Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Liu Xiaodong [II]

Alexandra Munroe eta Xiaorui Zhu-Nowell

Izenburua:
Liu Xiaodong [II]
Egilea:
Alexandra Munroe eta Xiaorui Zhu-Nowell
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artea eta gizartea | Artea eta politika | Erretratua eta autorretratua | Gerra
Mugimendu artistikoak:
Errealismoa
Teknikak:
Olio-pintura
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Liu, Xiaodong

98 Errealismoa gudu-zelaian; hemezortzi arhatak (Battlefield Realism: The Eighteen Arhats), 2004
Olio-pintura mihise gainean, 18 panel, bakoitza 200 × 100 cm-koa. Bilduma pribatua

 

2000ko hamarraldiaren hasieran, Liu Xiaodong dagoeneko ezaguna zen nazioartean, joera espresionistako bere pinturagatik, zeinetan nabarmentzen zen lekualdatze ekonomikoaren biktima izanik egoera prekarioan dauden komunitateen eszenen berehalakotasun dokumentala. Bederatzi diptikoko sorta honetan, berriz, Taiwaneko itsasartean gatazkan zeuden uharteetan kokatutako taiwandar soldaduen erretratuak eta Pekineko base militar bateko Txina kontinentaleko soldaduen erretratuak agertzen ziren parez pare. Lan honekin, ildo berri bati heldu zion Liu-k. Hemen hasi zen zuzenean naturaletik margotzen, kanpoan, eta pintura nolabait gizarte-jardueratzat hartzen. “Mihisea kanpora eramanez”1, aukeratutako modeloen gizarte-errealitatean eta egunerokotasunean zuzen-zuzen murgil zitekeen artista, eta, horrela, presentzia fisiko berri eta bizi batez eta konpromiso intelektual ageriko batez jantzi zituen bere mihiseak. Errealismoa gudu-zelaian; hemezortzi arhatak (2004) obran, Taiwanen eta Txinako Herri Errepublikaren arteko banaketa historikoa aztertu eta deuseztatzen du Liu-k, alde bateko eta besteko pertsonen arteko funtsezko antzekotasuna erakutsiz.

Kinmen uharteetan, Fujian probintziako kostaldetik hurbil, lurraldetasunari buruzko gatazkaren lehen lerro egongaitzean, bi mila bunker militarretik gora ditu taiwandar gudarosteak Txina kontinentalaren anexio-mehatxuei aurre egiteko. 2004an, Cai Guo-Qiang artistak Kinmen aukeratu zuen komisariotza-ekimen baterako —BMoCA (Bunker Museum of Contemporary Art)—, eta Liu Xiaodong-i gonbita egin zion ekimen hartan parte hartzeko. Cai-ren Dena da museoa (Everything Is Museum, 2000az geroztik) izenburuko hirugarren proiektua zen: haren xedea zen museoak antolatzea toki urrunetan, nazioarteko nahiz tokiko artistek horietan parte har zezaten2. Liu-k baimen berezia lortu zuen Askapenerako Herri Gudarostearen Pekineko base batean sartzeko, eta Kinmeneko bunker militarretara bidaiatu zen, gero; lan hartarako, toki bateko eta besteko bederatzina gazte aukeratu, eta beren eguneroko lan-ingurune idorrean beretzat paratzeko eskatu zien. Bakoitzaren erretratua egin ondoren —tamaina naturalekoak—, Liu-k soldadu haiei esan zien idazteko mihisean beren izena, adina, maila eta jaioterria, eta, horrela, irauli egin zuen artistaren eta modeloaren ohiko bereizketa, eta aurpegi bakoitzaren berezitasunak eta aurpegi bakoitzari zegokion gizabanakoaren idazkera parekatu zituen. “Existentziaren dokumentu objektibo” horiek esanahi are sakonagoa hartzen dute Liu-k arhat hitz sanskritoa —“izate argitua”— erabili zuelarik sailaren izenburuan. Txinan, tenplu budistetako hormetan adierazita egoten dira arhatak, hamasei edo hemezortzinako taldetan. Beren ezaugarriak direla-eta, Buda historikoaren dizipulu indibidualtzat hartuak dira. Liu-ren Errealismoa gudu-zelaian; hemezortzi arhatak monumentala —2 metro altua eta 18 luzea— bi mailatan bereizita dago: liskar geopolitikoaren dokumentu gordin gisa dihardu, batetik, eta erretorika nazionalista eta separatistaren bi muturretako taldeetako pertsonen gizatasun sakonaren froga da, bestetik.

Liu-rentzat, inflexio-puntua izan zen proiektu hau. Bere estudioa hitzez hitz kalera aterata, urruneko tokietara bidaiatu zen hainbat hilabetez, eta kanpoan margotutako koadro-ziklo handiak sortu zituen, historiaren eremu ilunetan globalizazioaren indarrek astindutako gizarteak dokumentatzen zituztenak. Hurrengo urteetan, Hiru Zintzurretako urtegi erraldoia eraikitzen ziharduten langile etorkinak eta bertako nekazariak margotu zituen (2005), baita Bangkokeko sexu-langileak ere, hiritik pasatzen diren langile taldeei beren zerbitzuak eskaintzen (2006), eta mendebaldean dagoen Gansu probintzia urruneko gutxiengo musulman eta kristauetako familiak, beren kokaleku mugakideetan (2009). Argazkia, zinema eta performancea prozesu horretan gero eta garrantzi handiagoa hartuz joan ziren, eta molde artistiko erabat paralelo bat osatu zuten: murgiltze-bizipen sortzaile haien milaka argazki eta film dokumentalek ilustratutako egunerokoena. Artistaren pintura-metodo bizkor eta trebea bere sorkuntza-prozesuaren alderdi bat besterik ez da: bidaiak, prestakuntzak eta eszenak, argazkiak eta filmatzeak, jaten, edaten eta modeloekin denbora-pasa emandako denborak… horrek guztiak areagotu egiten du egilearen errealismoaren esanahia, eta gizarte-jardueraren eztabaida kritiko garaikideetan finkatzen du. —AM eta XZN [Alexandra Munroe eta Xiaorui Zhu-Nowell]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Philip Tinari-rengan aipatua, Liu Xiaodong, Errealismoa gudu-zelaian katalogoko oharra, Txinatar arte garaikidea II 938 lotearen salmenta-katalogoan, Sotheby’s Hong Kong, 2008ko apirilak 9. [itzuli]
  2. Ikus Cai Guo-Qiang-en BmoCA-ko Dena da museoa proiektuari eta gizarte-proiektuei buruzko informazioa hemen: Thomas Krens eta Alexandra Munroe, Cai Guo-Qiang: Quiero creer, erak. kat., Museo Guggenheim Bilbao, Bilbo, 2009, 232.–61. or., 233. or. [itzuli]

Erakusketa hautatuak

2004: Bunker Museum of Contemporary Art—18 Solo Exhibitions, Historia Museo Nazionala, Taipei, eta Arte Garaikideko Bunker Museoa, Kinmen Uhartea, Taiwan. 2005: China International Gallery Exposition, China World Trade Center, Pekin. Pekineko Arte Ederretako Nazioarteko Bienala, Txinako Arte Museo Nazionala, Pekin. 2006: Liu Xiaodong: Sketch Exhibition, Guangdong-eko Arte Museoa, Guangzhou. 2014: Gwangjuko Bienala: Burning Down the House

PDF-a JAITSI