Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Kwan Sheung Chi

Xiaorui Zhu-Nowell

Izenburua:
Kwan Sheung Chi
Egilea:
Xiaorui Zhu-Nowell
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artea eta ekonomia | Artea eta kultura | Artea eta politika
Artelan motak:
Bideoartea
Aipatutako artistak:
Kwan, Sheung Chi

46 Bandera igotzeko eta jaisteko zeremonia nire etxeko esekigailuan
(A Flags-Raising-Lowering Ceremony at My Home’s Clothes Drying Rack)
, 2007
Koloretako bideoa, soinuduna, 1 min 47 s. Artistaren eskaintza

 

Kwan Sheung Chi, egoitza Hong Kongen duen artista, Hong Kongeko Unibertsitate Txinatarren lizentziatu zen 2003an, eta bertako talde artistiko askoren kide fundatzailea izan zen, hala nola hkPARTg (arte politikoko taldea), Hong Kong Arts Discovery Channel (HKADC) eta Woofer Ten. Haren obra kontzeptualak sotilak baina subertsiboak dira: instalazioa, bideoa, marrazkia eta performancea ere lantzen dituzte, eta ikusleak bi bider begiratzera eta eguneroko bizitzako xehetasunei arreta handiagoz erreparatzera bultzatzen dituzte, artearen ekoizpena politikarekin eta eguneroko ekonomiarekin batuz. Bere hausnarketa eta kritika politikoetan, Kwanek biziki azpimarratzen du kulturak betetzen duen eginkizuna memoria kolektiboen eraketan eta igorpenean.

Hong Kongen iragana kolonia britainiar gisa, geroko egoera postkoloniala eta Txinarekiko mendekotasuna orain: eskualdearen hurbileko testuingurua da Kwanen lan kontzeptualaren muina. Lekuak eta oroitzapenek bat egiten dute gai politikoak planteatzen dituen eta determinista edo didaktikoa izan nahi ez duen esparru bat eratzeko. Hala eta guztiz ere, Kwanen obraren nolakotasun kritikoak guztiz probokatzailea izaten jarraitzen du. 2013an, Bandera igotzeko eta jaisteko zeremonia nire etxeko esekigailuan (2007) bideoa Shanghaiko Rockbund Art Museum-en ipini nahi izan zuen Kwanek, aurreneko Hugo Boss Asia Art Award lehiaketara aurkeztu zuen obraren parte gisa, baina Shanghaiko Kultura Bulegoak debekatu egin zuen; azkenean, Kwanek lehiaketa irabazi zuen. Obra bideo labur bat da, artistaren gurasoak lasai-lasai esekigailuan banderak igotzen eta jaisten erakusten dituena, eta aldi berean da keinu neurritsu bat eta ekimen politiko zorrotza.

Bideoa Hong Kongeko C&G Artpartment-eko espazio artistikoan estreinatu zen 2007an, eta Hong Kong Txinako Herri Errepublikak Administraturiko Lurralde Berezi gisa (HKSAR, ingelesezko siglak) eratu izanaren hamargarren urteurrenaren erreakzio gisa sortu zen. Kwanek HKSARen eskualdeko bandera bat pintatzeko proposatu zion Lee Kit artistari, xeheki jarraituz hartarako Jarraipen Teknikoko Estatu Aginteak emandako argibideak (“Txinako Herri Errepublikaren Estatu Arauak, GB16689-1996”). Horrez gainera, Wong Wai Yin artista gonbidatu zuen ehun margotua bandera moduan josteko. Bideorako, Kwanek bere gurasoak filmatu zituen bandera igotzeko (eta jaisteko) “zeremonia” bat egiten beren pisuko leihoaren kanpoan zegoen esekigailuan, txirrika-sistema batekin, hiru bandera erabiliz: HKSARekoa eskuz pintatua, Txinako Herri Errepublikako bandera nazionala eta Erresuma Batukoa. Bandera bakoitza airean igotzen den bitartean, tarte aleatorioetan, dagokion herri-ereserkiaren zati bat entzuten da. Entzuten denaren eta ikusten denaren arteko konexio hori segituan gauzatzen da bideoan, sinkresi izeneko prozesuaren bidez; Michel Chion zinemaren teorialariak eratutako terminoa da, eta honela deskribatzen du: “soinu-fenomeno eta fenomeno bisual berezien batasun ezin eutsizkoa, film batean aldi berean gertatzen denean”1. Laster agertzen dira bideoan sinkresiaren ahalmena eta efektuak, eta konplexutasun handiagoa eskuratzen dute filmak aurrera egin ahala. Bukaera aldean, banderak aldi berean baina oso noiz behinka jasotzen hasten dira Kwanen gurasoak, herri-ereserkien kakofonia bat eraginez; zailak gertatzen dira bereizten, eta nahasmendua sortzen dute. Disonantzia akustikoaren crescendo hori kontraste bizian gertatzen da gurasoek banderak erabiltzean ageri duten lasaitasunarekin, eta horrek tentsioa sortzen du Hong Kongeko etxetxo bateko leihotik kanpo gertatzen diren keinu txikiekin, elkarren kontrakoak diren ideologien presentzia mehatxagarriarekin eta Hong Kongeko etorkizun politikoan izan dezaketen paperarekin. —XZN [Xiaorui Zhu-Nowell]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Michel Chion, Audio-Vision: Sound on Screen, Claudia Gorbman (itzul.), New York: Columbia University Press, 1994, 63. or. [itzuli]

Erakusketa hautatuak

2007: Back to the Basic, C&G Artpartment, Hong Kong. Reversing Horizons: Artist Reflections of the Hong Kong Handover 10th Anniversary, Shanghaiko Arte Garaikideko Museoa. Arte Asiarreko Bienala: Have You Eaten Yet?, National Taiwan Museum of Fine Arts. 2012: Hong Kong Diary: Young Video Art from Hong Kong, 25 Bilder/Sekunde, Mannheim, Alemania. Living as Form (The Nomadic Version), Videotage, Hong Kong. Curatorial Hub at TEMP, New York, antolatzailea: Independent Curators International, New York. 2014: Kochi-Muziris Bienala: Whorled Explorations, Kochi, India.

PDF-a JAITSI