Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Zhang Peili [II]

Katherine Grube

Izenburua:
Zhang Peili [II]
Egilea:
Katherine Grube
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artea eta denbora | Artea eta politika | Tiananmen plazako protestak
Artelan motak:
Bideoa
Aipatutako artistak:
Zhang, Peili

21 30 × 30, 1988
Bideoa koloretan, soinuduna, 32 min 9 s. Guggenheim Abu Dhabi

22 Ura: “Cihai” hiztegiaren bertsio estandarra (Water: Standard Version from the “Cihai” Dictionary), 1991
Koloretako bideoa, soinuduna, 9 min 35 s. Guggenheim Abu Dhabi

 

1988an jadanik, 85eko Uhin Berriaren mugimenduko artistarik garrantzitsuena zelakoan nabarmendu zen Zhang Peili. Uhin Berria arte berariaz probokatzaile baten olde oparo eta espontaneo bat izan zen, eta Txinako hirigune nagusietan sortu zen 1985eko udan. Zenbait kalkuluren arabera, laurogei artista-talde baino gehiago eratu ziren garai hartan, hogeita hiru hiri eta probintziatan. Arte Ederren Seigarren Eraskuketa Nazionalak mugimendu haren jardueren katalizatzaile gisa jardun zuen, eta lanen hautaketa kontserbatzailea, obra errealistak hautatu baitziren erakusketarako, sentimentalak sarritan, 1983–84ko Kutsadura Espiritualaren kontrako Kanpainaren ondoriozkoa izan zen1. 1985eko udaberrian eta udan, Uhin Berriko artistek taldeak eta elkarteak eratu zituzten, konbentzionalismo artistikoak eta arau kulturalak auzitan jartzeko irrika nekaezin batek bultzatuta. Arte-kritikariek berehala aurkitu zuten adjektibo egokia Uhin Berriaren jarduera independenteentzat eta adierazpen artistikoen forma alternatiboentzat, eta esan zuten “abangoardiakoak” edo qianwei yishu zirela. 1986an jadanik, adituen eta kritikarien bultzadak nolakotasun historikoa eman nahi izan zion mugimenduari, ikuspegi zabaleko erakusketa baten bitartez, Pekinen, eta 1986ko abuztuan, Uhin Berriko artistak, kritikariak eta komisarioak Zhuhai hegoaldeko portu-hirian elkartu ziren, 1987ko uztailean erakusketa handi bat egin ote zitekeen Pekineko Nekazaritza Erakusketen Zentroan aztertzeko xedeaz. Liberalizazio burgesaren kontrako kanpaina zela-eta, erakusketa atzeratu egin zen, baina Zhuhaiko Konferentziak berak betiko aldatu zuen Zhangek eta beste esperimentalista erradikal batzuek Uhin Berriarekin eta haren abangoardismo herabearekin zuten harremana. Zehatzago, konferentziak pinturaz zuen ikusmoldea, ezarri nahi zen antolamendu-formatua —erakusketa ofizialetako hautaketa-prozeduren oso antzekoa—, eta haien diskurtso-eginahalak arte-jarduera independentea mugimendu kulturala bihurtzeko, argi adierazi zieten Zhangi eta beste zenbaiti zenbateraino desiratzen zuen abangordiak arte ederren mundu instituzionalarekin bat egitea. Hala, 1988an, Huangshaneko Konferentziako antolatzaileek abangoardia berpiztu zutenean atzera begirako erakusketa bat egiteko —China/Avant-Garde— Arte Galeria Nazionalean, neke- eta amorru-sentipen nabarmen bat eragin zuten artisten artean, ikusirik nolako desira zuten erakundeek, gero eta handiagoa, estilo jakin bat izateko eta beren burua goraipatzeko.

Zhang Peilik Huangshaneko 1988ko Konferentziarako sortu zuen 30 × 30 obra; obra hark abangoardiaren konbentzionalismo artistiko eta material eztabaidatugabeen kontra egiten zuen, eta interbentzio baten moduan jokatzen zuen salatu nahi zituen prozedura burokratikoen errutinazko ekintzak baliatuz. Obra arratsalde batean grabatu zen Hangzhouko Aduanan, eta Zhangen eskuak hartzen ditu, eskularruz jantziak, ispilu txiki bat behin eta berriz hautsiz eta konponduz. 30 × 30 ispilu karratu baten irudiarekin hasten da; 30 bider 30 zentimetro neurtzen du, eta horizontalki ipinia dago terrazozko zoru baten gainean. Zhang-en eskularruz jantzitako eskuak ispiluaren laukia hartzen dute, gelditzen dira eta ondoren lurrera botatzen dute behin eta berriz, hausten den arte. Zhang belauniko jartzen da eta gero lurrean esertzen da ispilua konpontzera; haren eskuek, kola-pote txikiekin, gainazal islatzailearen hausturak korritzen dituzte. Grabazioa ateak korridore batera zabalik zituen bulego publiko batean egiten ari zirelarik, handik igarotzen ziren eta, pertsona ezezagun bat ikusita kameraren begirada nekaezinaren pean beira-zatiak arretaz itsasten, zertan ari zen jakin nahi zuten funtzionarioen galderei erantzuten zien Zhangek.

Zhangen mugimendu errepikakorrek denbora galduaren irudipen bat sortzen zuten, baina baita denbora guztiz bizituarena ere. Bideoaren monotoniak Huangshango Konferentziari zerion erredundantzia-sentipena bereganatzen zuen, hark inspiratu baitzion Zhangi “bilerak berak baino aspergarriagoa den” obra baten sorrera2. Konferentziako parte-hartzaileei “denbora sentiaraziz”, Zhang-ek espero zuen ohartuko zirela beren errutina profesional usadiozkoaz eta berebat ohartuko zirela zenbateraino zuen abangoardiak arte ederren joera nagusiko erakundeen antz estrukturala, nola ideologikoki bat egiten zuen haiekin, hau da, 1985 eta 1987 bitarteko abangoardiaren arte- eta antolamendu-altxamenduen helburu izan zirenekin alegia3. Zhang-ek erabateko ukoa egin zion bere buruaren isla irudikatzeari, eta horrek, irudikapenaren ispiluaren haustura literalarekin batera, desilusio handia agertzen zuen irudikapen piktorikoaren modu errealistei zegokienez.

Tiananmengo plazako 1989ko gertaera zorigaiztokoek areagotu egin zuten Zhangek zuen desira boterearen hizkera estilistikoak, materialak eta ikonografikoak ez bezalako irudikapen-hizkuntza bat aurkitzeko. Ekainaren 4ko Gertaerek aldaketa ikaragarria eragin zuten arteei eta kulturari, berriztatze nazional eta kulturaleko proiektuari zegokionez, egozten zitzaien garrantzian. Zhangek iradoki izan duen bezala, “‘Tiananmengo gertaera’ delakoaren ondoren, arte erreala artea besterik ez zela konturatu ginen, eta ezin zela artea erabili gizartea aldatzeko. Artea gizarte horren alderdi bat besterik ez zen, eta, neurri handi batean, kultura herrikoiaren eraginpean zegoen”4. Zentzu horretan, 1989an amaieran eta 1990ean, olio-pinturen sail bat sortu zuen Zhangek, eta haietan irudi herrikoiak ageri dira, gainean aldi sozialistako ikurritzak eta sinboloak dituztela. Obra haien artean, Zhangek bi lan margotu zituen, zenbait oholetan, telebistako albistegietako aurkezleei buruzkoak. Bigarren obran —Ura: ahoskera estandarra 1989an (Water: Standard Pronunciation in 1989)—, Xing Zhibin ageri da, Txinako Telebista Zentraleko (CCTV) gaueko albistegiaren aurkezle ezaguna. Triptikoan film-zintaren motiboarekin jolasten da, mihiseak horizontalki zatituz, fotograma bakarreko ispilu-irudietan. Tituluak aipatzen duen ahoskeraren eta isiltasun harrigarriaren arteko tentsioak Xing-en presentzia akreditatuaren hutsalkeria seinalatzen du, eta haren irudi errepikatuak eta iraulkatuak, berriz, irudikapen ofizialaren eta hizkuntzaren hizkera bikoitzari egiten diote erreferentzia.

Ura: “Cihai” hiztegiaren bertsio estandarra (1991) bideoa sortzeko aukera kasualitatez eman zen. Zhang-ek, Pekinen zela bere bigarren bideo-lana, 1. Eginkizuna (Assignment No. 1, 1991), CCTVren Bitarteko Berrien Zentrora editatzera joanda, 1.000 RMB ordaindu zizkion kontaktu bati Xing grabatu zezan Cihai hiztegian “ura” hitza irudikatzen duen karakterraren definizioak eta hitz elkartuak irakurtzen. Bideoan, gaueko albistegiaren mahaiaren aurrean eserita ageri da Xing, jaka hori bat eta jertse lepo-luze beltz bat jantzita, atzealde urdin ilun baten aurrean. Mikrofono haundi bat dago euskarri metaliko baten gainean ipinia, enkoadraketaren behe-eskuinean. Xing, akatsik gabe makillatua eta orraztua, hiztegiko testua irakurtzen ari da, kadentzia prestatuaz eta trebatuaz, konturatu gabe irakurraldi hura artelana bihurtuko zela. Xingen ahotsa eta irudia, Txinan nonahikoa eta ikusleentzat oso ezaguna izateaz gainera, berebat zen garai hartako gertaeren bertsio politikoki ortodoxoen sinonimoa. 1989ko apirilaren erdialdetik ekainaren 3ra arte, Xingek eman zizkion nazioari Tiananmengo plazako ikasleen protesten berri; baina ekainaren 4an ez zuen batere aipatu protesta haien zapalkuntza bortitza, eta harexek bihurtu zuen emakumearen presentzia akreditatua gauza ororen gainetik bere nagusitasunari eusten tematzen zen sistema politiko baten eskumakila hutsa.

1991n jadanik, Zhangentzat, sustraituagoa zegoen kultura herrikoian elitearen kulturan baino telebistak bitarteko gisa zeukan erakargarritasun sinbolikoa; baina harentzat telebistak erakargarritasun teorikoa bazuen aparatu ideologikoaren erresistentzia agertzen zuelako zen. Telebistak aldatu egin zuen propaganda-bitartekoen formatua, baina ez propaganda hartzen zen edo kritikoki prozesatzen zen modua. Horregatik, Zhang bezalako artistentzat, agerikoa zen forma bisual sozialisten boterea murrizten ari zela; baina, aldi berean, konturatu ziren masa-komunikazioko sistema sozialistak eta sistema kontsumistak kidetasun harrigarri bat erakusten zutela. Ura: “Cihai” hiztegiaren bertsio estandarra obra masa-kultura politikoaren eta masa-kultura kontsumistaren eta bi sistema horiekin loturiko balio-hierarkien arteko trantsizio-unean sortu zen. Kultura politikoaren sinboloak eta kontsumoarenak parekatuz, Zhangek propaganda-bitartekoen ahalmen handia azpimarratu zuen, inkongruentzia ideologikoak adierazleen truke eraginkor baten bitartez mozorrotzen dituen sistema politiko baten baitan. 1988ko abangoardia herabeak erakundeen erresistentzia berdin-berdina agertu zuen bere pentsamolde- eta antolamendu-moduen bitartez. 30 × 30 eta Ura: “Cihai” hiztegiaren bertsio estandarra obrekin, Zhang-en asmoa zen agertzea nola arau instituzionalizatuak sistematikoki errepikatzen ziren hizkera bisual eta erretorikoetan. Zhang-en errepikapenaren motiboaren erabilera trebeak politika eta ideologia mozorrotzen, eta sineste eta jokamolde onartuen gisan erreproduzitzen diren modua eta mekanismoa agerrarazi zituen. —KG [Katherine Grube]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Gao Minglu, Zhongguo dangdai meishushi, 1985–1986 [Txinako arte garaikidearen historia, 1985–1986], Shanghai People’s Fine Arts Publishing House, Shanghai, 1991, 606. or. [itzuli]
  2. “Yu Xu Tan, Wang Jing de fangtan” [Xu Tan eta Wang Jing-ekin solasean], hemen: Zhang Peili yishu gongzuo shouce (Zhang Peili-ren artegintzaren eskuliburua), Huang Zhuan eta Wang Jing-en argit., OCT Contemporary Art Terminal, Shenzhen; Lingnan Art Publishing, Guangzhou, 2008, 441 or. Berez 3 orduko iraupena zuen, baina obra laburtu egin zen gero, 32 minutuko bertsio batera, erakusketarako. [itzuli]
  3. Ibid., 442. or. [itzuli]
  4. Ibid., 443–44. or. [itzuli]

Erakusketa hautatuak

21            1988: Huangshango Konferentzia, Txina. 1992: Recent Works: Art Show by Zhang Peili & Geng Jianyi since 1991, Qijiayuan egoitza-multzo diplomatikoa, Pekin. 1993: China Avantgarde, HauKulturen der Welt, Berlin; 1994an toki hauetara eraman zuten: Rotterdam-eko Kunsthal; Museum of Modern Art, Oxford; Kunsthallen Brandts Klæderfabrik, Odense, Danimarka; eta Roemer-und Pelizaeus-Museum de Hildesheim, Alemania. Zhang Peili-ren banakako erakusketa, Galerie Crousel-Robelin, Paris. 2006: Creating History: Commemoration of Chinese Modern Art in 1980s, OCT Contemporary Art Terminal, Shenzhen. 2011: Certain Pleasure: Zhang Peili Retrospective, Minsheng Art Museum, Shanghai. 2017: Zhang Peili: Record. Repeat, The Art Institute of Chicago

22            1993: China Avantgarde, Haus der Kulturen der Welt, Berlin; 1994an toki hauetara eraman zuten: Rotterdam-eko Kunsthal; Museum of Modern Art, Oxford; Kunsthallen Brandts Klæderfabrik, Odense, Danimarka; eta Roemer-und Pelizaeus-Museum de Hildesheim, Alemania. 1998: Inside Out: New Chinese Art, Asia Society Galleries, New York eta P.S.1 Contemporary Art Center, Long Island City, New York; 2001ean toki hauetara eraman zuten: San Francisco Museum of Modern Art eta San Franciscoko Asian Art Museum; Museo de Arte Contemporáneo de Monterrey, México; Tacoma Art Museum, Washington, eta Henry Art Gallery, Seattle; National Gallery of Australia, Canberra; eta Hong Kong Museum of Art. 2002: Guangzhouko Trienala: Reinterpretation: A Decade of Experimental Chinese Art (1990–2000), Guangdong Museum of Art, Guangzhou. 2011: Certain Pleasure: Zhang Peili Retrospective, Minsheng Art Museum, Shanghai. 2016: Time Test: International Video Art Research Exhibition, CAFA Art Museum, Pekin. 2017: Zhang Peili: Record. Repeat, The Art Institute of Chicago

PDF-a JAITSI