Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Hitzaurrea eta esker ona [I]

Alexandra Munroe, Philip Tinari eta Hou Hanru

Izenburua:
Hitzaurrea eta esker ona [I]
Egilea:
Alexandra Munroe, Philip Tinari eta Hou Hanru
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171 or.
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Arte orientala | Artea eta ekonomia | Artea eta gizartea | Artea eta identitatea | Artea eta politika | Artearen historia | Lan intelektuala | Erakusketak | Elefante Isats Handia Lantaldea | Kultura eta globalizazioa | Txina | Joseph Beuys | Hou Hanru | Philip Tinari | Xiaorui Zhu-Nowell
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua | Arte Garaikidea | Arte Kontzeptuala | Kontzeptualismoa | Minimalismoa | Post-Minimalismoa
Aipatutako artistak:
Cao, Fei | Chen, Zhen | Huang, Yong Ping | Yan, Lei | Yin, Xiuzhen | Zheng, Guogu

Artea eta Txina 1989aren ondoren: Munduaren antzerkia erakusketak Txinako arte garaikidearen historia bat aurkezten du, baita 1989–2008 urte erabakigarrien arteko aldia hartzen duen artearen diskurtso globalaren oparoaldia ere. Historia modernoan, ez da inoiz izan Txinak bi hamarkada horietan bizitu dituen adinako aldaketa erabatekorik jasan duen naziorik, eta aldaketa gutxik izan dute halako inpaktu globala, hain handia. Erakusketa honetako artistek aldaketa guztiz bizkor horren eragiletzat hartzen dute beren burua, eta aldi berean eszeptikoak dira aldaketa horren aurrean; eskaintzen dituzten plan­teamenduek bizi garen munduaz dugun ulerpena behar luteke zabaldu. Txinaren inguruko kontaketa global bat eman nahian, Txina jokalari interdependentea den artearen eta garaikidetasunaren ikuspegi bat ematen du Munduaren antzerkia erakusketak. Arte kontzeptualaren hainbat eratako joerak lantzen dituten artistengan zentratuz, artista horien probokazio maltzurrak modernotasun transnazionalaren, postmodernismoaren, diferentzia- eta identitate-politikaren, globalizazioaren, eta artearen eta politikaren gaineko solasaldi zabalagoen argitan ikusten ditu proiektu honek. Guggenheimeko erakusketak eta hura osatzen duten elementu guztiek —katalogoa, film dokumentalak, on-line edukiak eta heziketa-programak— mugimendu artistiko ausart bat aurkezten dute, zeinak agerian jartzen baitu bai Txina globalizatua milurtekoaren aldaketan, bai artista txinatarrek izan duten betekizun kritikoa arte globalaren fenomenoaren sorreran.

Nire eskerrik beroena eman nahi diot Solomon R. Guggenheim Museoaren eta Fundazioaren zuzendari Richard Armstrongi, proiektu honen garapenaren fase guztietan eman digun babes erabateko eta sendoagatik. Richard Armstrongek Guggenheimez duen ikusmoldeak, ikerketa-, berrikuntza- eta esperimentazio-lekua delakoan, beharrezko testuingurua sustatu du halako konplexutasun eta arriskua duten proiektuei heldu ahal izateko. Horrez gainera, museoaren arte arduraren esparrua zabaltzeko konpromisoa hartu du Richardek, Mendebaldetik kanpokoak izanik, Mendebaldearekin gurutzatzen diren arte-historiak lantzeko xedeaz, eta, hori dela-eta, Guggenheim liderra da gaur egun arte globalaren historiaren bideak irekitzen dituzten museoen artean. Nire lankideak ere lagun solidarioak izan dira eginkizun honetan: Nancy Spector, zuzendari artistikoa, Jennifer eta David Stockman arte arduradunen burua, eta Joan Young, Arte Ardura Auzien zuzendaria.

2006an fundatu zen museoko Solomon R. Guggenheim Museoaren Arte Asiarreko Ekimenak antolaturiko hamaikagarren erakusketa da Munduaren antzerkia. Museoaren arte ardura eta heziketa-egitaraua sendotzea da ekimen horren helburua, arte modernoari eta garaikideari buruzko ikuspegi globalak ikertuz eta aurkeztuz. Banakako artisten atzera begirako erakusketetan zentratu gara, besteak beste Lee Ufan eta V. S. Gaitonde-renetan, eta mugimendu historikoei buruzko azterlanetan, nola den Gutai-rena. Gure ustez, aitorpen handiagoa merezi dute Asiarekin lotutako artista eta mugimenduek gure nazioarteko programan, eta hortaz, baita gerraondoko abstrakzioarekin, minimalismoarekin, kontzeptualismoarekin eta postminimalismoarekin loturiko historia berriztatu batean ere. Gure lana Guggenheim UBS MAP Global Art Initiative erakundeak egindakoarekin konbinatu da, baita Abu Dhabi Guggenheim Proiektuarekin ere; arte moderno eta garaikideko eredu transnazionalak diseinatzeaz arduratzen dira bata zein bestea, mundu osoko artelanak erosiz eta erakusgai jarriz.

Arte arduran egin dudan ibilbidea eta karrera akademiko ia osoan material honekin lanean aritu banaiz ere, 2014an hasi zen serio proiek­tua. Prozesuaren hasieran, bi adiskide onen aholkularitza bilatu nuen, biak ere aztertzen ari ginen historiaren protagonistak. Philip Tinari-rekin 2014az geroztik eta Hou Hanru-rekin 2015az geroztik izandako solasal­dien ondorioz, biak gonbidatu zituen Solomon R. Guggenheimek komi­sariokide gonbidatu gisa parte hartzera Artea eta Txina 1989aren ondoren: Munduaren antzerkia erakusketan. Gure solasaldiek batere konbentzionala ez den planteamendu bat izan dute. Ez gara kanon berri bat proposatzen ari, ezta behin betiko irakurketarik ere. Gurea gehiago da proposamen sail bat, nola planteatu artea eta Txina bizi ditugun kultura-denborarekin loturik.

Hou Hanru, Guggenheimen Asian Art Council erakundearen kide sortzailea eta gure komisario aholku-emailea The Robert H. N. Ho Family Foundation erakundeko Arte Txinatarraren Ekimenean, halaber, indar zentripetoa izan da arte txinatar garaikidearen garapenean. 1980ko hamarkadan artearen historiako ikaslea izan zen Arte Ederretako Akademia Zentralean, eta aurrenekoetako bat izan zen Joseph Beuys-en ideiak abangoardia jaio berrira ekarri eta ezagutarazten. Parisera aldatu zenetik 1990an, kritikari eta komisario zuhur eta aktiboenetako bat izan da artistak eta kolektiboak sustatzeko garaian, nola diren Elefante Isats Handia Lantaldea, Cao Fei, Chen Zhen, Huang Yong Ping, Yan Lei, Yin Xiuzhen eta Zheng Guogu, Beuysek artea sendabide sozial gisa ikusteko zuen desiraren bozeramaileak direlakoan. Haren erakusketa apurtzaileen artean, Cities on the Move aipa daiteke, Hans Ulrich Obrist komisarioare­kin batera antolatua 1997–2000 urteetan, eta Istanbuleko X. Bienala, Not Only Possible, but Also Necessary: Optimism in the Age of Global War, 2007an. Erakusketa horiek lehen-mailako plaza izan dira, eta limurtzaileenetakoak, mundu osoko artistak elkarreraginean ikusteko, eta haien komisariotza-gaiek Hanruk “hirugarren espazioa” deritzana azale­ratu dute, hau da, Mendebaldekoa ez den esparru batetik datozen nolakota­sun kritikoa eta askatasuna. MAXXI, Erromako XXI. mendeko Arteen Museo Nazionalaren zuzendari artistiko gisa, Europan, Estatu Batuetan eta Txinan barna mugitu da Hanru proiektu hau lantzen. Hanruren gaitasun handiaren aztarrena du erakusketa honek.

Philip Tinari, 2001az gero Pekinen egoitza duen idazlea eta komisa­rioa, “arte txinatar garaikidea” eta mundu zabalaren arteko intersekzioa lantzen aritu da bere karrera osoan. Artforum aldizkariarentzat idatzi zituen Txinako arteari buruzko lehen artikuluak, eta 2008an fundatu zuen haren bertsio txinatarra; geroago LEAP aldizkari elebiduna jarri zuen abian, eta esparru honetako ahots nagusietako bat da gaur egun. 2011n, Ullens Center for Contemporary Art (UCCA) erakundearen zuzendari izendatu zuten Pekingo 798 Arte Distrituan, eta han jardun du lanean artista txinatar eta nazioartekoen erakusketen bitartez erakunde bat antolatzeko xedeaz, artearen merkatuko indarrek eta politika autoritarioak Txinako artearen espazio publikoa eta kritikoa bereganatzeko mehatxua egin zuten garaian. Phil elkarlanean aritu da erakusketa honetako komisariokide gisa, doktoretza-ikasketak bukatzen ari zen bitartean, Oxfordeko Unibertsitatean Craig Clunas-en zuzendaritzapean. Haren jakintza zabalak eta Txinan bizi izan duen esperientziak uneoro gogorarazi digu zer zuten jokoan han 1990 eta 2000ko hamarkadetan lanean ari ziren artistek, eta asko dira erakuske­tari eta liburuari egin dizkion ekarpenak.

Xiaorui Zhu-Nowell akademikoa eta arte ardurako ikerlari elkartu eta arte arduradun laguntzaile gisa sartu zen 2014an Arte Asiarreko Ekimenean, Munduaren antzerkia erakusketarako. Neurri honetako ikerlan-proiektu baten balioa arteari buruzko ikerlan horren analisi historiko eta teorikoen originaltasunean oinarritzen da; zentzu horretan, bihotzez eskertzen dizkiot Xiaoruiri erakusketa honen planteamenduari eta antolamenduari egin dizkion kritikak eta ekarpen handiak. Estudioetara egindako ehunka bisitaldi, elkarrizketa eta Skype bidezko topaketetan lagundu zidan Xiaoruik, interprete gisa sarritan, eta beti ere erabateko konplize moduan. Bibliografia guztiz zabal bat bildu zuen gure komisariotza-ikerketarako, besteak beste gure lan-esparrua taxutuko zuten testu teorikoak hartzen zituena, eta gogotsu aritu zen gurekin elkarlanean hautaturiko historietan eta katalogoan ageri diren artisten biografietan. Haren Obren saileko testuek ondo islatzen dute liburu honetarako lortu nahi genuen idazkera kritikoaren maila, eta gure komisarioekin, erakusketako artistekin eta mailegu-emaileekin eratu dituen harremanek bizitza berezia eman diote proiektuari. Lau urtez izan da nire hurbileko lankidea, eta bihotz-bihotzez adierazten dizkiot nire esker ona eta nire mirespena.

2015. urtean hasi zen Kyung An doktorea Guggenheimen lanean, Arte Asiarreko arte arduradun laguntzaile gisa. Ezin hobeki menderatu ditu Museoko Proiektu-lantaldearekiko komisario-bitartekari gisa zuen eginkizunaren alderdi guztiak, eta horri esker arrakastaz jarri dira martxan gure programa didaktikoak, webguneko edukia eta argitalpen hau. Proiektuko zenbait ekimen gidatu zituen, besteak beste gure Emerging Scholars Symposium, zeina New Yorkeko Unibertsitatearekin lankidetzan antolatu baitzen; eta aldi berean jadanik martxan ziren Arte Asiarreko Ekimenaren proiektu guztien alde egin zuen. Biziki eskertzen dizkiot Kyungi bere zorroztasun akademikoa, bere administrazio arduratsua eta bere iritzi argia, asko lagundu baitiote proiektu honen arrakastari.

Solomon R. Guggenheim Museoko biribilgune-areto guztiak eta Guggenheim Bilbao Museoko bigarren solairu osoa hartzen dituelarik, halako konplexutasun-maila duen erakusketa bi museoetako sail bakoitzeko talentuaren mendekoa da. Proiektu-lantaldean aipatzen den pertsona bakoitzak bere ekarpena egin dio erakusketa honi, eta gure eskerrik zintzoenak eta mirespena eskaini nahi dizkiogu horietako bakoitzari.

New Yorkeko aurkezpenaren ondoren, Munduaren antzerkia Bilboko Guggenheim Museoan eta San Francisco Museum of Modern Art-en egongo da ikusgai, 2019 hasiera arte. Eskerrak eman nahi dizkiogu Guggenheim Bilbao Museoko zuzendaria den Juan Ignacio Vidarteri bere babes suharrarengatik, arte txinatarri buruzko hirugarren erakus­keta eskainiko baitio Bilboko nazioarteko publikoari. Zoratzen gaude gainera berriz ere elkarlanean ari garelako SFMOMArekin, bereziki Neal Benezra zuzendariarekin, Rudolf Frieling Arte Digitaleko arte ardura­dunarekin eta Gary Garrels Elise S. Haas bildumaren Pintura eta Eskulturaren arte arduradun seniorrarekin. Desiratzen gaude bi museoetako proiektuko langileekin lanean hasteko, era horretan erakusketa honen eta bakoitzaren publikoaren arteko ahalik eta topaketarik hoberena indartuko dugu-eta.

Honako honen neurriko nazioarteko erakusketa batek munta handiko baliabideen premia izaten du. Beste leku batean eskertzen zaizkie babesleei egin dituzten ekarpenak, baina nik esker bereziak eman nahi dizkiet Lynn eta Thomas Ou-ri. Shanghaiko Rockbund Art Museum fundatzaile kideak dira, eta batak eta besteak mila modutan lagundu dute beren eskualdean nazioarteko arte garaikidearentzako agertoki berrizalea eta irekia sortzen. Cindy Chua-Tay Guggenheim Fundazioaren babesleak suhartasun kutsagarriz beretu zuen bere eginkizuna Zuzendaritza Batzordearen presidente-kide gisa; asko zor dio gure arrakastak Cindy Chua-Tay-ren lan saiatuari. Guggenheimen, Catherine Carver Dunn Sustapeneko zuzendari laguntzaileak, Mary Ann Talotta Garapen Indibidualeko zuzendariak eta Katie Lisa Garapen Instituzionaleko zuzendari elkartuak, trebetasunez gidatu dituzte gure eginahalak.

Estatu Batuetako biragatik, Munduaren antzerkia erakusketak sari bat jaso du, National Endowment for the Humanities (NEH) erakundea­ren eskutik. Oso eskertuta gaude Jill Austin programaren zuzendari seniorrarekin, kritika guztiz egokia egin baitzion gure proposamenari, eta kritika hark gure hausnarketa zorroztu eta azken produktua sendotu zuen ikusle estatubatuarren mesedetan. Museoan egin dudan hogeita hamar urteko ibilbidean, zenbait erakusketa-proiektutan NEH erakun­dearekin elkarlanean aritzeko zortea izan dut. Sari horrek ikerlari baten lanari ematen dizkion ohorea eta bultzada apartekoak dira guztiz diru-laguntzen munduan. Hau idazten ari naizenean, 2017aren hasieran, inoiz baino beharrezkoagoa gertatzen da gogora ekartzea gobernu federalak ematen dien babesa NEH erakundeak egunero egiten dituen heziketa-ekimen bikainei, bestela publiko zabalarengana helduko ez liratekeen ideia, leku, pertsona eta historiak eskuragarri ipintzeko hel­buruarekin. National Endowment for the Humanities erakundeari eskaintzen diot Artea eta Txina 1989ren ondoren gaiaz egin dudan lana, eta horrela humanitateen ikerketa eta ikasketa bultzatzeko betetzen duen zerbitzu garrantzitsua aitortzen dut, gure etorkizun kolektiboa herritar hezi eta jakin-nahi gisa hobetzeko xedeaz.

Alexandra Munroe
Arte Asiarreko ‘Samsung’ Arte arduradun seniorra, eta Arte Globaletako Aholkulari seniorra,
Solomon R. Guggenheim Museoa

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

PDF-a JAITSI