Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Wang Gongxin

Katherine Grube

Izenburua:
Wang Gongxin
Egilea:
Katherine Grube
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
ISSN:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artea eta identitatea | Artea eta kultura
Artelan motak:
Bideoinstalazioa
Aipatutako artistak:
Wang, Gongxin

48 Brooklyngo zerua—Pekinen zulo bat egitea (Sky of Brooklyn—Digging a Hole in Beijing), 1995
Koloretako bideo-instalazioa, soinuduna, 1 min 30 s, neurri aldakorrak. Artistaren eskaintza

49 Pekingo zerua—New Yorken zulo bat egitea (Sky of Beijing—Digging a Hole in New York), 2017
Koloretako bideo-instalazioa, soinuduna, 2 min, neurri aldakorrak. Artistaren eskaintza

 

Wang Gongxin artista Hiriburuko Unibertsitate Normalean lizentziatu zen 1985ean, eta estilo errealista akademikoan trebaturiko olio-pintore gisa saritu zuten. 1987an New Yorkera aldatu zen SUNY Cortland unibertsitateko irakasle gonbidatu moduan, eta hiri hartan geratu zen 1994ra arte, Albany-n lehendabizi graduondoko ikasle gisa, eta New Yorkeko hiriko egoiliar geroago. Brooklynen, nabarmen aldatu zen artistaren lana, eguneroko materialekin eta arte-irudi mugikorrekin harremanetan baitzegoen egunero. Jadanik 1995ean, Wangen praktikak leku jakin baterako berariaz egindako instalazioetara edo instalazio zinetikoetara jotzen zuen, eta bonbilla eskegiak edo txertatuak, metalezko edukiontziak, tinta eta beste fluido batzuk erabiltzen zituen argiaren, mugimenduaren eta inguruaren arteko jokoak lantzeko. Gaiaren ikuspegitik, haren obrak agerian jarri nahi izan zituen kultur arteko harremanaren dinamika eta bi toki eta bi kulturaren artistaren kudeaketa pertsonala.

Brooklyngo zerua—Pekinen zulo bat egitea (Sky of Brooklyn— Digging a Hole in Beijing, 1995) 1990eko hamarkadaren hasieran Wangek garatutako praktikaren luzapen materiala eta teorikoa izan zen, garai hartan nahita saihesten baitzituen sinbolo argi eta garbi txinatarrak, eta haien ordez objektu arruntak erabiltzen zituen. Instalazioa astebetean eraiki zen artistaren etxean, Pekinen, eta egongelaren erdian “putzu” bat induskatzean zetzan, 3,5 metroko sakonerakoa. Telebista-monitore bat ipini zen putzuaren oinarrian, eta hartan bideo-grabazio bat proiektatzen zen, begiztan, artistaren Brooklyngo estudioaren kanpoko zeru urdina azaltzen zuena, urte bereko otsailean grabatua. Putzuaren oinarritik gertu zeuden bozgorailu batzuek Wangen ahotsa ematen zuten, behin eta berriz esaten zuela txineraz: “Zeri begiratzen diozu? Zeri begiratu behar zaio? Zeruan hodei gutxi dago. Zer ikusi behar da hor?”. Halaber, baziren lauzaz osatutako lur zati lekualdatu bat eta hamar argazki prozesatu, lanaren eraikuntza dokumentatzen zutenak. Obraren tituluak bi hizkuntza-adierazpide hartzen ditu gogoan: jing di zhi wa txinatarra, zeinak deskribatzen baitu mundua ezagutzen duela aldarrikatzen duen igel bat, estaltzen duen zerua eta inguratzen duten putzuko ura oso ondo ezagutzen dituela-eta; eta “digging a hole to China” (zulo bat egitea Txinaraino) Ipar Amerikako eguneroko ingeleseko adierazpidea. Brooklyngo zerua txantxa bat da Txinako eta Mendebaldeko artistek eta komisarioek elkarri buruz duten iritziaren xalotasun iraunkorrari buruzkoa, eta burla egiten dio Txinatik datorren arte garaikideak nortasun nazional eta kultural finko bat irudikatu behar duelako ideiari.

Erakusketa honetarako, Brooklyngo zerua lanaren pareko obra bat sortu du Wangek. Pekineko zerua—New Yorken zulo bat egitea (2017) Guggenheimeko Frank Lloyd Wright biribilgunearen oinarrirako berariaz egindako instalazioak alderantzikatu egiten du aurreko obraren aburua. Ia bi hamarkada geroago, museo bateko zoruko zuloak munduaren beste aldeko zerua islatzen du, Brooklyngo zerua lanean erreproduzitzen den filmaketa grabatu ondoren Wang Gongxin bizi izan den hiriburu txinatarrekoa. Gauza asko aldatu dira harrezkero igaro diren urteetan, baina diferentzia eta distantziako sentipen horrek hortxe dirau. —KG [Katherine Grube]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Erakusketa hautatuak

48            2002: Guangzhouko Trienala: Reinterpretation: A Decade of Experimental Chinese Art (1990–2000), Guangdong Arte Museoa, Guangzhou. 2012: Shenzhen-go Eskultura Bienala. 2015: Present ·Being: The Video Works of Wang Gongxin over 20 Years, OCAT Shanghai. The Civil Power, Minsheng Arte Museoa, Pekin

PDF-a JAITSI