Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Ding Yi

Lu Mingjun

Izenburua:
Ding Yi
Egilea:
Lu Mingjun
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Kolorea | Arrazionalismoa
Teknikak:
Pintura (pintura akrilikoa)
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Ding, Yi

24 Gurutzeen itxura 1991-3 (Appearance of Crosses 1991-3), 1991
Akrilikoa mihise gainean, 140 × 180 cm. Artistaren bilduma

25 Gurutzeen itxura 1992-17 (Appearance of Crosses 1992-17), 1992
Akrilikoa mihise gainean, 200 × 240 cm. Artistaren bilduma

 

1980aren hamarkadaren bukaeran hasi zen Ding Yi Gurutzeen itxura izeneko pintura-esperimentuen saila lantzen, Shanghai-en, eta haien forma prozesu konplexu eta oso sakon baten emaitza izan zen. Pintura eta diseinua bateratzeko ahalegin bat izan zen artistaren lehen motibazioa. Kuatrikromiako inpresioan agertzen diren erregistro-marketan inspiratu zen zuzenean, gaztetan inprenta batean lan egin zuen garaitik ezagutzen baitzituen. Baina garrantzitsuena da sailak argi islatzen duela artistak zuen interes handia Mendebaldeko modernitatean eta pintura abstraktuan, Piet Mondrian-enean bereziki, baita artistaren prestakuntza ere tinta txinatarrarekiko pintura tradizionalean, Shanghaiko Arte eta Ofizioen Eskolan aritu baitzen ikasten.

Gurutzeen itxura 1991–3 (1991) Dingen lehen fase esperimentaleko obra adierazgarri bat da; egileak berak definitu zuen fase hura “Gurutzeen itxurako zehaztasun teknikoko fasea” zelakoan1. Pintatzen hasi aurretik, artistak kalkulu konplexuak egiten zituen, konposiziorako oinarrizko eskema bat egiteko. Pintatzeko prozesuan, osorik ezabatzen zituen pintzelkadaren testura, esanahi eta emozio guztia. Nahastu gabeko pintura erabiltzen zuen, hoditik zuzenean, eta marrazkigintzako erregelak, zinta eta lumak erabiltzen zituen zehaztasunik handiena eskuratzeko bere lerro eta koloreetan, inpresio mekanikoaren eta diseinu industrialaren antzeko efektua lortzeko xedeaz. Georges Seurat-ek bezala, Thierry de Duve-k deskribatu zuen moduan, irudien ekoizle mekaniko batena zen haren artistaren kontzeptu ideala2. Garai hartarako, Dingek baztertua zeukan bere subjektibotasuna eta bere burua materializatu edo objetibizatu zuen, pintura aldi berean readymade bihurtuz. Horrez gainera, Dingen estiloak —“soiltasuna konplexutasunetik abiatuta” edo “konplexutasuna soiltasunetik abiatuta”— tentsio formala azpimarratzen du, eta erreferentzia egiten dio berebat tentsio bisualari. Artistak gogorarazten dio ikusleari koadroa, osotasun gisa, laua eta politonala dela, baina, xehetasunetan, antzeman daitezke erlazio kromatikoetan oinarrituriko perspektibaren senaren aztarrenak3. Izan ere, + ikurrek eta Xek perspektiba-konnotazioak eragiten dituzte beren ebaketetan.

1992aren inguruan aldaketa garrantzitsu bat gertatu zen, Dingek bere lan-tresnei eta zehaztasun teknikoari uko egin baitzien, eta eskua altxatuz hasi zen pintatzen. Halaxe sartu zen herri-fasea deritzanean. Gurutzeen itxura 1992–17, urte berekoa, aldi horretako obra adierazgarria da. Eskua altxatuz egindako pinturan oinarrituz, Dingek uko egin zien aldaketa kromatikoei, eta kolore bakarraren aldera egin zuen. Aldi berean, eginahalak egin zituen pinturaren geruzak azpimarratzeko eta lanaren erritmoa mantsotzeko, lehengaia ezabatu zuen pintzeletik, + eta X ikurrek eratutako oinarrizko profilak bakarrik utziz eta kaligrafia txinatarraren azterlanean erabilitako profilatu bikoitzaren teknika berreginez. Pintzelkaden amaierak ukitzen ez direnez gero, ematen du ezin konta ahala triangelu aldeberdinetatik abiatuta daudela eraikiak, forma positiboen eta negatiboen arteko dialektika bat sortuz. Dingen hasierako asmoa “Pintura ematen ez zuen pintura sortzea”4 baldin bazen, marrazki-metodo guztiz arrazionalak erabiliz artistaren eskua ezabatzeko, sortzen ziren xehetasun berriek pinturaren eta marrazkien arteko tentsioa, hala nola naturaren eta ordenaren arteko oreka azpimarratzeko, balio zuten.

Dingek tesiak balira bezala ikusten ditu bere koadroak, eta hurrengo tesia aurrenekoaren gaineko diskurtsoa amaitu baino lehen hasten da haietan5. Egileak aldi asko korritu baditu ere lehen obra haien ondoren, ikerketak jarraitzen du gaur egun. Lan-metodo honi eta artistaren ikusmolde honi dagokienez, bereziak eta obsesiboak direlarik, halako espiritu arrazional baten ondoriozkoak direla esan genezake. Dingek uste du egiaren forma bat dela pintura bera. Kasu honetan, egia ez da hor dagoen arau edo logika metafisiko bat. Alderantziz, pertsona batek une jakin batean egiazkoa dela uste duena, hori da egia6. —LMJ [Lu Mingjun]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Cao Weijun, elkarrizketa Ding Yi-rekin, ShanghART Gallery website, 2007. [itzuli]
  2. Thierry de Duve, Kant after Duchamp, MIT Press, Cambridge, Massachusetts, 1998. Shen Yubing, Zhang Xiaojian eta Tao Zheng-ek txinerara itzulia, Jiangsu Fine Arts Publishing House, Nanjing, 2014, 147–65 or. [itzuli]
  3. Mathieu Borysevicz, elkarrizketa Ding Yi-rekin, ShanghART Gallery-ren weborria, 2013 [itzuli]
  4. Liu Huiling, Ding Yi: Zai xianzhi he tupo zhong tuozhan huihua de kuandu (Ding Yi: pinturaren zabaltasuna hedatuz mugetan eta aurrerapenetan), Tengxun Wenhua weborria, 2013. [itzuli]
  5. Elkarrizketa Borysevicz-ekin. [itzuli]
  6. Ibid. [itzuli]

Erakusketa hautatuak

24            1993: China Avantgarde, Haus der Kulturen der Welt, Berlín; 1994 toki hauetara eraman zuten: Rotterdam-eko Kunsthal; Museum of Modern Art, Oxford; Kunsthallen Brandts Klæderfabrik, Odense, Danimarka; eta Hildesheim-eko Roemer-und Pelizaeus-Museum, Alemania. 2008: Avant-Garde China: Twenty Years of Chinese Contemporary Art, The National Art Center, Tokio; 2009an toki hauetara eraman zuten: The National Museum of Art, Osaka, eta Aichi Prefectural Museum of Art, Nagoya. 2010: Shanghai, Asian Art Museum, San Francisco. 2014: Hans van Dijk: 5000 Names, Ullens Center for Contemporary Art, Pekin. 2015: Ding Yi: What’s Left to Appear, Long Museum, Shanghai

25            1993: Veneziako Bienala: Cardinal Points of Art. 2015: Ding Yi: What’s Left to Appear, Long Museum, Shanghai

PDF-a JAITSI