Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Chen Chieh-jen

Lu Mingjun

Izenburua:
Chen Chieh-jen
Egilea:
Lu Mingjun
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artea eta ekonomia | Artea eta gizartea | Artea eta politika | Kapitalismoa
Artelan motak:
Bideoartea
Aipatutako artistak:
Chen, Chieh-jen

103 Fabrika (Factory), 2003
Koloretako bideoa, soinurik gabea, 30 min 50 s, Asia Society, New York

 

1960ko hamarkadaren erdialdean, Esportazio-esparruen Zabalkunde eta Administraziorako Estatutua aldarrikatu eta aplikatu zenean, esportazioen hiriburua bihurtu zen Taiwan, oso kutsagarriak ziren industria intentsiboekin, sistema kapitalista multinazionalaren pean. Gero, 1990eko hamarkadan, neoliberalismoaren zabalkunde globala gertatu zelarik, soldatak baxuagoak ziren eskualdeetara hasi ziren aldatzen Taiwango lan intentsiboko industriak. Fabrika batzuk kolpetik itxi, eta kaleratze masibo errukigabeak izan ziren; ondorioz, bertako langile asko iraupen luzeko langabezian geratu ziren.

Horren erreakzio gisa sortu zen langile-mugimenduak 1996an jo zuen gailurra. Urte hartan itxi zuten Taiwango Lianfu arropa-fabrika, eta inbertitzaileek ez zuten pentsiorik edo kaleratze-ordainik ordaindu. Gobernuak ez zien lege-babesik eskaini fabrikatik botatako ehungintza-langileei, eta orduan haiek, beste bideetatik saiatu ondoren pentsioak eta ordainak eskuratzen —arrakastarik gabe—, protesta-kanpaina bati ekin zioten, burdinbide-lineak eta autobideak blokatuz; kanpaina hura 2003ra arte luzatu zen. Urte hartan, Chen Chieh-jen artista taiwandarrak egoeraren berri jakin zuen eta Fabrika filmatzen hasi zen. Lianfu fabrikako eraikin abandonatuak agertoki gisa hartuz, garai bateko lanpostuetan jartzera gonbidatu zituen Chenek langile-ohiak, beren lan-jardueraren eszenak berregin zitzaten. Artistak, bere lentearen bitartez, kapitalismoaren hondakinak ikustera darama ikuslea, non gelditasunezko sentipen batek estaltzen baititu beste denbora batean kapitalak biziarazitako fabriketako objektu abandonatuak.

Kontaketa guztiz errealista gauzatzen saiatu ordez, artistak bideo guztiz erritualista eta parte-hartzailea sortu zuen. Fotogramako emakumeak lantegiko hondakin zaharkitu eta baliogabeez daude inguratuak, baina zutik daude, harro, haien artean. Filmak ez dauka soinurik, isiltasuna baliatuz langileen ahots galduak adierazi nahian bezala. Esan liteke filma berez erresistentzia-ekimena dela, artistak eta langileek laster enkantean aterako den fabrika-espazio bat “okupatzen” baitute. Erresistentzia haren xedea ez zen kalte-ordaina jasotzea ez lan-eskaintzak hartzea, baizik eta duintasuna berreskuratzea, langile eta gizaki gisa. Chen Chieh-jenen iritzian, bere irudiek ez dute langileen edo talde kaltetuen izenean hitz egiten. Areago, emakume horiek “gu garela” erakusten digute irudiek. “Haien borroka ‘gure’ borroka da. Emakume horiek ahazten baditugu, geure burua ahaztuko dugu”1. —LMJ [Lu Mingjun]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Chen Chieh-jen, “‘Jiagongchang’: Taiwan chengyi nügong de shenti jingyan” (Fabrika: Taiwango emakume arropa-langileen gorputz-esperientzia), Yishu shijie (Art World), 260. zkia., 2012ko urtarrila-otsaila. [itzuli]

Erakusketa hautatuak

2004: Shanghaiko Bienala: Techniques of the Visible, Shanghai Art Museum. Taipeiko Bienala: Do You Believe in Reality?, Taipei Fine Arts Museum. 2005: Veneziako Bienala: The Experience of Art. Storm Is What We Call Progress, Arnolfini, Bristol. 2006: Bienal Cuvée, OK Offenes Kulturhaus, Oberösterreich, Linz, Austria. 2008: Les Ateliers de Rennes Bienala: Crossing Values, Rennes, Francia. 2010: 4th Artes Mundi Prize, National Museum Cardiff, Gales. On the Empire’s Borders: Chen Chieh-jen 1996–2010, Taipei Fine Arts Museum. São Pauloko Bienala: There Is Always a Cup of Sea to Sail in. 2013: Chen Chieh-jen: Factory, The Route, Empire’s Border I & II, Mudam Luxenbourg. 2016: Prospectif Cinema, Centre Pompidou, Paris

PDF-a JAITSI