Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Shen Yuan

Xiaorui Zhu-Nowell

Izenburua:
Shen Yuan
Egilea:
Xiaorui Zhu-Nowell
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Erbestea | Ingurunea
Artelan motak:
Instalazioa
Aipatutako artistak:
Shen, Yuan

85 Itsasontzi bat, hosto bat (Un bateau, une feuille), 2001
Egurra, metalezko wokak, soka, banbua, banbuzko lurrun-eltzea, oihala eta sukaldaritzarako osagaiak (lirio-ernamuin lehorrak, itsas luzokerra, itsas belarrak, agar-agarra, soja-babak, betel-azala, onddoak, mungo-babak, arroza, goji-baiak, adenofora-sustraia, piper min lehorra, kanela, ginkgo biloba, Fallopia multiflora tuberkulua, anis txinatarra, zanthoxyluma, fritillaria-erraboila, galangala eta intxaur muskatua), 350 × 700 × 230 cm inguru guztira. Institut culturel Bernard Magrez, Bordele

 

Shen Yuan Iraultza Kulturalaren ondoren Txinan Arte Ederretako ikasketak egin zituen lehen belaunaldiko kidea da. 85eko Uhin Berriko kidea izanik, ezin hobeto ezagutzen zituen Mendebaldeko mugimendu modernoa eta haren oinarri filosofikoak. Txinatar pintura klasikoa ikasi bazuen ere, jarduera esperimentalagoak ikertu zituen bere lehen obretan, hala nola, fikziozko idazketa, paper gaineko ariketa kontzeptualak eta instalazioak. 1990ean, Parisera aldatu zen, eta han bizi da eta lan egiten du gaur egun. Eskulturan eta instalazioan oinarrituriko bere sorkuntza-lanek erreferentzia autobiografikoak eta mihiztadurak uztartzen dituzte, mugimenduaren, migrazioaren eta itzulpenaren bitartekaritzaren bidezko ezagutzaren kontzeptuez gogoeta egiteko. Ezaguna dena eta hauskortasuna kontu handiz antolatuz, maiz jotzen du eguneroko objektuetara, lekualdatze kulturaleko bere esperientzia adierazteko.

Itsasontzi bat, hosto bat obran (2001), egur-adarrek, banbu-makilek eta wokek bat egiten dute itsasontzi txiki baten egitura osatzeko, arrantzako bela-txalupa bat osatzeko. Era horretako txalupek esanahi berezia dute Shen-entzat, Fujian probintziako kostaldean hezi baitzen, Xianyou hirian, non baitira arruntak txalupa horiek. Zentzu zabalagoan, bateaua, edo, txineraz, bianzhoua alderrai nostalgikoaren malenkoniaren sinbolo gisa ere ageri da txinatar poesian. Shen-ek sortutako itxura prekarioko egitura lokarri arruntaz lotuta dago, eta zenbait espezia, sustrai eta banbuzko lurrun-eltze ditu, txinatar sukaldaritzan erabiliak guztiak ere, eta banbu-landare bizi bakarra. Woketako batean kokatutako bozgorailu txiki batek txinatar herri-doinu bat erreproduzitzen du, tinbre delikatu baina durunditsukoa. Bizitza toki berri batean baldintza zail eta kaskarretan berreraikitzez dihardu kantuak, eta, alderdi horretatik, eremu sinbolikora darama instalazioko bateaua1. Artistak adierazi bezala, eszena horrek “orainera dakartza iraganeko gauzak eta iraganera atzerarazten du oraina”2. Kasu honetan, bere jarduera guztian zehar bezala, objektuek gizarte-ekintzekin duten lotura estua ikertzen du Shen-ek. Bateau batez hark duen irudia testuinguru eraldatu batean kokatuz, espazio-dimentsioa galarazten dio egindako distantziari, eta diskurtsibo bihurtzen du, denbora bezala. Shen-en ekintza poetikoek inguruneari erreferentzia egin ohi diote, eta ikuslearen oroitzapen eta asoziazio pertsonalak atxikitzen saiatzen dira, denbora luzez hedatzen diren murgiltze-elementu multisentsorialen bidez. —XZN [Xiaorui Zhu-Nowell]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Artistak ezabatu egin du soinu-osagaia obra honen gaur egungo bertsioan. [itzuli]
  2. Jérôme Sans, “The Migrating Identity: In Conversation with Shen Yuan”/“Qiantu de shenfen: Dui Shen Yuan de fangtan”, ing. itz.: Philip Tinari, hemen: Shen Yuan: Hurried Words/ Jicu de huayu, erak. kat., Ullens Center for Contemporary Art, Pekin, Shanghai People’s Publishing House, Shanghai, 2010, 79.–80. or. [itzuli]

Erakusketa hautatuak

2001: Huang Yong Ping & Shen Yuan, Centre des arts contemporains du Québec à Montréal. 2004: A l’ouest du sud de l’est/à l’est du sud de l’ouest, Villa Arson, Niza; hemen ere izan zen: Centre régional d’art contemporain, Sète, Frantzia. 2013: Dinard, l’amour atomique, Palais des arts, Dinard, Frantzia

PDF-a JAITSI