Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Liu Zheng

Stephanie H. Tung

Izenburua:
Liu Zheng
Egilea:
Stephanie H. Tung
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artea eta gizartea | Artea eta historia | Erretratua eta autorretratua | Hiri-eszenak | Tradizioa | Txina
Artelan motak:
Argazkia
Aipatutako artistak:
Liu, Zheng

30 Txinatarrak (The Chinese), 1994–2002 (2006an inprimatua)
Zilar-gelatinazko 120 kopiak osaturiko saila, irudi bakoitza: 37,1 × 37,1 cm; orri bakoitza: 61 × 50,8 cm, 20 aletik 11.a. Williams College Museum of Art, Williamstown, Massachusetts, museoak erosia, Wachenheim Family Fund

 

Liu Zheng-en Txinatarrak saileko erretratuak (1994–2002) gizarte txinatar garaikidearen irudi gogorrak, errukitsuak dira. Kedarrez estalitako meatzariek eta zorripiztu handikoteek irudikatzen dute aberatsen eta pobreen arteko aldea; doluz jantzitako katolikoek, fraide budistek eta droga-trafikatzaile musulmanek kontatzen digute praktika erlijiosoen bazterreko biziraupena estatu komunista batean; eta modelo biluzien, sexu-langileen eta trabestien segidak Txinako sexu-usadioen aldaketa eta herrialdean sexuaren industriak izandako goraldia seinalatzen dute. Iluna, umoretsua eta irrigarria da batzuetan Liuren obra, eta, dislokazio orokor baten erdian, Txinako bazterreko gizarteari egindako begiratu arretatsu bat da.

August Sander eta Diane Arbus antologista handiekin alderatu ohi da Liu, eta artistak berak onartu du haien eragina. Alabaina, Liuk ez dauka Sanderren zintzotasun kategorikoa, ez Arbusen bitxikeriarekiko zaletasuna ere. Joera urruna mantentzen du, barnekoia, gehiago dagokiona akaso Robert Frank-en begirada kritikoari gerraondoko Amerikaren heroismo mitikoaren gainean. Frank bezala, Liu gauza da ideologia baino harantzago joan eta gizarte berria delako horretan jendearen eguneroko bizimoduaren errealitate arrunt eta sarritan etsiak erakusteko.

Propagandako argazkigintzan zuen eskarmentu handiarekin heldu zion Liuk Txinatarrak proiektuari, Gongren ribao (Langileen egunkaria) aldizkariko argazkilaria izan baitzen; kudeaketa ofizialeko egunkari nazional bat zen, gizarte itxuraz harmoniatsu baten eszena errespetagarriak argitaratzen zituena. Izan ere, errealismo sozialistaren ondareak ezinezko eginkizun bat esleitu zien argazkilariei: oraindik heldu gabea zen gizarte komunista utopiko bat paperean irudikatzea. Argitasuna, bizitasuna eta inspirazioa ziren masei mezuak igortzeko funtsezko elementuak, eta Liu aditua zen hartan, ondo zekien kameraren atzeko argazkilariaren aztarren oro ezabatzen. Alabaina, laneko bidaietan Txinan zehar zebilela, Liu asko erakartzen zuten bazterreko usadio erlijioso eta folklorikoek, haien artean taoista, budista, musulman, katoliko eta kristauenek. “Saiatzen nintzen sinestun haiengan erlijiora eramango ninduen zerbait aurkitzen” dio Liu-k. “Ez nuen helburu hori lortu, nire arimak inoiz ez zion uko egin bere egoera nomadari, eta grabatuak geratu zitzaizkidan inpresio erlijioso haiek berretsi zuten nire arimaren noraeza”1. 1996an, Liuk fede-krisi bat izan zuen bere lanarekiko: “Irudipena izan nuen errealitatea berezko oztopoa bihurtu zela, eta, hala, errealitatearekin haustea izan zen nire bulkadarik indartsuena”. Hurrengo urtean fotokazetaritza utzi zuen2.

Fotokazetaritza laga ondoren, Pekingo East Villageko argazkilaria zen Rong Rong-ekin aritu zen Liu elkarlanean, NEW PHOTO (1996–98) aldizkariaren lau aleren argitalpenean; eskuz koadernatua zen eta auto-argitaratua, Liburu estalki-beltza (Black Cover Book, 1994) obraren modura. Aldizkari hark Txinako argazkigintza-diskurtsoa aldatu zuen, 1980ko hamarkadan garatu ziren dokumental humanistaren estiloetatik orientazio kontzeptualeko forma artistiko esperimentalera; azken horrek analizatu, deseraiki eta berriz irudikatu behar zen readymade baten gisa planteatzen zuen errealitatea. Belaunaldi Berriko pintoreek ez bezala, arte-akademietan irakasten zen errealismo teknikoari erantzun baitzioten haiek, edo East Villageko komunitateko artistek ez bezala, zeinak haien inguruko baldintza gogorrekin konprometitu baitziren, Liuk bera bezalako pertsona marginalen errealitatea esploratzen du, bere burua gorrotatuz eta samurtasunez maitatuz aldi berean.

Biztanle-talde estigmatizatuen argazkiez gainera, badira Txinatarrak obran argizarizko estatuen argazkiak eta museoetako buztinezko eskulturak, ustekabean topaturiko eszenak balira bezala aurkeztuak, eta badira irudi makabroak, laborategiko espezimenenak eta hobi komunenak, Liuren haurtzaroko herria zen Datong-en, Shanxiko probintzian; japoniarren okupazioaren muga izan zen Txinan, 1930 eta 1940ko hamarkadetan. Liuren argazkien helburua ez da gizarte txinatarraren arketipoen bilduma bat aurkeztea; aitzitik, proiektu zabalago eta konplexuago baten parte dira, eta gaurko munduan bizi den pertsona txinatar bat izateak esan nahi duenaren inplikazio kultural, sozial eta historikoei dagokien neurria eman nahi diete. Konposizio horietan, Liuk auzitan jartzen ditu memoria historikoa eta kolektiboa, eta kultura txinatarraren mito heredatuak edo fabrikatuak desegiten ditu. Lausotu egiten dira egiazkoaren eta faltsuaren arteko mugak, errealitatearen eta antzerkiaren artekoak. Bizimodu txinatar garaikidearen errealitateak irudikatzeko eginahal baten gisa hasi zena, errealitate psikiko beldurgarriak aurkezten dituen analisi bat bihurtu zen: errealitate horiek Txina dokumentatzen dute, baina era berean erreferentzia egiten diote milurtekoaren aldaketa bizi izan duten gizaki guztiek partekaturiko nihilismo-sentipenari. Liuk bere kabuz argitaratu zuenean sail honetako lehen sorta, 2000. urtean, The Chinese titulua eman zion ingelesez, baina Guoren (Nire herrikideak) txineraz. —ST [Stephanie H. Tung]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Liu Zheng, “Index and Statements”, hemen: Out of the Red: The New Emerging Generation of Chinese Photographers, Andrea Albertini eta Primo Marella (arg.), erak. kat. Galleria Marella arte contemporanea, Milan, Bolonia: Damiani, 2004, 112–13 or. [itzuli]
  2. Ibid. [itzuli]

Erakusketa hautatuak

1997: Zeitgenössische Fotokunst aus der Volksrepublik China, Neuer Berliner Kunstverein, Berlin; 1998an toki hauetan egon zen: Städtische Kunstsammlungen Chemnitz, Alemania; eta Kunsthalle Darmstadt-era, Alemania. 1999: Transience: Chinese Experimental Art at the End of the Twentieth Century, Smart Museum of Art, University of Chicago; University of Oregon Museum of Art, Eugene; eta Hood Museum of Art, Dartmouth College, Hanover, New Hampshire. 2004: Between Past and Future: New Photography and Video from China, International Center of Photography, New York; 2006an toki hauetara eraman zuten erakusketa: Smart Museum of Art, University of Chicago; Museum of Contemporary Art Chicago; Seattle Art Museum; Victoria and Albert Museum, Londres; eta Haus der Kulturen der Welt, Berlin

PDF-a JAITSI