematiko horrek gimnastika-taula jakin batzuk gogorarazten ditu, paretan zintzilikatzen diren eta Japonian eta Txinan oso zabalduak dauden goizeko irratsaioetan edo “berotze”-ariketetan erabiltzen direnak, zeinak sarritan derrigorrezkoak baitira ikasle, fabriketako langile eta enpresetako enplegatuentzat. Beste konparazio bat eginez, Gengek berebat aurkezten zuen erritmo-neurri bat bere obretan, eta hartara argibideek gehiago funtzionatzen zuten koreografia edo partitura baten moduan. Gengen txaloetan oinarrituriko erritmo-sistema gorputz heziketako irakasleek erabiltzen dutenaren antzekoa da, eta erritmo sendo bat ezartzen du obra bakoitzaren interpretaziorako. Esate baterako, Bost urratseko bi sail arropak janzteko (1991) lanean, jaka janzteko eta jertsea eranzteko ekintza bakoitza “Bost txaloko segida batean” neurtzen du Gengek. Erritmo boskoitzeko bertsio libre honetan, txalo bakoitza bost posizioetako bakoitzari dagokio1. “Txaloak 5-6-7-8” eta “Hiru txalo” dira egilearen beste txalo-denborako konpasak. Gengek errepikapena “erritmo” gisa erabiltzeak analogia musikal bat adierazten du eta aldi berean denboraren igarotzeari erreferentzia egiten dio, aurrerabide lineala delakoan. Eguneroko ekintzei neurri erritmiko bat emanez, Gengek giza gorputza mekanizatzen du, era horretan frogatuz nola agindu erako errepikapen-ereduek dikta dezaketen gizabanakoaren jokamoldea.

1989aren ondoren azaldu izana ere, abian zenean merkatu sozialeko ekonomia batean pribatizazioaren alderako trantsizio sakon bat, funtsezkoa da obra hauek ulertu ahal izateko. Jokamolde-ereduak sortuz ekintza itxuraz hutsal, “natural” eta egunerokoentzat, Gengek agerian utzi nahi du giza harremanen hainbat ideologiaren bidezko berrikuntza erreproduzitzeko gaitasunaren eta errepikatua berria delakoan aurkeztearen mendekoa dela. Horrixe egiten dio erreferentzia Henri Lefebvrek The Survival of Capitalism obran (1973), azpimarratzen duenean nola “erreprodukzioaren kontzeptuak eta teoriak ‘modernotasunak’ duen ezaugarri nabarmenetako baina gutxien aipatuenetako bat ateratzen du argitara: errepikapenaren nagusitasuna alor guztietan”2.

1990eko hamarkadaren erdialdean, beste obra-multzo kontzeptuala egin zuen Gengek testuan oinarrituta; artista-liburuen sail bat zen, eta hartan egileak hainbat metodoren bidez manipulatu zuen testua: idazketa, nahasmendua eta ugalketaren bidez, esaterako. Gaizki inprimaturiko liburuak obra (1992) Hong Kong-eko 1993ko China’s New Art, Post-1989 erakusketan agertu zen aurrenekoz, eta titulurik gabeko hiru konposizio grafikoren ondoan aurkeztu zen, zeinak Kultura Iraultzaren garaiko Eguzki Gorriaren irudietan oinarritzen baitziren, eta Gengek bereganatu egin zituen. Konposizio haien ondoan ipinita, Wu Hung akademikoak gogorarazten duen bezala, Gaizki inprimaturiko liburuak obrak ondorio politiko larriak zituen, Alderdiaren doktrina sakratuaren kontra artistak egindako biraoa baitziren”3. Gaizki inprimaturiko liburuak sortzeko, inprenta lokal batek bazterturiko zinkezko xaflak erabili zituen Gengek; baziren haien artean eskuliburu eta dokumentu ofizialak egiteko xaflak, eta egileak elkarren gainka jarri zituen ardura handiz bi karaktere-geruza, ezin irakurrizkoak izan zitezen. Testu-lerroak elkarrekin nahastu ziren, eredu erantsiak sortuz, tesela deigarriak ziruditela, jatorrizko hitzak abstrakzio ederreko irudiak bihurturik. Nahiz eta testua ezin irakurrizkoa gertatu, husguneak egokiak dira eta formatua ere liburu batena da, eta, era horretan, obra testu baten moduan ulertzea da, hasieran, ikusten duenaren joera. Alabaina, irakurketa ezinezkoa eta zentzurik gabea izatea lortzen du Gengek, eta, hala, irakurtzearen, kontatzearen, telosaren eta identitatearen arteko erlazio esanguratsuen adibide bat ematen du. Gengen Gaizki inprimaturiko liburuak obra erresistentzia-erakustaldi adierazgarri bat da, hizkuntzan oinarrituriko arte kontzeptualaren historian izan diren esanahi-sistema ortodoxoei aurre egiten diena. —XZN [Xiaorui Zhu-Nowell]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Partitura tradizionalaren egitura areago irauliz, Bost urratseko bi sail obran baziren halaber interpreteei nola jokatu azaltzen zieten argibideak, jakinaraziz “ez izateko indartsuegiak” eta “laguntzeko eta negoziatzeko prozesu osoan zehar”. [itzuli]
  2. Henri Lefebvre, The Survival of Capitalism: Reproduction of the Relations of Production, ingel. itzulp. Frank Bryant, St. Martin’s Press, New York, 1976, 32. or. [itzuli]
  3. Wu Hung, Making History: Wu Hung on Contemporary Art, Timezone 8, Hong Kong, 2008, 79 or. [itzuli]

Erakusketa hautatuak

15            1992: Recent Works: Art Show by Zhang Peili & Geng Jianyi since 1991, Qijiayuan-eko egoitza-multzo diplomatikoa, Pekin. 2012: Wu Zhi: 1985–2008 Geng Jianyi Works, Minsheng Art Museum, Shanghai

16            1993: China’s New Art, Post-1989, Hong Kong Arts Centre eta Hong Kong City Hall; Museum of Contemporary Art-eraman zuten, Sidney (ikus eraman zuten toki guztiak 283 orrian). 2012: Wu Zhi: 1985–2008 Geng Jianyi Works, Minsheng Art Museum, Shanghai

PDF-a JAITSI