Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Yu Hong

Lu Mingjun

Izenburua:
Yu Hong
Egilea:
Lu Mingjun
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Ekonomia | Zinema
Teknikak:
Pintura (pintura akrilikoa)
Artelan motak:
Argazkia | Pintura
Aipatutako artistak:
Yu, Hong

36 Deng Xiaoping-en itzulia Txinako hegoaldean barna, “China Pictorial”, 2. or., 6 zkia., 1992 eta 1992, Hogeita sei urte, “The Days” filmeko fotograma (Deng Xiaoping’s Tour in the South of China, “China Pictorial,” p. 2, no. 6, 1992, and 1992, Twenty-Six Years Old, a Still of the Film “The Days”), 2001, Hazkundearen Lekukoa (Witness to Growth), 1999–
Bi zati, ezkerrean: tinta-injekzioz egindako kopia, 68 × 100 cm; eskuinean: akrilikoa mihise gainean, 100 × 100 cm. Artistaren bilduma, Pekin

 

1999an hasi zen Yu Hong Hazkundearen Lekukoa kronika masiboen saila egiten. Epika gisa, kontagintza polifonikoa baliatzen du sailak, artistaren eta haren alabaren bizitzen zatiak irudikatzeko denbora-tarte luze batean zehar. Autorretratu bakoitza gertaera garaikide sozial, politiko edo kultural batekin (edo albiste batekin) dago parekatua, eta bi hari horiek elkarrekin gurutzatzen dira batzuetan, nahiz eta normalean paraleloan garatu. Artistak bere garaiaren inguruan dituen oroitzapenak, pertzepzioak eta fantasiak ikusten ditugu haien bidez. Obra horien artean, Deng Xiaoping-en itzulia Txinako hegoaldean barna, “China Pictorial”, 2. or., 6. zkia, 1992 eta 1992, eta Hogeita sei urte, “The Days” filmeko fotograma dira bereziki hunkigarriak. The Days (Egunak, 1993) filmeko fotograma batean oinarrituriko koadro bat da autorretratua; Wang Xiaoshuai-k zuzendu zuen film hura, eta Liu Xiaodong artista eta Yu Hong bera dira protagonistak. Irudian Yu ageri da, filmeko protagonista, ilea mozten. Obraren beste zatia hedabideetako argazki bat da, non Deng Xiaoping ikusten baita Txinako hegoaldean barna egin zuen itzulian. Renmin huabao (Txina Ilustratua) aldizkariko 1992ko ale batetik hartua da argazkia; hau da, The Days filma grabatu zen garai berekoa da.

Urte hartan berebiziko aldaketa ari zen gertatzen Txinako gizartean. Kazetako argazkian Deng Xiaoping ikusten da Shanghain eraikuntza-proiektu bat ikuskatzen; hegoaldearen, eta, azken batean, Txina osoaren urbanizazio eta komertzializazio bizkorrak eragin zituen eraikuntza masiboko proiektu tipikoa da. 1989ko gizarte-mugimenduaren astinduak baretu, eta Deng Xiaopingek bere merkatuko ekonomiako erreformak berritu ahala, pentsamoldea aldatzen hasi zen; gizarteko zoko guztiak auzitan jarri balira bezala izan zen. Giro kultural hura atzean duela, maitale-bikote baten historia kontatzen du The Days filmak: Dong (Liuk interpretatua) eta Chun (Yuk interpretatua), apartamentu txiki-txiki batean bizi dira, eta irakasle gisa lan egiten dute hiriko arte-akademian. Institututik dabiltza elkarrekin, eta bizitza gris, monotonoa dute, baina haien itxaropenek handitu egiten dira herrialdea hartu duen merkataritza- eta optimismo-olatu orokorraren ondorioz. Azkenean, bere ametsak bete nahian, Chun ausartzen da atzerrira joatera, eta Dong, berriz, sorterrian geratzen da, bere bizimodu bakarti eta etsiarekin jarraitzeko. Filmak fizkiozko nahiz errealitateko osagaiak dauzka, eta bi protagonisten bizitza errealeko esperientzietan oinarritzen da, hainbesteraino non lausotu egiten baitira antzezlearen eta pertsonaiaren arteko mugak. Bere burua pertsonaia gisa irudikatzeko, egoera hutsal batean zentratzen da Yu: zutik dago bere estudioko bazter batean (Yuren ikasle-denborako benetako logela da), ispilu baten aurrean, eta ilea mozten ari da. Sail osoan bezala, teknika errealista soila erabiltzen du Yuk. Koloretan eta argian oinarriturik, esan liteke eszena goizeko lehen orduan edo arratsaldean gertatzen dela. Kontraste gisa, irudia iluna eta adierazkortasunik gabea da: gizartearen aldaketa handi baten erdian, pertsonen artean dauden distantzia psikologikoak eta alde espiritualak iradokitzen ditu. —LMJ [Lu Mingjun]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Erakusketa hautatuak

2002: Yu Hong: Witness to Growth, East Modern Art Center, Pekin; He Xiangning Art Museum, Shenzhen, eta Hubei Arte Ederren Institutuko Museoa, Wuhan, Txina. 2009: Yu Hong: In and Out of Time, Guangdong Arte Museoa, Guangzhou. 2013: Portrait of the Times: 30 Years of Contemporary Art, Shanghai Power Station of Art, Shanghai

PDF-a JAITSI