Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Elefante Isats Handia Lantaldea
(Chen Shaoxiong, Liang Juhui, Lin Yilin eta Xu Tan) 1990–98 urteetan jardunean, Guangzhou

Katherine Grube

Izenburua:
Elefante Isats Handia Lantaldea
(Chen Shaoxiong, Liang Juhui, Lin Yilin eta Xu Tan) 1990–98 urteetan jardunean, Guangzhou
Egilea:
Katherine Grube
Argitalpena:
Bilbao: Guggenheim Bilbao, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171 or.
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artea eta gizartea | Artea eta identitatea | Hirigintza | Kontsumoa | Kultura eta globalizazioa
Artelan motak:
Bideoartea | Instalazioa
Aipatutako artistak:
Chen, Shaoxiong | Liang, Juhui | Lin, Yilin | Xu, Tan

41 Chen Shaoxiong
5 ordu (5 Hours), 1993/2006

Argi fluoreszenteak, kontagailu elektrikoak, errotulagailu ezabaezina egurrezko oholaren gainean, plastikozko hodiak eta kable elektrikoa, 72 × 120 × 90 cm guztira. DSL Bilduma

42 Liang Juhui
Ordubeteko jokoa
(One Hour Game), 1996
Koloretako bideoa, soinuduna, 14 min 19 s. DSL Bilduma

43 Lin Yilin
Maniobra seguruak Linhe kalea gurutzatzean
(Safely Maneuvering across Linhe Road), 1995
Koloretako bideoa, soinuduna, 36 min 45 s. Asia Society, New York

44 Xu Tan
Made in China
, 1997–98
Sofa, idazmahaia, plastizkozko eserlekuak, bainuontzia, ohea, zutikako lanparak, Mylar-a, mahai gaineko ordenagailuak, teklatuak, bozgorailuak, plastikozko jostailuak, peluxeak, puzzleak, heliozko globoak, VHS zintak, diapositiba-proiektagailuak eta sukaldaritza txinatarreko ongailuak, neurri aldakorrak; koloretako lau bideo, soinudunak (33 min 51 s; 24 min 28 s; 32 min 13 s eta 5 min 35 s). Hauen eskaintza: artista eta Vitamin Creative Space

 

Elefante Isats Handia Lantaldea Guangzhoun osatu zuten, 1990eko abenduan, Chen Shaoxiong, Liang Juhui eta Lin Yilin artistek, eta hainbat aldaketa izan zituen lau artistako azken osaerara heldu arte, 1993an; Xu Tan elkartu zitzaien aurreko hirurei. Chen, Liang eta Lin elkarlanean aritu ziren 1986an, Guangzhoun, First Experimental Exhibition of the Southern Artists Salon erakusketaren prestaketa-lanetan. Erakusketa egin zenean, urte hartako irailean, gehiago ematen zuen dantza modernoko emanaldi bat arte ederren erakusgai bat baino, baina Saloiaren antolamendu ez hierarkikoa eta arte-sorkuntzaren elkarlan-ikusmoldea garrantzi handikoak izan ziren Chen, Liang eta Linen prestaketan, oinarria ipini baitzuen haien sorkuntza-truke jarraituarentzat ez ezik, haien arte-sorkuntza ekimen sozial gisa zuten kezka partekatuentzat ere.

1990etik 1998ra arte, bost erakusketa antolatu zituen taldeak Guangzhouko espazio publikoetan, besteak beste taberna batean, hiri hartako langileen Kultura Jauregian, unibertsitate batean eta etxe orratz egin berri batean. 1998 izan zen formalki elkarlanean aritu ziren azkeneko urtea, eta urte hartan bi erakusketa antolatu zituzten kanpoan, bat Hong Kongen eta bestea Suitzan. Elefante Isats Handia taldeko lau artisten lanak konpromiso teorikoa zuen gizarte-harremanekin lotua zegoen sorkuntza artistikoko modu batekin; kokagune publikoak baliatzen zituzten, baita okupatzen ere, eta ustekabean topaturiko, bazterturiko edo merkeak ziren material industrialak eta kontsumokoak erabiltzen zituzten. Haien obrak estetika berariaz xaloa, nahasia eta ez-profesionala agertzen du, eta urbanizazio bizkorraren nahasmenduan, deslokalizazio sozial masiboan eta kontsumismoaren xahutzean atsegin hartzen du. Elefante Isats Handiaren interbentzioak lotsagabeak eta sarritan lizunak ere izaten ziren, eta Guangzhouren eta “Hegoaldearen” nortasun geografikoa, linguistikoa eta kulturala erreibindikatzen zuten, Pekingo zentro administratiboari aurre egiten zion erresistentzia ozen baten gisa. Akademia, burokrazia kulturala eta, azken batean, Estatua ere inposaturiko indar zentralizatzaileen geruza zentrokide gisa ikusten zituztelarik, Elefante Isats Handia taldeak plataforma bat eskaintzen zuen adierazpen indibidualarentzako eta kritika sozial kolektibo sarritan umoretsuarentzako.

Chen Shaoxiongen 5 ordu (1993/2006) eta Xu Tanen Maitasunaren alegoria I eta II (Allegory of Love I and II, 1993) obrak taldearen hirugarren erakusketarako sortu ziren, eta Guangzhouko gaueko taberna ezaguna zen Red Ant Bar delakoan egin zen. Erakusketa Chenen eta Lin Yilinen antzezpenek eta Xuren bi interbentziok osatu zuten. Xuren Maitasunaren alegoria I eta II obrek mugatzen zuten erakusketa, eta bi partetan egindako instalazio bat ziren, gai nagusiak bateratua: emaku­mezkoen manikiak, Nazio Batuen indar baketzaileen kasko urdin argiak besterik ez zeramatela soinean. Maitasunaren alegoria I lanean, Askapeneko Herri Armadaren kamioi batek, atzeko parte estali gabean, maniki haietako bat eraman zuen, kohete-jaurtigailu bat zuela lepoan, Guangzhouko Arte Ederretako Akademiatik hiriko lehen McDonald’s-eraino, zeina 1993. urteko otsailean inauguratu baitzen Guangdongeko Nazioarteko Hotelean. Kamioiak hiria zeharkatu zuen, garrantzi historiko eta politiko berezia zuten tokietatik igaro eta bere ibilbidea Estatu Batuetako frankiziarik ezagunenean bukatzeko: kultura kontsumista hasi berriaren eta Guangzhouren globalizazioaren ikurrik handienean. Ordu batzuk geroago, Maitasunaren alegoria II daipaidang batean aurkeztu zen, hau da, Guangzhouko kaleetan ohikoak diren aire zabaleko janari-postu batean. Obra hartarako, bi sirena-formako maniki ipini zituen Xuk postuko zoruan. Arratsaldeak aurrera egin ahala, janari- eta zabor-arrastoak pilatu ziren haien gorputzen gainean. Bi obrek baliatu zituzten readymadeak, zeinak Xuk egokiro definitu baitzituen esanez horiek kokalekua, publikoa eta objektuak beren baitan hartzen dituztela, “errealitatearen eta antzerkikoa denaren” arteko “muga komuna” eskuratzeko xedeaz1.

Chen Shaoxiongen antzezpena Red Ant Bar-en kanpoan egin zen, Lin Yilinen 100 pieza (100 Pieces) eta 1.000 pieza (1,000 Pieces) obraren segidan. Chenek asmoa zeukan egurrez eta argi fluoreszentez egina zegoen behi formako eskultura bati 5 orduz konektatua egoteko, antzezpenak iraun zuen denboran lepotik zintzilik zeraman kontagailu elektriko batek kontsumo elektrikoa neurtzen zuen bitartean. Hodi fluoreszente arrosa, urdin eta berdeek, eta argi-zerrendek argitzen zuten eskulturaren behi-forma gaueko iluntasunean, eta gorputzaren barrenean bi kanpaiko iratzargailu analogiko bat eta emanaldiaren iraupena iragartzen zuen kartel bat zeuden zintzilik. Argi berdeko hodi batek konektatzen zituen animaliaren ahoa eta artistarena. Saioa hasi eta handik gutxira, han bildutako publikoak Chenen antzezpena eten zuen, parte hartzeko eskatuz eta proposamen irrigarriak eginez, sarritan lizunak, hodiak gorputzeko beste puntu batzuetatik sartzeko. 1993rako jadanik, Chen heldua zen pentsatzera “artelana ez dela objektu material bat, toki bat baizik”, Guangzhouko eraikuntzaren boomak eragindako iritzia. 5 ordu obrak inguru hura guztia merkataritzako eta fabrikazio industrialeko erdigune bihurtzeko behar izan zen esku-lanaren, materialen eta energiaren kontsumo ikaragarria hartzen zuen gogoan2.

1990ko hamarkadaren erdialdean, lekuaren eta kokagunearen aldaketa berezko bitarteko bihurtzea funtsezkoa izatera heldu zen Elefante Isats Handia taldearen jardunean, eta hori agian hoberen laburtzen duen lana Lin Yilinen performancea da: Maniobra seguruak Linhe kalea gurutzatzean (1995). Garai hartan Asiako eraikinik altuena zen CITIC Plazaren oinetan egin zen performancea ia 90 minutuz luzatu zen, eta lekuaren garrantzi politikoa eta sinbolikoa baliatu zuen anbizio nazionalen eta ekonomikoen giza kostua azaltzeko. Chen Shaoxiongek dena filmatzen zuen bitartean, Linek lau bideko bulebar bat gurutzatzen zuen oinezkoen igarobidetik, alde batetik bestera eramanez, metodikoki, zementuzko blokeen lau zutabe bertikal, bata bestearen gainean ipinita. Linen helburua zen “pareta mugikor” bat eratzea bere ahalegin fisiko pertsonalarekin, eraikitze-lanetan ari ziren Zhongtian plazatik etengabe joan-etorrian zebilen trafikoa etenez, arreta erakartzeko urbanizazioaren erritmo antinatural eta gizagabera, eta inguruaren aldaketa hain ikaragarri batek eskatzen zituen eta hartatik ezin bereizi ziren giza dislokazioetara3.

Elefante Isats Handia taldeko artistak batere segurtasunik gabe hasi ziren lanean 1990 urteetan, baina jadanik 1998an, Hou Hanru komisarioa zelarik —aspalditik ari zen elkarlanean Elefante Isats Handia taldearekin— Suitzan izen bereko erakusketa definitiboa egin zutenean, Chen, Liang, Lin eta Xu nazioarteko ospea zuten artistak ziren, eta sarritan parte hartzen zuten nazioarteko erakusketetan. Halaxe gertatu zen Xu Tanen eta haren Made in China (1997–98) obraren kasuan. Maitasunaren alegoria I eta Maitasunaren alegoria II obrekin gertatzen zen bezala, instalazioak modu aleatorioan hartzen zuen erakusketaren espazioa, kasu honetan hiriko espazio berriko barrenalde pribatuei erreferentzia eginez. Lana osatzen duten kalean topatutako altzarietako bakoitza —bainuontzia, ohea, sofa eta sukaldeko mahaia— Mylar-en bildua eta plastikozko jostailuez, peluxeez eta bertako auzo txinatarreko janariez estalia dago. Lurrean arte txinatar eta mendebaldekoaren obra famatuen puzzleak zeuden, bisitariak haiek jolasean ibil zitezen. Baziren monitore batzuk bideograbagailuak erantsiak zeuzkatenak, eta altzari bakoitzaren gainean ipinitako diapositiben karruselek Xuk edo haren laguntzaileek Guangzhouko bazter-zulo beltzenetan grabatutako dokumentalak ematen zituzten, besteak beste gayen arteko topaketa sexual batena. Behaketako dokumentalaren ikuspegiak eta lehen planoan egindako elkarrizketek bizitza ematen diete Guangzhouko tabernei, masaje-aretoei eta jendez betetako aldiriei, baina arrunkeria guztiz zakar batek hartzen du filma, altzarien distira metalikoa eta nonahi sakabanaturiko kontsumo-produktuak, eta denak gertatzen dira funsgabeak kontsumitzailearen apetituei egiten dieten dei biluzian. —KG

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Xu Tan, “Jinri qishou” [Gaur egungo gautxoak], Hanmo yixun (Hanmoko arte-albisteak), 2. zkia., 1994ko azaroa, 13 or. [itzuli]
  2. Chen Shaoxiong, Big Tail Elephant Working Group Art Exhibition erakusketaren produkziorako oharrak, 1991ko urtarrila. [itzuli]
  3. Lin Yilin, egilearekin hizketan, 2016ko uztailak 19. [itzuli]

Erakusketa hautatuak

41         1993: Elefante Isats Handiaren hirugarren ekintza artistikoa, Red Ant Bar, Guangzhou. 2016: One Hour, No Room, Five Shows, Times Museum, Guangzhou
42         2011: Thirty Years of Chinese Contemporary Art History: Moving Image in China, Minsheng Art Museum, Shanghai. 2015: “Nonfigurative”, Shanghai 21st Century Minsheng Art Museum
43         1997: Johannesburgoko Bienala: Trade Routes: History and Geography. 2003: Veneziako Bienala: Z.O.U.-Zone of Urgency. 2007: Documenta, Kassel. 2016: One Hour, No Room, Five Shows, Times Museum, Guangzhou
44         1998: Big Tail Elephant, Kunsthalle Bern, Berna.
42–44   1997: Cities on the Move 1, Secession, Viena; toki hauetara eraman zuten erakusketa: CAPC-Musée d’art contemporain de Bordeaux (Cities on the Move 2 izenarekin); eta 43-ekin jarraitu zuten Cities on the Move erakusketaren 3–7 edizioak honako toki hauetan: Long Island City, New York; Humlebæk, Danimarka; Londres; Bangkok eta Helsinki

PDF-a JAITSI