Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Xu Bing

Stephanie H. Tung

Izenburua:
Xu Bing
Egilea:
Stephanie H. Tung
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Gizakia | Generoa eta sexualitatea | Natura | Kultura | Giza harremanak
Artelan motak:
Performance
Aipatutako artistak:
Xu, Bing

47 Transferentzia-kasu bat (A Case Study of Transference), 1994
Performancea bi txerri bizirekin, tinta, liburuak eta lastoa; Hanmo Arts Center, Pekin, 1994ko urtarrilak 22. Artistaren eskaintza

 

Gizakiaren, naturaren eta kulturaren arteko erlazioak aztertzen dituen trilogia bateko aurreneko obra da Xu Bing-en Transferentzia-kasu bat (1994). Berez, Madrilgo Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía erakunderako pentsatu zen lana, eta hazkuntzarako bi txerrik osatzen zuten: bata arra, alfabeto erromatarrez idatzitako hitz nahasiak ageri zituena azalean, eta emea bestea, karaktere txinatarrak azalean, asmatuak eta ezin irakurrizkoak. Animalia horiek oharkabeko protagonistak izanak ziren lehenengoz Hanmo Arts Center-en egin zen performancean; huraxe izan zen Pekingo lehen espazio artistiko pribatu eta irabazi asmorik gabeetako bat1. Kultura Iraultzaren garaian landaldean eman zuen denboran hartutako esperientzia baliatuz, Xuk txerriak prestatu zituen arrak emea estali zezan, edo, artistaren hitzetan, “lanean has zitezen”, “inguru kultural” ezezagun batean2. Artistak hasieran zalantzak bazituen ere, egingo ote zuten txerriek berak nahi zuena, animaliak lasai-lasai aritu ziren kopulatzen, begira zituzten pertsonen lotsa dibertituaren aurrean.

Xuri asko interesatzen zitzaizkion hitzak eta hizkuntzak, haurtzaroa liburuen artean murgildua eman baitzuen. Haren aita Pekin Unibertsitateko katedraduna eta liburuzaina zen, eta Xu bera Pekingo Arte Ederren Akademia Zentralean trebatu zen grabatzaile gisa3. Hizkuntzan oinarrituriko artista kontzeptualen adibideari jarraituz —Joseph Kosuth eta Barbara Kruger-enari, besteak beste—, hizkuntzak berez dauzkan muga estrukturalak eta aukerak ikertzen hasi zen Xu, 1980ko hamarkadaren erdialdean jadanik. Haren obra ikoniko goiztiarrak, Zerutik etorritako liburua (Book from the Sky, 1987–91), zapuztuta uzten ditu txinerazko irakurleak: dotoreziaz koadernaturiko liburuak eta eskuz grabaturiko milaka karaktere txinatarrek estaltzen dituzten bildukinak aurkezten ditu, irakurgarriak diruditenak, baina, izan, batere zentzurik ez dutenak. Agintaritza kulturalari eta esanahi-sistema ortodoxo eta hegemonikoei egindako erronka gisa interpretatu zen obra, eta arreta handia erakarri zuen, bai kritika postmodernoarekin konprometituriko Uhin Berriko artisten aldetik, bai Txinako arte-kritikari kontserbatzaileen aldetik, txundituta geratu baitziren Xuren irainarekin4.

Transferentzia-kasu bat alegoria kultural umoretsu baten moduan aurkeztea zen Xuren hasierako asmoa, txerriek —Yorkshire arraza amerikarraren eta Changbai txinatarraren hibridoak ziren— Mendebaldearen eta Ekialdearen arteko topaketa bortitz baina emankor bat irudika zezaten. Performance hartan inplizitua zegoen artista txinatarrek Mendebaldearen hegemonia kulturalarekiko zuten erabateko mendekotasunari kritika, hura baitzen nagusia Txina osoko argitalpen artistikoetan eta akademietako ikasgeletan. Alabaina, geroagoko dokumentazioan, testuetan nahiz bideoetan, ikusleen erreakzio lotsatuak azpimarratzen zituen Xuk, eta “abian den esperimentu soziologiko” baten moduan antolatzera bideratu zuen prozesu osoa5. Xuk azalpen hau eman zuen: “Bi izaki hauek, giza kontzientziarik gabeak baina giza zibilizazioaren markak gorputzean dauzkatela, ‘erlazio sozial’ baten formarik primitiboena jarri dute abian. Eginkizun honen nolakotasun era­bat zuzenak emaitza gisa ematen duena pentsaezina eta hartan pentsatzea merezi duena da, aldi berean. Bi txerrien jokamoldeari behatzeak giza jokamoldeaz hausnarketa egitera garamatza”6. Txerriak etxekotu badira ere pertsonentzat “lan” egiteko, haien instintuek eta desira naturalek kulturaren beloa urratzen dute galerian, eta gizakia posizio deseroso batean jartzen dute, bere buruari galdetzera behartuz kulturak zertan aldatu gaituen egiazki.

Erakusketaren bigarren egunean, Xuk Animalia kulturala (Cultural Animal) egin zuen, aurrekoarekin lotutako obra; baina hartan, emearen ordez, giza maniki maskulino bat ipini zuen, txinatar karaktere faltsuez estalia eta eme-usainez hornitua. Esperimentuak argi eta garbi frogatu zuen arrarentzat eraginkorragoa zela usaimena ikusmena baino. Handik urtebetera, Transferentzia-kasu bat 2 egin zuen, baina hartan txerrien sexua alderantzikatu zuen, eta performancea haize zabalean egin zen, Pekingo aldirietan. Barnean nahiz kanpoan, ikusleekin nahiz ikuslerik gabe, beren animalia-instintu oinarrizkoenak asetzen jarraitu zuten txerriek, agerian jarriz edonolako giza interbentzio kulturalen arbitrariotasuna7. —ST [Stephanie H. Tung]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Chia Chi Jason Wang, “A Case Study of Transference”, hemen: Xu Bing: A Retrospective/ Huiguzhan, Wang (arg.), erak. kat., Taipei: Taipei Arte Ederren Museoa, 2014, 230. or. [itzuli]
  2. Xu Bing, “‘Yangzhu wenda” (“Txerri-hazkuntza” gaiari buruzko galderak eta erantzunak), hemen: Black Cover Book, Zeng Xiaojun, Ai Weiwei eta Xu Bing (arg.), Zi Gong-ekin elkarlanean (Feng Boyi), Hong Kong: Tai Tei Publishing Company, 1994, 85. or. [itzuli]
  3. “Pseudo Languages: A Conversation with Wenda Gu, Xu Bing, and Jonathan Hay”, Art Journal 58, 3. zkia., 1999ko udazkena, 86–99. or. [itzuli]
  4. Britta Erickson, “Evolving Meanings in Xu Bing’s Art: A Case Study of Transference”, Xu Bing artistaren webgunea, Xu Bing Studio, kontsulta: 2016ko azaroak 11. Jatorrian hemen argitaratua: Robert Bernell-en Chinese-art.com webgunea, 1. alea, 4. zkia., 1998; webgunea ezin da jadanik kontsultatu. [itzuli]
  5. Transferentzia-kasu bat proiektuaren deskribapena, Xu Bing artistaren webgunea, Xu Bing Studio, kontsulta: 2016ko azaroak 11. [itzuli]
  6. Ibid. [itzuli]
  7. Ibid. [itzuli]

Erakusketa hautatuak

1994: Xu Bing: Experimental Exhibition, Hanmo Arts Center, Pekin. 1996: Xu Bing: Cultural Animal; A Case Study of Transference, The Exchange, New York, antolatzailea: Ethan Cohen Fine Art, New York. 2000: EV+A 2000: Friends and Neighbours, Arte bisualeko erakusketa, Limerick City Gallery of Art, Irlanda. 2001: Half-om-half: Kunst-vee-geshiedenis, Van Reekum Museum en Historisch Museum Apeldoorn, Apeldoorn, Herbehereak. 2014: Xu Bing: A Retrospective, Taipei Arte Ederren Museoa. 2016: Busango Bienala: Hybridizing Earth, Discussing Multitude: Project 1, Busan Arte Ederren Museoa

PDF-a JAITSI