Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Zhao Bandi

Philip Tinari

Izenburua:
Zhao Bandi
Egilea:
Philip Tinari
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artea. Merkatua
Teknikak:
Olio-pintura
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Zhao, Bandi

32 Zhang gaztea (Young Zhang), 1992
Olio-pintura mihise gainean, 214 × 140 cm. Bilduma pribatua

 

1992an, Zhao Bandi-k erakusketa guztiz berezi bat antolatu zuen Arte Ederren Akademia Zentralaren ondoko galerian: koadro bakarra, paretatik angeluan zintzilikatua. Zhang gaztea mihiseak Zhaoren alderdirik intuitiboena ageri du. Titulua deitura txinatar arruntenetako batean oinarritzen da; modeloa artistaren umetako laguna eta ikaskidea da, Pekinen zegoenekoa, eta garai hartan bulego batean ari zen lanean baina etengabe amets egiten zuen beste aukerekin. “Obra honen ehuneko laurogeita hamar in situ margotu zen, modeloa aurrean zela, Pekingo hegoaldean alokatua neukan pisu txikian. Eserita dagoen ohea nirea da,” gogoratzen du Zhaok, “hartzen zituen postura guztiek, izan postura zuzena edo serioa, baita niri begiratzea ere, naturaltasun gutxikoak ziruditen […]. Mihise zuzen batean pintatzearen ideia bera ere formalegia iruditzen zitzaidan, eta, hortaz, jiratu egin nuen. Galdetu nion zer egiten zuen goizetan; nire adiskideak zigarreta bat piztu zuen eta nagiak atera zituen. Azkenean bazuen tankera ezagun bat, eta postura hari eusteko eskatu nion”1. Adiskidetasun-harreman jakin baten emaitza zen adostasun hari esker, egin ahal izan zuen Zhaok Erreformaren garai goiztiarreko pertsona arrunt baten erretratu ikonikoa: xehetasun material asko dago —iratzargailu bat, telebista bat antenarekin, edredoi brodatu bat—, eta horrek Tiananmenen ondorengo belaunaldiaren eguneroko esperientzia gogorarazten du. Erakusketaren ortodoxia gutxiko aurkezpenaz, hona zer esan esan zuen Lü Peng kritikariak: “Koadro bakarra zintzilikatze hark […] ‘instalazioaren artearen’ ideia seinalatzen zuen”2.

Zhaoren eskola-lagunek eta haren Akademia Zentraleko irakasleek, han graduatu baitzen 1988an, pintore bikaina zelakoan miresten zuten. 1980ko hamarkadaren amaierako eta 1990ekoaren hasierako obretan xehetasunaren arreta erabatekoa bateratzen du artistak akademiko arruntarena baino askoz handiagoa den sakontasun kontzeptuala agertzen duten konposizio-baliabideekin. Tximeleta (Butterfly, 1990) obra erabakigarrian bere andregaia irudikatzen du gona zabal batekin eta dantzari baten posturan Tiananmengo tribunaren aurrean zutik, objektu batera zuzenean begiratuz eta ihes-puntua diagonalean dagoela, mihisetik haratago; artistaren beraren irudia kontrako norabidean doa, aterki baten azpian eta neskari zeharka begiratuz, Maoren aurpegiak eszena ikuskatzen duen artean. Ez da beste pertsonaiarik ageri. Konposizioak aurrea hartzen dio Ai Weiwei-k 1994ko ekainean leku berean hartu zuen argazkiari (1994), hark ere, antzeko moduan, hiruki bat sortzen baitu artistaren begiratuaren, haren maitasun-objektuaren eta Estatuko sinbolo larderiatsuen artean. 1993ko China Avantgarde erakusketan parte hartzera gonbidatu zutelarik Berlingo Haus der Kulturen erakusketa-aretoan, Zhaok bi koadro proposatu zituen: Entzun niri (Listen to Me, 1992; Tximeletaren aldaera bat, hura saldu egin baitzen) eta Zhang gaztea.

Zhaoren Akademia Zentraleko ortodoxia gutxiko erakusketak, eta hango koadro bakarra Berlingo erakusketan agertzeak gero, sendotu egin zuten haren posizio nabarmena pintore errealisten “Belaunaldi Berria” delakoaren baitan: pintore haiek pentsamolde kritikoa, birtuosismo teknikoa eta pertzepzio kontzeptuala zituzten (haien artean zeuden orobat Liu Xiaodong, Yu Hong, Wei Rong eta Wang Jinsong), baina Zhaok urte batzuen ondoren uko egin zion pinturari, eta helburuan oinarrituriko obra performatiboak sortu zituen, Txinako merkataritza-kultura zabaldu berriaren erretorika bisuala esploratzen zutenak. Baliteke erakusten zuen bitarteko bati uko egitea eta pintura errealistaren antzinako tradizioa harrika botatzea, modaz pasatutako beste kontsumo-produktu bat balitz bezala. Geroago azaldu zuen bezala: “Propaganda sozialistaren estilo artistikoaz inguratuta hazi nintzen. Txinaren erreformak eta irekitasunak beste aparatu handi baten agerpena ekarri du: publizitatea. Nire artea bien konbinazioa da”3. —PT [Philip Tinari]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Zhao Bandi, e-mail bidezko mezua egileari, txineraz, 2017ko ekainak 4. [itzuli]
  2. Lü Peng, Zhongguo dangdai yishu shi (1990eko hamarkadako artea Txinan, 1990–99), Changsha: Hunan Fine Arts Publishing House, 2001, 88 or., 21. zkia. [itzuli]
  3. Zhao, artistaren azalpena, Philip Tinarik ingelesera itzulia, hemen: A Strange Heaven: Contemporary Chinese Photography/Huanying tiantang: Zhonghua dangdai sheying ji, Susan Acret (arg.), erak. kat., Galerie Rudolfinum, Praga, Hong Kong: Asia Art Archive, 2003, 164 or. Itzulpena editoreena da. [itzuli]

Erakusketa hautatuak

1992: A New Painting by Zhao Bandi, Arte Ederren Akademia Zentralaren galeria, Pekin. 1993: China Avantgarde, Haus der Kulturen der Welt, Berlin; 1994an toki hauetara eraman zuten erakusketa: Rotterdameko Kunsthal; Museum of Modern Art, Oxford; Kunsthallen Brandts Klæderfabrik, Odense, Danimarka; eta Roemer-und Pelizaeus-Museum Hildesheim, Alemania

PDF-a JAITSI