Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Wang Youshen

Philip Tinari

Izenburua:
Wang Youshen
Egilea:
Philip Tinari
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artea eta komunikabideak | Dekorazio-arteak
Artelan motak:
Inprimaketa
Aipatutako artistak:
Wang, Youshen

33 Barne-diseinua gonbidapenez 1994 (1994 Interior Design Invitational), 1994
Inpresio tipografikoa paper gainean (aurretik eta atzetik), 12 orri, 10,5 × 14,8 cm bakoitza. Bilduma pribatua

 

“1994an lekurik ez zen ia erakusketak egiteko, eta artistek oso aukera gutxi zuten beren obrak erakusteko”, hala zioen Pekingo Gaztediaren Egunkaria (Beijing qingnianbao) kazetan 1990ko hamarkadan egunez maketista gisa lan egiten zuen Wang Youshen-ek. “Horregatik saiatu ginen gauza berri bat egiten: espazio publikoa erabili ordez, paperezko hedabideetara jo genuen, erakusketa- eta sustapen-espazio berri bat zabalduz haietan”1. Egunkariaren barruan zuen eraginari esker —Pekingo Gaztediaren Liga Komunistak argitaratzen zuen egunkari hura—, Wangek aukera izan zuen urte oso batez arteari orri bat eskaintzeko hilero. Li Xianting-ek zuzendurik eta Pekingo merkataritza-enpresa batek finantzaturik —hiriko higiezin pribatuen boomaren hasieran, barne-diseinuan aritzen zen enpresa bat zen—, bazen orrian “Artea denontzat” izeneko zutabe bat, eta maisu modernoei buruzko beren komentarioak azaltzeko eskatzen zitzaien hartan irakurleei; hainbat gairi buruzko albisteak ere ematen ziren, esate baterako Txinaren lehen saioa São Pauloko Bienalean.

Orri horietako bakoitzaren muina goiko eskuinaldeko laukia zen, eta hilero artista berri banari ematen zitzaion, han proposa zezan zhuangxiu delakoari buruzko artelan bat. Hitz horren itzulpena, gutxi gorabehera, “dekorazioa” edo “berrikuntza” da, eta Txina urbanoko etxebizitza-jabeek beren pisu berrietan egiten duten egokitzapen-prozesuari egiten dio erreferentzia, pisu haiek hormigoizko pareta lakar batzuk besterik ez baitziren izaten jabeei ematen zitzaizkienean. Higiezinen merkatua irekitzen hasi zenean eta gobernuak emandako etxebizitzen ordez jabetza pribatua zabaldu zenean, zhuangxiu kontsumoaren funtsezko puntua bihurtu zen, eta artegintzan jarraitu ez zuten arte-akademietako lizentziatu asko espezializatu ziren gai hartan. Bitartean, sortzaile gonbidatuek, Pekingo abangoardiako parte-hartzaile aktiboenetako batzuk tartean, interbentzio guztiz bereziak proposatu zituzten erdi-mailako klasekoen etxe-barruentzat. Wang Guangyi-k jaki-toki bat proposatu zuen: apaletan lau edukigailu handi zeuzkan, albisteen argazkiekin apainduak, eta hiru egunez behin aldatuko ziren, jazotzen ziren gertaerak jarraitzeko; Wang Jianwei-k zirkuitu itxiko monitore-sistema bat zehaztu zuen, zeinaren zaintza-kamerak pisu osoan zehar ipinitako teleskopioekin lotuak bait­zeuden, kanpoko munduaren ikuspegiak eskaintzeko; Wang Luyan-ek gomendatu zion jabe bati ipintzeko komun bat tanga-akuario batekin, eta uzteko arrainak urik gabe zenbait segundoz kateari tira egiten zitzaion aldi bakoitzean, tanga berriz bete baino lehen. Proposamen horiek, urte hartan bertan argitaratu zen Liburu estalki-beltza (Black Cover Book, 1994) bezalako proiektuekin batera, argi erakusten dute, erakusketa-kultura irekirik gabe, nolako asmamenez aurkezten zizkieten artistek beren ideiak —baita Txinan gertatzen ari zen aldaketa bizkorrari egindako kritika ere—, elkarri nahiz publiko zabalagoei. —PT [Philip Tinari]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Wang Youshen, “Beijing Youth Daily 1994 Interior Design Invitational”/“Beiqingbao 1994 nian yishu shinei sheji fang’an yaoqingzhan”, LEAP/Yishujie, 2. zkia., 2010eko apirila, 156. or. Itzulpena editoreena da. [itzuli]

PDF-a JAITSI