Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Ai Weiwei [II]

Philip Tinari

Izenburua:
Ai Weiwei [II]
Egilea:
Philip Tinari
Argitalpena:
Bilb0: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artea eta gizartea | Artea eta historia | Kritika
Artelan motak:
Argazkia
Aipatutako artistak:
Ai, Weiwei

56 1994ko ekaina (June 1994), 1994
Zilar-gelatinazko kopia, 39,7 × 50,8 cm. Stockamp Tsai Bilduma, honen eskaintza:
Hamburg Kennedy Photographs

 

1994ko uda hasierako goiza da, hilabete gutxi igaro dira Ai Weiwei New Yorketik Pekinera itzuli zenetik. Ai amarekin bizi den familia-etxetik atera eta Tiananmengo plazara joan dira Ai Weiwei eta haren neska-laguna, Lu Qing artista; inondik ere, pasatu dira laster Oriental Plaza saltoki-gunea izango denaren eta manifestari famatuak tanke bati aurre egin zion lekuaren aurretik, Herri Errepublikako lurrik sakratuenean. Aik eskatu dio Luri jartzeko burdinazko hesiaren kontra, eta Txinako egongela guztietan zintzilik dagoen argazki turistikoaren parodia bat egin dute biek: bisitaria tribunaren aurrean jarrita. Gero neskak gona jaso du. Une horretan bertan, erretiratu bat sartu da eszenan, pertsona desgaituei arreta emateko bulegoak ematen duen gasez bultzatutako triziklo bat gidatzen, makuluak ibilgailutik ateratzen direla, eta ibilgailuak konposizioaren erdia hartzen du. Lu Qing eta turista txinatar arrunt baten bizkarra daude irudiaren erdian, Mao presidentearen erretratuaren konplizitate-begiratuak bereizten dituela. “Gora Txinako Herri Errepublika […] Gora munduaren batasuna” aldarrikatzen dute pankartek haien ezkerrean eta eskuinean. Beste leku batean, soldadu-bikote bat lasai-lasai ari da bere erronda egiten, eta atzerriko bikote bat zorigaiztoko itxuraz urruntzen da. Mundu bat, argazki baten barruan.

Aurrerako pauso handi bat emateko prestatzen ari den Txina baten eguneroko anomia adierazten du 1994ko ekaina lanak. Halako aurrerapausoak beharrezkoa duen ahanzturari onespena eginez burutzen du irudikapena; izan ere, martxan zen ordurako ahazte hura, eta areagotu egingo zen urteen igarotzearekin. Honako hau ez da edozein egun; ikasleen mugimendua eten zuen plazaren ebakuazio odoltsuaren bosgarren urteurrena da, baina hori aipatu beharrik ere ez dago, jende guztiak baitaki. Ai bera ez zegoen plazan ikasleekin 1989ko ekainean; New Yorken zen, bere belaunaldiko gertaera erabakigarri haiek munduaren beste aldetik ikusten. Irudi hau funtsezko unea da Airentzat: bere absentziarekin bakea egiteko eta bere etxe gisa definituko zuen hirian bere presentzia berria aldarrikatzeko abagunea.

Arte-bitarteko jakinekiko leialtasunik adierazi ez duen arren, argazkilari gisa duen historia luzeaz harro dago Ai. Argazki hau egin baino hamar urte lehenago egin zituen New Yorkeko arte-eszena bohemio txinatarraren irudiak, baina geroago argitaratu eta jarri ziren ikusgai1. Haren blogak, hamarkada baten ondoren kaleratu zenak, Olinpiar Jokoen aurreko Pekinen argazki-egunkari funtsezko bat eskaini zuen, hiriaren alderdi bizi eta kontraesanez beteak agertzen zituena. Argazkigintza eguneroko praktika moduko bat izan da Airentzat, ekoizpen bisual etengabeko erreferentzia-puntu bat, haren ikuspegi umoretsu eta distopikotik komunikabide sozialen nonahikotasuna aldarrikatzen zuena.

Ai Weiweiren arteak subjektu baten posizioa egituratzea eragin ohi du, alegia existitzeko modu bat proposatzea sistema jakin baten baitan. 1994ko ekaina obran, transgresio prosaiko bat egiten ari den neskatxa eder bati begiratzea baino areago, artistaren lekuan jartzea eskatzen zaigu, zeinak aldi berean probintzietako turista txinatar baten parodia gisa ikusten baitu bere burua, eta Tiananmenen guardian dagoen zaintzako makinaren sublimazio baten gisa. Dataren aukerak eta haren erabilerak obraren tituluan oroitzapen bihurtzen du Lu Qingen flasha. Airen kamerak ekintza bera performance bihurtzen du. Gure voyeurismoak errematatzen du obra, Maoren begiradarekin hasi eta gurearekin bukatzen den kiribil batean inplikatuz ikuslea, prozesu horretan toki sakratu eta tragiko hau bereganatzen duen artean. —PT [Philip Tinari]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Ikus Ai Weiwei: New York, 1983–1993, Mao Weidong, Stephanie Tung, John Tancock eta Christophe Mao (arg.), Pekin: Three Shadows Press, 2010. [itzuli]

Erakusketa hautatuak

2011: Ai Weiwei: Interlacing, Fotomuseum Winterthur, Suitza; 2013an toki hauetara eraman zuten erakusketa: Jeu de Paume, Paris; Kunsthaus Graz, Austria; Kistefos- Museet, Jevnaker, Norvegia; eta Museu da Imagem e do Som, São Paulo

PDF-a JAITSI