Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Xu Bing eta Ai Weiwei

Xiaorui Zhu-Nowell

Izenburua:
Xu Bing eta Ai Weiwei
Egilea:
Xiaorui Zhu-Nowell
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Kritika | Dualtasuna | Boterea
Aipatutako artistak:
Ai, Weiwei | Xu, Bing

95 Wu Street, 1993–94
Aurkitutako lau koadro, olio-pinturaz mihisez estalitako ohol gainean margotuak, fotokopiak, aldizkari-orriak eta kalkatzeko papera, testu eta irudiek osatutako collagearekin; hiru koadro 90 × 60 cm-koak eta bat 60 × 90 cm-koa; sei aldizkari-orri, hiru aldizkari-orri pila eta bi aldizkari: 28 × 20 cm orrialde bakoitzak; instalazioaren araberako guztizko neurri aldakorrak. The Art Institute of Chicago, Mary and Leigh Block Funden aurretiko eskuratze
baten bidez

 

Xu Bing 1990eko uztailean iritsi zen AEBra, Wisconsin-Madisoneko Unibertsitatearen beka bat onartu ondoren. Handik urte batzuetara, New Yorkera aldatu zen, eta, han, Ai Weiwei-rekin bizi izan zen denbora labur batez, hark Lower East Siden zuen estudioan. Orduan abiatu zen bien arteko Wu Street (1993–94) lankidetza-proiektua, Wu Jie-n (5. Kalea), zehazki, Bigarren Etorbideko kantoian, East Villagen. Izan ere, toki hartantxe koadro abstraktu batzuk topatu zituzten zabor artean botata, eta beren obra berriaren oinarri modura erabiltzea erabaki zuten. Bikoteak koadroak berreskuratu eta egin beharreko guztiak egin zituen haiek arte abstraktuko maisulanak balira bezala agerrarazteko, txinatar irakurle sinesberentzako aldizkari jakin batzuk baliatuta. Koadroei Melissa Feldman arte-kritikari eta komisarioaren aurretiko testu bat atxiki zioten, Jonathan Lasker-en obra bat deskribatzen zuena. Feldmanen testua eraldatuta eta artistaren benetako izenaren ordez “Jason Jones” eta testugilearenaren ordez “Harold Phillips” izenak jarrita, itzultzaile profesional bat kontratatu zuten, testua txinerara itzul zezan. Azken saiakera 1994ko otsaileko alean argitaratu zuten World Art (Shijie meishu) aldizkarian, izenburu honekin: “Jason Jones: Paintings in Planning”. Aurrerago, urte hartan bertan, Bronxen egin zen Xu-ren atzera begirako erakusketa batean aitortu zuen bikoteak bere txantxa kontzeptual hura.

Wu Street obran, Ai Weiwei-ren kritika zorrotz eta satirikoaren eta Xu Bing-en oinarri sotil, gogoetatsu eta poetiko bereizgarriaren arteko uztarketa nabarmentzen da. Proiektuaren geruzakako esanahiak izenburuan hasten dira: Wu pinyinak 误 (gaizki ulertu) nahiz 悟 (argitzea) karakterrak adierazten ditu, Txan budismoaren koanei (paradoxa-galderei) buruzko meditazioetan garrantzi handiko kontenplazio-iturri diren kontraesanak. Saiakerak koadroei buruzko gaizki-ulertu batera daramatza World Art aldizkariaren irakurleak. Bestalde, litekeena da Wu Street obraren publikoa argitua izatea (artisten prozesu kontzeptual zabalagoaren eraginpean, Bronxen egindako Xu-ren erakusketaren bidez nahiz obrari buruzko testu historiko-artistikoak irakurri izanari esker). Obrako lekualdatze-geruza ugarien eraginpean egoteak indartu egiten du arte-kritikariak nahiz World Art aldizkariaren moduko argitalpen espezializatuetako testuek objektu artistikoak testuinguruan kokatzeari eta aintzatesteari dagokionez duten aginte-eginkizun ahaltsua. Birformulazio sinple baten bidez, zabor artean aurkitutako koadro bat balio handiko objektu kulturala bihur daiteke, eta artista irreal bat, maisu handia. Xu-k Wu Street obran hizkuntzaz egiten duen birformulazioak sendotu egiten du artelan bat ulertzeko haren testuingurua kontuan hartu beharraren ideia. Esku-hartze kontzeptualaren bidez, Wu Street obran egileek kritika zorrotza egiten dute Txinan Mendebaldeko artearen teoriak zalantzan jarri gabe erabat onartzen direlako; izan ere, kanal estataletatik argitaratzen dira maiz. Era berean arte-kritikan erabiltzen diren diskurtso eta idazkera anbiguoak ere arbuiatzen dituzte. Proiektu honetatik haratago, txineraren eta ingelesaren arteko tentsioa eta itzulpenak artearen harreran filosofikoki nahiz pragmatikoki betetzen duen egitekoa aztertzera bideratu dute Xu eta Ai-k beren jardueren parte handi bat. Wu Street obra sortu eta denbora gutxira, Xu eta Ai, Zeng Xiaojun-ekin batera, Liburu estalki beltza (Black Cover Book, 1994) itzal handiko argitalpena argitaratzen hasi ziren, zeinaren bidez jarri baitzituzten txinatar publikoaren eskura Marcel Duchamp, Andy Warhol eta Jeff Koons-en obra eta testu giltzarriak. —XZN [Xiaorui Zhu-Nowell]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Erakusketa hautatuak

1994: Xu Bing: Recent Work, Bronx Museum of the Arts, New York. 2015: The New Contemporary, The Art Institute of Chicago

PDF-a JAITSI