Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Ai Weiwei [III]

Alexandra Munroe

Izenburua:
Ai Weiwei [III]
Egilea:
Alexandra Munroe
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Gizakia | Artea eta gizartea | Artea eta teknologia | Erbestea
Artelan motak:
Instalazioa
Aipatutako artistak:
Ai, Weiwei

112 Maitagarri-ipuina (Fairytale), 2007
Interneten bidez deitu eta bildutako 1.001 txinatar herritar arruntentzako ekitaldi parte-hartzailea,
Kasselera bidaia, Ai Weiweik Documenta 12 erakusketarako antolaturiko proiektu gisa
Qing garaiko 1.001 egurrezko aulkiren instalazioa, kokaleku finkorik gabe,
kontzentrazio publikoko eremuak sortzeko erakusketa esparruetan
Online-artxiboa eta materiala, blog bat, katalogo bat, dokumentalak eta argazkiak, eta galdetegiak

 

Jadanik 2007an, Txinak aurrea hartu zien Estatu Batuei munduko rankingean, Interneteko erabiltzaile-kopuruari zegokionez. Milioi-laurden bat lagun konektatzen ziren egunero, eta gizabanakoak beren nortasuna, beren gizartea eta kanpoko mundua imajinatzen zuen modua aldatzen zuten era horretan. Online-leku berriek boluntarioak biltzen zituzten ordura arte eskuraezina zen informazio-zaparrada deskargatzeko eta itzultzeko, eta lehen zeharkaezinak ziren muga sozialen gainetik pertsonak elkarrekin konektatzeko, milioika lagunen komunitateak eratuz; laster izango ziren online-leku haiek Txinako erakunderik jendetsuena, Alderdi Komunista alde batera utzita. “Haiek denak” zioen Evan Osnos kazetariak Interneten erabiltzaile txinatar gosetuez, “erremediorik gabeko utopikoak ziren, teknologian zuten fedeagatik”1.

Ai Weiwei izan zen komunikazio-plataforma berri horren garrantziaz konturatzen lehenetako bat. 2005ean zabaldu zuen bere bloga Sina webguneko atarian, eta Txinako Twitterreko erabiltzaile aktiboenetako bat bihurtu zen, 230.000 bat jarraitzaile baitzituen 2009 eta 2013 artean. Airentzat bereziki interesgarria zen Internetek duen ahalmena foro bat eskaintzeko eremu publikoan, hau da, gobernuaren zaintzaren helmenetik kanpo. Hori guztia aldatu egingo zen gero; baina, aurreneko urteetan, suspergarria gertatzen zen Interneten ahalmena bilkura-leku libre eta anonimo gisa. Interneten onarpen zabala Aik gizartearen gaitzei eskaintzen zien arreta handiagoarekin batera gertatu zen, gaitz haiek areagotu egin zirelarik gainera Txina Munduko Merkataritza Erakundean sartu ondorengo eta Olinpiar Jokoak ospatu aurreko aldian. Haren hainbat lanek aurre egiten zieten Txinako Estatu autokratikoaren hutsuneei: Txinako mapa (Map of China) saila, Estatuak Taiwanen gainean egiten duen aldarrikapenaren gaineko parodia (2003–11); Pekinen urbanizazioaren inguruko dokumental amaigabea (2004); eta Argi--iturria (Fountain of Light, 2007) eskultura, Vladimir Tatlin-en dorre sobietar utopikoarena, alferreko argi-armiarma bat bezala erortzen dena. Internetekin, Aik bitarteko bat aurkitu zuen bere protesta azaltzeko eta herriaren ezinegona pizteko. Hamarkadaren amaieran jadanik, mundu osoan gero eta ospe handiagoa hartzen ari zelarik, galdera honek laguntzen zion ospearen zabalkundean: zer da Ai Weiwei, artista edo aktibista?

Munduari aurpegi irribarretsua eskaintzen zion bitartean herrialdeak giza eskubideen eta gizabanakoen bizitzaren aurrean agertzen zuen mespretxua zen Airen suminduraren objektua. Hala, egoera hori iraultzeko desira zegoen Airen Documenta 12 erakusketarako proposamenaren estrategiaren atzean. Roger M. Buergel eta Ruth Noack-ek Migration of Forms (Formen migrazioa) gaiaren inguruan antolatu zuten bost urtez behin Alemaniako Kassel hiri industrial eta tristean gauzatzen den erakusketaren 2007ko edizioa, eta 49 herrialdeko 109 artista bildu ziren han. Proiektu hartarako, hitzez hitz hartu zuen Aik migrazioaren kontzeptua. Xehetasun guztiak antolatu zituen 1.001 herritar txinatar arrunt jaialdiaren egoitzara eramateko; gizabanako bakoitzaren bizitzaren balioaren adierazgarria zen mila laguneko kopuru biribilaren gaineko “bata”. Jendea biltzeko osorik ordaindua zen bidaia hartarako, bere Sinako blogean ipini zuen Aik iragarpena. Hiru egunean 3.000 eskaera baino gehiago jaso zituen, Txinako Herri Errepublikako ia probintzia guztietako pertsonenak. Atzerrira inoiz bidaiatu gabeko pertsonei lehentasuna ematea erabaki zuen, edota, bidaiarientzat bisa berezi bat eskatu behar zelarik, agian behar bezalako nortasun-agiri nazionalik ere izan gabe, ekimen harekin bizitza betiko aldatuko zitzaienei. Azkenean, langabezian zeuden pertsonak, poliziako funtzionarioak, saltzaile ibiltariak, nora gabeko arloteak, ikasleak, nekazariak eta zailtasunak zituzten artistak (eta haien seme-alaba batzuk), bi eta hirurogeita bederatzi urte bitartekoak, bisa alemaniarrak eskuratu eta Kasselera heldu ziren. Aik Maitagarri-ipuina deitu zion bere proiektuari, Kasseletik gertu jaioak ziren Grimm anaiei erreferentzia eginez, eta keinu bat eginez beren herritik sekula aterako zirenik ere bururatu ez zitzaien 1.001 lagunek gogoan zuten ametsari2.

Bidaia antolatzeaz eta pasaporteak eskuratzeaz gainera, Ai Weiwei Studio-k Maitagarri-ipuina proiektuan parte hartu zutenen ekipaiaren eta arroparen pieza bakoitza diseinatu zuen, eta Kasseleko ehun-fabrika zahar bat birgaitu eta haientzako aldi baterako egoitza bihurtu zuen, non bost sukaldari txinatar ere baziren. Parte-hartzaileei, iristen zirenean, USB memoria bat ematen zitzaien, F1001 logoarekin, proiektuari buruzko informazioa zeukana, eta Documentan sartzeko balio ziena, non turista kulturalen moduan mugitzen baitziren erakusketan barna, eta haren arte biziko forma baten gisan. Maitagarri-ipuina proiektuan funtsezkoa izan zen Aik esperientzia inbidual bakoitzaren inguruan sorturiko dokumentazioa: elkarrizketa filmatuak, August Sander-en estiloko erretratu-sail bat eta laurogeita hemeretzi puntuko galdetegi bat, galdetzen zuena, besteak beste, “Sukaldean badakizu?” eta “Santuak existitzen dira?”. Airen kode uniformeek Txinako gizarte zibila gidatzen dutenak imitatzen zituzten, baina, ezkutuan, prozesuak berebat argitzen zuen nola bizitza bakoitzak bere bideari jarraitzen dion, haiek gogoan hartu gabe. Eta hantxe zetzan magia.

Maitagarri-ipuina arteari buruzko Living as Form (Bizitza forma gisa, 2012) azterlanaren baitakoa zen, Creative Time-ko Nato Thompson komisarioak gidaturik. Aldez aurretik zedarritutako kubo zuriko galeria-espaziotik at, mundu errealean funtzionatzen duten gertaera komunitario horiek zerbait gehiago egiten dute, galeriaren eta artearen eta artearen eta ikusleen arteko mugak lausotzea baino. Liburuan, Claire Bishop arte-historialariak adierazten du arte parte-hartzaileak zenbateraino bultza dezakeen publikoa “ordena ideologiko nagusiak eragindako alienazio-egoera batetik emantzipatzera, bai kapitalismo kontsumistatik, bai sozialismo totalitariotik edo diktadura militarretik ere”3. Proiektu askok, haien artean Ai Weiweiren Maitagarri-ipuina izenekoak, alternatiba bat eskaintzen diote hainbat bidegabekeriari, askatasun indibidualaren eskuragarritasunari adibidez, utopia modernoaren historiari lotuz. Honela bukatzen du:

Jendea bitarteko gisa erabiliz, arte parte-hartzaileak beti izan du estatus ontologiko bikoitza: munduko gertaera bat da eta mundutik bereizita dago […]. Hortaz, gai da bi mailatan komunikatzeko —parte-hartzaileei eta ikusleei— eguneroko diskurtsoan erreprimitzen diren paradoxak, baita munduak eta gure erlazioak berriz imajinatzeko dugun gaitasuna zabaltzen duten esperientzia zital, aztoragarri eta atsegin-emaileak sortzeko ere4.

Maitagarri-ipuina ekitaldiaren baitan, Portikus erakusketa-aretoaren zuzendari Daniel Birnbaum-ek elkarrizketa bat egin zion Ai Weiweiri. Birnbaumek galdetu zion: “Zer gomendatuko zenieke gaur egun artista txinatar gazteei?”. Eta hona nola erantzun zion Aik galdera hari: “Askatasunaren alde borrokatu. Ahaztu artea”5. —AM [Alexandra Munroe]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Evan Osnos, Age of Ambition: Chasing Fortune, Truth, and Faith in the New China, Farrar, New York: Straus and Giroux, 2014, 137. or. [itzuli]
  2. Bidaia batzuk ezeztatu zirela-eta, 995 izan zen guztira parte-hartzaileen kopurua Maitagarri-ipuina proiektuan. Ondoz ondoko bost taldetan bidaiatu ziren Kasselera, talde bakoitzean ehundaka pertsona zeudela, 2007ko ekainaren 12tik uztailaren 11ra arte [itzuli]
  3. Claire Bishop, “Participation and Spectacle: Where Are We Now?”, hemen: Living as Form: Socially Engaged Art from 1991–2011, Nato Thompson (arg.), New York: Creative Time Books; Cambridge, Massachusetts: MIT Press, 2012, 36. or. [itzuli]
  4. Ibid. 45. or. [itzuli]
  5. “Ai Weiwei Interviewed by Daniel Birnbaum” hemen: Ai Weiwei: Fairytale; A Reader, Lionel Bovier eta Salome Schetz (arg.), Zurich: JRP/Ringier; Luzerna: Einfache Gesellschaft Fairytale, 2012, 113. or. [itzuli]

PDF-a JAITSI