Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Zhou Tiehai

Philip Tinari

Izenburua:
Zhou Tiehai
Egilea:
Philip Tinari
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artea eta identitatea | Artea. Merkatua | Kritika | Dualtasuna
Teknikak:
Collage | Urtinta
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Zhou, Tiehai

86 Hona hemen Solomon zelako gizon bat nola iritsi zen Txinara
(There Came a Mr. Solomon to China)
, 1994
Tinta, grafitoa, akuarela eta paper-collagea, 230 × 350 cm. Laurence A. Rickels-en bilduma

 

Zhou Tiehai-k Shanghain, sorterrian, egin zituen margolaritzako ikasketak; sekula ez zuen sinetsi arte-akademia ortodoxoenen narratiba heroikoa, eta laster jabetu zen 1990eko hamarraldiaren hasieran Txinako artearen munduak euskarri zuen kolonialismo lausoaz. Garai hartan, arte esperimentala erakusteko irrika izango zuen erakunde nazionalik ezean, txinatar artistek nazioarteko komisario, kazetari eta bildumatzaileen bidez soilik lor zezaketen arrakasta komertziala nahiz kritikarena; hala, haien bisitak errespetuz, irrikaz eta, gerora, eszeptizismoz hartuak ziren. Zhou zalantzan jartzen hasi zen atzerriko bisitariei aitortzen zitzaien boterea beren bidaietan topatzen zituzten eta ikertzen zituzten artistei onespena, arreta eta sona emateko.

Bisita haietako batean iritsi zen Txinara, 1993an, Andrew Solomon estatubatuar idazle eta kazetaria. Yalen lizentzia eskuratu berria zuen, eta argitaratu berria zen haren The Irony Tower liburua (1991), SESBen gainbeheraren garaiko errusiar abangoardiari buruzko liburua. Solomon udan iritsi zen, eta zenbait aste eman zituen Hans van Dijk holandar ikertzailearekin Pekin, Shanghai eta Hangzhoun barrena bidaiatzen. Txinatar artista eta kontserbatzaileekin izandako elkarrizketetan oinarrituta “Their Irony, Humor (and Art) Can Save China” izenburuko artikulua idatzi zuen, eta New York Times Magazine aldizkariaren azalean agertu zen abenduan. Estatu Batuetako hedabide konbentzional batean Txinako arte garaikideari buruz agertutako lehenengo erreportajea izan zen.

Zhou Tiehai-ren Hona hemen Solomon zelako gizon bat nola iritsi zen Txinara koadroak (1994) iseka egiten dio Solomonen bisitak izandako eragin itzelari. Azken buruko hainbat ohar ditu idatzita; “Iritsi zen Txinara Solomon zelako bat” dio ohar handi eta literalenak, eta Timesen izenburuko hitzak ageri dira ere. Antzerkiko atze-oihal batek inguratzen du konposizioa goiko aldetik, ezkerrean, eta marko urre-kolore bat du beheko aldean, eskuinean; eremu horren barruan, Solomonen pertsonaia ageri da gondola batean; Marko Polok gidatzen du gondola, yuan bateko billetea duela txanoan, eta arraun egin dezaten agintzen ari zaie haur batzuei. Konposizioaren elementu batzuk The Irony Tower liburutik hartuta daude, besteak beste Solomonen argazkia; koadro honetan, ordea, garai kolonialeko alkandora papar-parpailaduna eta begizta apaingarri bat jantzita ageri da. Pertsonaia burusoilek Fang Lijun-en Errealismo Zinikoaren pinturari erreferentzia egiten diotela pentsa liteke, baina liburuaren azaleko ilustraziotik hartuta daude: Igor Makarevich-en argazki bat, Moskun 1987an egindako Steam Baths erakusketa transzendetalekoa. “Bainatu kritikariekin!” esaldi ironikoa dago irudian idatzita, seguru asko solaskide pribilegiatuen oniritzia bilatzen duten txinatar artistei zuzendua. Zhou-ren garraztasuna bete-betean islatzen du konposizioaren goialdeko eskuineko laukia betetzen duen testu urdinak, zeina itzul baitaiteke honela: “Urruneko lurraldeetatik iritsi zen Solomon gorentasun handia herrialde honetara, haizeei aurre eginez eta olatuen gainetik. Bere zolitasun berdingabeaz baliatuta iritsi zen hegoaldetik iparrera, bazter-eremu horietako jendeen bihotz-birikak kontrolatuz”.

Zhou-ren Desira (Will, 1996) zuri-beltzeko film laburrean ere agertzen da umore kritiko hori, hain zuzen, txinatar mundu artistikoaren dinamika sozialari buruz egiten duen satiran, zeinetan baliatzen baitu hogeita hamarreko hamarraldian Shanghaiko estudioetan egindako propaganda militarreko filmak gogorarazten dituen lengoaia bisual bat. Eszena gako batean, Gudaroste Gorriko soldadu lodikote batek eskumuturraz jotzen du mahaia, aldi berean esanez: “Kamaradak, gogoan izan behar dugu ez dugula ezer izango ez badugu aireportu propiorik!” artearen arloko gorentasunei harrera egiteko. Gomendio hura berdin-berdin izan zitekeen Yan Lei-rena: Pekineko artista kontzeptual horrek Documenta X erakusketan parte hartzeko gonbidapen faltsua igorri zien Txina guztiko ehun artistari hurrengo urtean. Zhou-k bere gomendioa aintzat hartu, eta artearen mundurako zenbait “aireportu” eraiki zituen; izan ere, 2007an Shanghaiko nazioarteko lehen arte azoka sortu zuen, SH Contemporary, beste zenbait kiderekin lankidetzan; 2010ean bere gain hartu zuen Minsheng-eko Arte Garaikideko Museoaren zuzendaritza, eta 2014an WestBund Art and Design jaialdi kulturala abiatu zuen. Zhou-ren iritzian, aukera bikainak eskaintzen ditu Shanghaiko artearen egoera ziurgabe eta beti aldakorrak, zeina islatzen baita collage honetako material behin-behinekoan. Obra honen goiko aldean, eskuinean, mendien eta txinatar musika-tresnen entziklopedia batetik ateratako orrien gainean ageri den oharrean esaten denez:

Mendiak mugitu egiten dira, isuri urak,
Txina barruko eta kanpoko egoeraren aldaketa izugarriek
bultzatuta hartu dugu berriro
BROTXA HANDIA

—PT [Philip Tinari]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

PDF-a JAITSI