Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Gu Dexin

Alexandra Munroe eta Philip Tinari

Izenburua:
Gu Dexin
Egilea:
Alexandra Munroe eta Philip Tinari
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artea eta ekonomia | Artea eta politika | Kritika | Morala | Tiananmen plazako protestak | Boterea
Artelan motak:
Bideoinstalazioa
Aipatutako artistak:
Gu, Dexin

116 2009-05-02, 2009
Pintura zur gainean, 74 panel: horietatik 64 panel 200 × 110 cm gutxi gorabehera, eta 10 panel 100 × 110 cm gutxi gorabehera; zementua eta laka gorria, 45 × 590 × 590 cm; eta bideo-instalazioa, koloretan, soinurik gabea, 3 min. Honen eskaintza: GALLERIA CONTINUA, San Gimignano/Pekin/Les Moulins/Habana

 

1980ko hamarkadaren hasieran lanean hasi zenetik, Gu Dexin-ek pinturak, eskulturak eta instalazioak sortu ditu, beti ere ageriko sinbolismoari uko eginez, lantzen aritu denaren ezaugarri materialaren mesedetan, izan material hori buztina, plastiko industriala, haragia edo fruta. Helduaroko obren tituluak, besterik gabe, amaitu ziren data izan dira: soluziorik hoberena, inondik ere, obraren beraren objektu fisikoan dagoena baino harantzagoko inplikazio oro saihesteko. 85eko Uhin Berria mugimenduko kide gisa, eta arte txinatar kontzeptualistako Ukimen Sentipena eta Neurketa Berria talde goiztiarretako funtsezko irudi gisa, Txinako arte garaikidearen bilakaera osoa bizi izan du Guk, eta bilakaera horren lekukoa izan da. Haren kritika hotzek bere ingurune politiko, sozial eta kulturaleko geruzetan dauden botere eta ideologiaren mekanismoak jartzen dituzte agerian, sarritan prozesu natural jakin batzuk lehen mailan aurkeztuta, usteldura esate baterako. Jarrera hori baldintza bat bezala onartzen du egileak, aldez aurretik antolaturiko edonolako estrategiak baztertuz. “Ezertxo ere ez dago nik egin nahi dudanik” esan zuen behin. “Pentsatzeko denbora izan, hori da nik nahi dudana […]. Ez dut gizadian sinesten”1. Modu berezian, Gu da bere belaunaldiaren kontzientzia.

2009ko maiatzaren 2an, une horretaraino bere obra izan zenaren guztiz bestelako azalpen bat aurkeztu zuen Guk munduaren aurrean. 798 Arte Barrutiko Galleria Continua aretoan ipini zen, eta erakustaldiaren izenburua, besterik gabe, inaugurazioaren data zen: 2009-05-02. Hiru osagai zeuzkan: sabai-leihoan, bideo-kiribil batzuek espazioko leiho fisikoak estaltzen zituzten telebisten pantailetan, etengabe agertuz hodei zuriak zeru urdinen gainean hurrenkera atseginean flotatzen. Galeriako zoruaren erdian, zementuzko plataforma bat zegoen, esaldi bakarra idatzia zuena: igo gaitezke zerura. Eta hori baino garrantzitsuagoa: espazio karratua inguratzen zuen friso baten moduan, panel-sorta bat zegoen, gobernuaren eraikinen kanpoaldean egon ohi diren kartel ofizialetako songti-karaktere eta kolore gorrimin tipikoan idatzitako hamaika esaldirekin. Testua dena segidan zegoen idatzia, puntuaziorik gabe, eta panel guztietan errepikatzen zen:

Jendea hil dugu gizonak hil ditugu emakumeak hil ditugu zaharrak hil ditugu haurrak hil ditugu jendea jan dugu bihotzak jan ditugu giza burmuinak jan ditugu jendea jo dugu jendea kolpeka itsutu dugu jendea aurpegian jo dugu aurpegia txikitu arte

Esaldi horiek, nahasiak baina errepikapenean ezagutzeko modukoak, Lu Xun idazle iraultzaile modernoaren maisulana gogorarazten dute, Ero baten egunkaria (1918), zeinean protagonista pixkana-pixkana konturatzen baita kanibalez inguratua dagoela. Azalpenezko enuntziatuak eta erruduntasun-onespen esplizituak diren neurrian, lerro horiek oroitzapena sublimatzen dute, testuak eta irudiak elkar desorekatzen duten bitartean. Geometria zurrun batek egituratzen du aurkezpena, bai hizkuntza-erretorikari, bai forma bisualari dagokionez (panelak gero 2010eko Gwangjuko Bienalean jarri ziren ikusgai, Massimiliano Gioni komisario zela, Carl Andre-ren labirinto itxurako zurezko kubo baten inguruan zintzilikaturik, karratu bat eratuz). Esaldi horien subjektuak —zehaztu gabeko gu batek— egintza ezin pentsatuzkoen erantzukizuna bere gain hartzen duenez, obrak ikuslea ere inplikatzen du ordena sozialaren azpian dagoen bortizkerian. Eta horrekin artistak gu guztiok hartzen gaitu kontuan.

Guren 2009-05-02 erakusketarako hautatu zen data ez zen oharkabean hartu. Erakusketa Tiananmengo plazako Ekainaren 4ko Gertaeren hogeigarren urteurrenaren garaian egon zen zabalik —urteurrena isiltzeko eginahalak egin ziren—, eta bideoko pantailetan ikusi eta oholtzan grabatuta dagoen “zeruak” Tiananmengo “tian”ari (天) egiten dio erreferentzia, Zeruko Bakearen Atea baita. Hura ez zen oroigarri arrunta. Erakusketan, 2009-05-02 bere azken artelana zela jakinarazi zuen Guk. Handik aurrera, Gu guztiz desagertu zen artetik eta artearen mundutik, artea, haren iritzian, berak onetsi nahi ez zuen sistema politiko, kultural eta moral baten konplize egin baitzen. Baliteke, beste edozein objektu edo irudi baino gehiago, uko horixe izatea Guren artelanik iraunkorrena. —AM eta PT [Alexandra Munroe eta Philip Tinari]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Hans Ulrich Obrist, Gu Dexin-i egindako elkarrizketa, hemen: Hans Ulrich Obrist: The China Interviews, Hong Kong: Office for Discourse Engineering, 2009, 173. or. [itzuli]

Erakusketa hautatuak

2009: 2009-05-02, Galleria Continua, Pekin. 2010: Gwangjuko Bienala: 10,000 Lives. 2012: The Important Thing Is Not the Meat, Ullens Center for Contemporary Art, Pekin

PDF-a JAITSI