Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Feng Mengbo

Katherine Grube

Izenburua:
Feng Mengbo
Egilea:
Katherine Grube
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artea eta ekonomia | Artea eta gizartea | Artea eta historia | Artea eta politika | Artea eta teknologia
Artelan motak:
Instalazioa
Aipatutako artistak:
Feng, Mengbo

60 Nire album pribatua (My Private Album), 1996
CD-ROM instalazio interaktiboa bideo-proiekzioarekin, PC estazioa eta agertokia, soinuduna; guztizko neurri aldakorrak instalazioaren arabera. Artistaren bilduma

 

Artearen teknologia interaktiboen aplikazio aitzindariagatik da famatua Feng Mengbo Txinan. Grabatu-ikasketak egin ondoren Arte Ederren Akademia Zentralean, sarritan haurtzaroaren eta orduko teknologien nostalgiaz kutsatuak zeuden obrak hasi zen Feng egiten 1990eko hamarkadan eta 2000koaren hasieran; aldi berean, gerra hotza zela-eta, politikoki eta ideologikoki zatitua zegoen mundu baten kontraesanak adierazten zituzten obra haiek. Estiloaren ikuspegitik, lehenengo bideo-jokoen estetikan inspiratzen ziren, erresoluzio apaleko pixelazioaren efektu bisualetan zehazki, forma angeluarrak eta kolore bizi eta uniformeko gainazal lauak sortzen baitzituzten. 1997an, ordenagailuan, obra gero eta konplexuagoak hasi zen Feng egiten, argi erakutsiz nola menderatzen zituen programazio-kodea eta bideo-jokoen ingeniaritza, baita nola bilakatu zen jokalari amorratu ere.

Nire album pribatua (1996) izeneko obrak Fengen trantsizioa markatzen du, bideo-jokoen hizkera bisuala lantzen duen pintorea izatetik, teknologia interaktiboak pintura-hizkera narratiboa sortzeko erabiltzen dituen programadore izateraino. Diapositiba-aurkezpenerako softwarearekin zenbait urtez esperimentatzearen emaitza da Nire album pribatua; point and click interaktibo bat besterik ez da, CD-ROM artearen ohiko formatuaz egina, zeina 1990ko hamarkadan sortu baitzen, Macromedia Director softwarearekin. Nire album pribatua obrak lau kontaketa-hari dauzka, eta horietako bakoitzak Fengen familiaren belaunaldi bana lantzen dute. Lehen hiru kontaketak Fengen aitona-amona, guraso eta anai-arreben biografia irudidunak dira, gidoi grafiko baten formatuan kontatuak; badira zuri-beltzeko erretratuak, eta badira hainbat oroigarri, nola diren sarrera-txartelak, ohar-koadernoak, ezkontza-agiriak eta egoitza-erregistroko inprimakiak. Laugarren kontaketa-hariak “Guardia gorri txikiaren zinema” (“Cinema of the Little Red Guard”) du izena, eta aurreko hirurena ez bezalakoa du formatua: Fengen familiaren sekuentzia garaikideak dauzka, 1996ko udaberriko jaialdian filmatuak eta digitalki aldatuak artxiboko film baten itxura izan dezaten. Kronologikoki ordenaturik, argazkiek eta oroigarriek XX. mendean Txinan izan diren aldaketa politiko, sozial eta ekonomiko ikaragarrien baitan kokatzen dute artistaren familia. Janzkeraren aldaketak agerikoak dira, baita argazkietako eszena, objektu eta inguruen konposizio formalarenak ere; horrek guztiak historia nazionalaren erregistro autobiografiko bat sortzen du, eta aldez aurretik egituraturiko adierazle politikoak eta ideologikoak esperientzia indibidualaren nortasunaz hornitzen ditu Fengek. —KG [Katherine Grube]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Erakusketa hautatuak

1996: Remote Connections, Wäinö Aaltonen Museum of Art, Turku, Finlandia; 1997an toki hauetara eraman zuten erakusketa: ArtFocus, Jerusalem; Neue Galerie, Graz; eta Nikolaj Contemporary Art Center, Kopenhage. 1997: The Other Moderns, Haus der Kulturen der Welt, Berlin. Another Long March: Chinese Conceptual Art 1997, Chassé Kazerne, Breda, Herbehereak. Documenta, Kassel. Lyongo Bienala: L’Autre. Gwangjuko Bienala: Unmapping the Earth. Johannesburgoko Bienala: Trade Routes: History and Geography. 2015: The Civil Power, Minsheng Arte Garaikideko Museoa, Pekin

PDF-a JAITSI