Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Ellen Pau

Xiaorui Zhu-Nowell

Izenburua:
Ellen Pau
Egilea:
Xiaorui Zhu-Nowell
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artea eta denbora | Artea eta espazioa | Artea eta politika | Zinema
Artelan motak:
Bideoartea
Aipatutako artistak:
Pau, Ellen

45 Zinema birziklatzen (Recycling Cinema), 1999
Koloretako bideoa, soinuduna, 11 min 42 s. Artistaren eskaintza

 

Ellen Pau irudi nabarmena izan da Hong Kongeko ikus-entzunezko artearen garapenean, eta bitarteko hau tankeratzen lagundu du, proiektu artistikoen bidez nahiz komisariotza-proiektuen bidez. 1986an Videotage erakundearen sortzaileetako bat izan zen, eta huraxe izan zen Hong Kongen bitarteko berriei eskainitako aurreneko espazio artistikoa. Urtebete geroago egin zuen Pauk bere lehen bideo-lana, super 8ko filmarekin, eta kontaketaren eta zinemaren semiotikaren konbentzionalismoak auzitan jartzen dituzten obrak sortzen jarraitu du harrezkero. Pau 1985ean lizentziatu zen Hong Kongeko Unibertsitate Politeknikoan eta 2008an kultura bisualeko master bat egin zuen Hong Kongeko Unibertsitate Txinatarrean. Bere karreran zehar, lanaldi osoko irudi-teknikari mediko gisa lan egiteaz gainera, eskolak ematen ditu denbora partzialean Hong Kongeko hiru unibertsitatetan.

2001ean, Pau izan zen Veneziako Bienalean Hong Kong aurrenekoz ordezkatu zuten lau artistetako bat. Haren Zinema birziklazen obra (1999) Magic at Street Level erakusketa kolektiboaren parte gisa aurkeztu zen, eta itsasoaren paraleloan doan Hong Kongeko autobidearen bideo bat da. Grabazioa puntu goratu batetik egin zen, eta ekorketak egiteko programatua zen kamera, aurrera eta atzera, erritmo konstantean, errepide osoan zehar, mugimendu etengabean harrapatuz eszena, zelatan ariko balitz bezala. Errepidetik doazen autoen linealtasuna apurtu egiten da kameraren errotazio konstantearen ondorioz, eta, hala, orientazioa galtzen delako efektua sortzen da, autobidearen irudia lausoa gertatzen da eta atarikoa espazioa, norabiderik gabeko mugimendu batena. Kameraren ekorketaren parterik handiena guztiz sinkroniarik gabea da autoen abiadari dagokionez, eta, hala, autoak abstrakzio batean lausotzen dira. Baina badira une guztiz labur batzuk ibilgailu bakar baten abiadak eta kamerarenak bat egiten dutena. Horrek ulerpenezko une bat ematen dio ikusleari agertoki bestalde zorabiagarri batean, eta bere eginkizun konbentzionala itzultzen dio ekorketari, hau da, mugitzen den zera bat grabatzea, ekorketa baita mugimendua irudikatzeko film-gramatikaren elementu ohikoenetako bat. Argitasunezko etenune horiek, segundo gutxi batzuk besterik irauten ez badute ere, gainerakoan bertigozko panorama denaren gainetik nabarmentzen dira.

Halakoxe etenune batean txertatzen du Pauk testu palindromiko bat eszenan: “Love is real, real is love” [“Maitasuna erreala da, erreala maitasuna da”]. Bideoaren egituraren oihartzuna eginez, testuaren lehen erdia “iraultzen” denean alderantziz irakurtzeko, nahasgarria gertatzen da esaldiaren esanahia. Hong Kongeko bere artista garaikide askok bezala, Leung Chi Wo esaterako, Pauk ere ez dio inoiz uko egin diskurtso politikoari bere obretan. 1997an Erresuma Batuak Hong Kong Txinako Herri Errepublikari “eman” izanaren komentario alegoriko baten gisa interpreta daitezke Zinema birziklatzen bideoan dauden desorientazio-geruzak. Beste britainiar kolonia ohi guztien deskolonizazioan ez bezala, Hong Kong, independentzia eskuratu ordez, Txinari “itzuli” zioten, eta Txinako Alderdi Komunistaren kontrolpean geratu zen. Zinema birziklatzen obrak, itzulketa hura gertatu eta justu bi urteren buruan egin baitzen, 1997 osteko Hong Kongen irudi zorabiagarri eta aztoragarria sortzen du, eta itzuleraren ondorio psikopatologikoak eta Hong Kongeko herritarren beldurra iradokitzen ditu: etorkizunean beren askatasun zibilak galtzeko beldurra. Pauren bideoak, gainera, garai hartan hain bizia izan zen desorientazio-irudipena antzeman zuen, Hong Kongen identitate kultural jadanik hibridatua identitatearen bilaketa amaigabe batean murgildu zenean antolamendu berri haren baitan. Beste hitzetan, egoera psikologiko hori “itxaroteari dagokion desengainuari buruzkoa da. Aurrerapenak desira areagotzen du eta denbora infinituraino luzatzen da. Halako batean, espero zenuena agertzen da, bideoaren kasuan, ibilgailu bat autobidean. Une batez ase gara, baina berehala irrikaz gaude ostera ere”1. —XZN [Xiaorui Zhu-Nowell]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Pat Binder eta Gerhard Haupt, “Ellen Pau: Interview, China/Hong Kong, 49th Venice Biennial, 2001”, Universes in Universe, kontsulta: 2017ko ekainak 30. [itzuli]

Erakusketa hautatuak

2001: Veneziako Bienala: Magic at Street Level 2001, Hong Kongeko Pabiloia. One World Exposition, Hanart Square, Hong Kong

PDF-a JAITSI