Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Wang Jianwei

Lu Mingjun

Izenburua:
Wang Jianwei
Egilea:
Lu Mingjun
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artea eta gizartea | Artea eta politika | Boterea
Artelan motak:
Bideoa
Aipatutako artistak:
Wang, Jianwei

29 Egunerokoaren arkitektura (Architecture of the Everyday), 1996–2000ean filmatua (2017an editatua)
Koloretako bideoa, soinuduna, hamar partetan, bakoitza gutxi gorabehera 30 min: Ezin aurreikusizko espazioa (Unpredictable Space), Berebiziko arkitektura (Extraordinary Architecture), Besteren artean… (Among Others…), Espazioaren historia (History of Space), Beste toki batean (Elsewhere), Mugimendu-hiria (Motional City), Konkista-desira (Desire of Conquest), Ezin eramanezko masa (Unbearable Mass), Beste Martxa Luze bat (Another Long March) eta Mundu berri eder bat (A Beautiful New World). Artistaren bilduma

 

1996an, Wang Jianwei-k txinatar ohiko arkitektura arrunteko hamar adibide hartu zituen, zoriz hautatuak herrialdeko hainbat puntutan (haien artean Sichuan, Pekin eta Hebei), landa-azterlan antropologiko baten oinarri gisa, eta filmatuz joan zen, Egunerokoaren arkitektura (1996–2000) hamar partetan osatu zuen arte. Lehenago ere egin izan zituen elkarrizketak arkitektoekin, eta harrituta geratu zen ikusi zuenean zer modutan erabiltzen zuten haiek hizkuntza eraikin batez zuten ulerpena deskribatzeko, aldez aurretik ezarritako hiztegi profesional batek eta modu kognitiboek mugatzen baitzuten hizkera hura (etxe-jabea, kontratatzailea, lursaila, materialak eta abar). Baina hasi zenean Wang eguneroko arkitektura lantzen eta harremanetan jarri zenean eraikin haietan bizitzekoak ziren bertatiarrekin, konturatu zen termino eta kontzeptu espezializatu haiek beren zentzua osorik galtzen zutela. Haientzat ez zen existitzen arkitektura per se, “etxea eraikitzea” zen kontua besterik gabe. Wang liluratuta utzi zuen proiektu haien asmo komertzialaren eta haien erabilera errealaren eta bertakoen pertzepzioaren artean zegoen aldeak, eta bi mekanismo kognitibo guztiz diferenteri egotzi zien alde hori. Eraikin berriek eta zenbait belaunaldiz existitzen ziren egituren gaiberritzeek izandako aldaketa estilistikoak eta materialak erregistratuz, aurkitu zuen aurrerabidea ez zegoela arkitekturaren ulerpenean sustraitua, baizik eta areago zela eragin kultural eta sozialen sistema konplexu baten emaitza, usadio lokalekin, balioekin eta premiekin lotua.

Hala, esate baterako, Piko Konderriko Xipu udalerriaz egin zuen ikerlanean, Sichuan-go probintzian, Wangek deskubritu zuen arkitektura han gutxienez hiru aldi desberdinetatik igaro zela 1949az geroztik. Aurrenekoan, eraikinak estilo tradizionalaren arabera eraikitzen ziren, adreilu grisa eta teila erabiliz, eta haiek landaldeko aristokraziaren bizitza-estiloarekin lotzen ziren. Bigarren fasean zeramikazko adreilua eta teila beiraztatua ziren nagusiak. Antzinako estiloak asko zabaldu ziren hiri-arkitekturan eta, landaldean, aldiz, hirietako espazio-banaketa eta eraikuntza-teknikak hasi ziren eraikitzaileak erabiltzen. Hirugarrenean, elementu exotikoak bereganatzen zituzten eraikinen ospeak gora egin ahala, arkitektura guztiz urrundu zen eredu lokal tradizionaletatik. Horren ondorioz, betoi armatua bihurtu zen eraikuntza-material nagusia1. Artistaren ikerketa-prozesuan, haren ideiek, pertzepzioek, baita bertatiarrekiko solasaldiek ere, etenak izaten zituzten behin eta berriz. Eta eten haiek jakintza-esparru ezezagun batera barneratzera eraman zuten, arkitekturaren gertaera fisikoak baino harantzago. Bideoa bide guztiz egokia izan zen eremu gris horretan barneratzeko.

Egunerokoaren arkitektura hamar filmez dago osatua, eta bakoitzak bere titulua eta bere gai-planteamendua du. Hala, esate baterako, Ezin aurreikusizko espazioa izenekoak higiezinen sustatzaileen eta gobernuaren arteko erlazio konplexu eta sarritan lausoa aztertzen du; ziurgabetasun handia eragiten duen erlazioa da, eta herritar arruntari iruditzen zaio eraikuntza-prozesua ezezaguna dela. Horren ondorioz, Txina osoan ikusten dira bertan behera utzitako eraikinak. Ezin eramanezko masa lanean esan liteke birgaitze-enpresen eta etxeen jabeen arteko harremana dela ikuspegia, baina, izan, arkitektura-modu desberdinek predeterminatzen dituzten bizimoduei dagozkien kontraesanak eta gatazkak dira egiazko gaia. Mundu berri eder bat delakoan, estilo moderno, tradizional, hiriko eta landaldekoen nahasketa den arkitektura-paisaia bat ikusten dugu, eta zer-nolako metodoak erabiltzen zituzten estatuko langileek biztanleen konfiantza eskuratu eta adostasunera heltzeko. Hamar film hauek hamar hariren antzekoak dira, eta arkitektura-ekoizpenaren sistema nahasien eta eguneroko bizimoduaren sareen barna gidatzen gaituzte, aldi berean lokala denaren konplexutasuna eta ugaritasuna argituz.

Zalantzarik ez dago Michel Foucault-en Jakintzaren arkeologia (1969) dela proiektu honen oinarri teorikoa. Wang Jianweiren funtsezko interesa da nola irazten duen diskurtso zientifikoak gure eguneroko esperientzia, era horretan gure usadio kognitiboak eta gure bizitza-estiloa taxutuz; baita ere zer modutan espazio zinematografikoak, espazio arkitektonikoak eta espazio bitalak. Artistak esan duen bezala, “arkitekturari eta espazioari buruzko bideo honetan, ez da lantzen arkitektura txinatarra oinarrizko gaia delakoan, ekoizpen sozializatuaren erlazio-multzo gisa baizik. Artelan osoa ‘erortzen da’ eszenako erlazio ugarietan, eta era horretan lausotu egiten dira artelanaren mugak. Zer da, dokumental bat, bideo-artelan bat edo artista baten ekintza?”2.

Wang-ek antzeko ikuspegi arkeologikoa eta metodo diskurtsiboa aplikatu zituen bere beste obretan, garai berekoak diren Ekoizpena (Production, 1997) eta Errituala (2003). Lehenengoan, Sichuan bere jatorrizko probintziako te-etxe bat fokuratzen du Wangen lenteak, non bezeroak, zaharrak eta gazteak, gizonak eta emakumeak, edozer gauzaz mintzatzen diren eguzkiaren azpian, elkar ezagutzen badute nahiz ezagutzen ez badute. Solasaldiak Txinako eta atzerriko kulturaz eta politikaz dira, antzinakoaz nahiz modernoaz, eta auzokoen joan-etorriez. Baina jende arruntaren hitz egiteko modutik sortzen diren lotura igarokorrak dira Wangi egiaz interesatzen zaiona, eta nola lotura horiek eragiten duten informazioa komunikabide nagusiek zabaldutakoa ez bezalakoa izan daitekeen. Haren iritzian, “‘komunitate ahul’ hori ez da bakarrik errealitatea auzitan jartzea, era berean da komunikabideen performance bat”3. Esan liteke te-etxea den “eguneroko mekanismo politikoaren” gainekoa arkeologia-praktika bat dela. LMJ [Lu Mingjun]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Wang Jianwei, “Jianzhu chengwei huayu” [Architecture as discourse, Arkitektura diskurtso gida], hemen: Yishu dangdai (Art China) 6, 2002, 18–19 or. [itzuli]
  2. Wang Jianwei, “On Architecture of the Everyday”, argitaratu gabeko azalpena, 1998ko urria. Artistaren estudioaren adeitasunez. [itzuli]
  3. Wang Jianwei, “On Architecture of the Everyday”, argitaratu gabeko azalpena, 2015eko urria. Artistaren estudioaren adeitasunez. [itzuli]

PDF-a JAITSI