Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Zeng Fanzhi

Philip Tinari

Izenburua:
Zeng Fanzhi
Egilea:
Philip Tinari
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artea. Merkatua | Ekonomia
Mugimendu artistikoak:
Espresionismoa
Teknikak:
Olio-pintura
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Zeng, Fanzhi

35 Haragia (Meat), 1992
Olio-pintura mihise gainean, 180,3 × 150,5 cm.
San Francisco Museum of Modern Art, hauen dohaintza: Vicki eta Kent Logan

 

Zeng Fanzhi-k 1991n bukatu zituen ikasketak Hubeiko Arte Ederren Institutuan, 1989ko zalaparta politikoek eragindako ziurgabetasun kulturalaren erdian. Hogeita zazpi urte zituen ordurako, ez baitzuen etsi Olio-pinturako sailean plaza bat eskuratu zuen arte; lau urtez behin, zortzi ikasleko talde hautatu bat baizik ez zuen onartzen sailak. Han ezaguna egin zen, birtuosismo handia zuelako eta ikaragarri saiatua zelako; institutuko liburutegiko ondare murritzaren bitartez pinturaren Mendebaldeko tradizioa landu zuen, eta Käthe Kollwitz, Max Beckmann eta Max Ernst-en tradizio espresionista alemaniarrean topatu zuen inspiraziorik handiena: irudikapen figuratiboa premia emozional larri bihurtu zuten artistak ziren denak. Orduan joera akademiko nagusia zen Errealismo sozialista sobietarraren usadiozko pedagogiaren baitan, bere ahots indibidualaren bila zebilen artista gazte bat esnatu zuten pintore haiek.

Eskolako historia- eta kritika-sailean irakasten zuen Pi Daojian kritikariak antzeman zion aurrenekoz Zengen talentuari, eta, graduatu ere baino lehen, banakako erakusketa propio bat antolatzen saiatu zenean artistak agertu zuen ausardiarekin bakarrik aldera zitekeen talentu hura. Erakusketa hori ez zen gauzatzera heldu, baina Piren “An Early-Ripened Innocence” artikulua Zengen zortzi obraren erreprodukziorekin agertu zen Jiangsu huakan (Jiansu ilustratua) aldizkariaren 1991ko urtarrileko alean; huraxe zen garai hartan Txinako arte-aldizkari nagusia, eta nazio mailako ospea eman zion probintzietako gazteari. Bere graduazio-proiektuan, Zengek triptiko bat margotu zuen, herriko ospitale batean ikusi izan zituen eszenetan inspiratua. Bete-betean ageri da hartan artistaren espresionismo figuratiboa, arduraz orkestraturiko konposizioekin, adimen zorrotzez behaturiko gertaera-xehetasunekin eta pintzelkada zabal eta trinkozko eta kolore sakon eta oxidatuzko estilo pertsonal batekin. Geroago antzeko beste hiru triptiko sortu zituen, pintura erlijioso kristauko eszena tradizionalak egokituz, Gurutzetik Jaistea esate baterako, baita triptikoaren formatua bera ere.

Obra haiek bukatu zituenean, Zengen interesa aldatu egin zen, eta ospitaleko giza harategitik bere auzoan zen animalia-harategira igaro zen. 1992ko udaberrian, ordu asko eman zituen aldez aurreko argazkiei beha eta argazkiak eginez (argazki haiek galdu egin dira) harategi hartan, non egunean hamar mila txerri akabatzen zituen gertuko hiltegi bateko haragi izoztua hartzen baitzuten. Zengi oso deigarriak gertatzen zitzaizkion harakinaren tresnak —labanen esekigailua goian, ezkerreko partean, baskula behean, eskuinaldean, haragia biltzen duten mihise zuriak—, eta azkenean konposizioa laukiztatzeko erabili zituen. Bi gizon ageri dira zutik, animalia hilen erdian. Era berean, agerikoa gertatzen da hemen britainiar pintore modernoen aldeko interes berria, bereziki Francis Bacon-enganakoa; izan ere, haren 1954ko Irudia Haragiarekin (Figure with Meat) obrak Velázquezen 1650eko Inozentzio X. Aita Santuaren erretratua berrikusten du, agian Zengen geroko engaiamenduak inspiratuko zituen moduan, Mendebaldeko artearen, eta, geroago, arte txinatarraren historiako irudiekin.

Deng Xiaoping-ek Txinako hegoaldean barna egin zuen itzuliak eta erreforma ekonomikoaren indartzearen iragarpen ofizialak markatutako urte hartan bertan, geroago, Johnson Chang Tsong-zung-i saldu zion Zengek koadro hura, ospitaleko triptiko batekin batera. Hong Kongeko arte-komisarioa eta -tratularia zen Johnson, eta ikusgai jarri zuen koadroa bere China’s New Art, Post–1989 erakusketa historikoan. Erakusketa hura mundu osoan barna ibili zenez gero, Zengen karrera artistikoak, nazioarteko eraginen hibrido bat izaki, bere toki propioa topatu zuen, Txinaren bitartez, solasaldi globalean. —PT [Philip Tinari]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Erakusketa hautatuak

1993: China’s New Art, Post–1989, Hong Kong Arts Centre eta Hong Kong City Hall; Museum of Contemporary Art-era eraman zuten, Sidney. 2008: Half-Life of a Dream: Contemporary Chinese Art from the Logan Collection, San Francisco Museum of Modern Art

PDF-a JAITSI