Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Erakusketak, ekitaldiak eta proiektuak

Anthony Yung eta Jane DeBevoise

Izenburua:
Erakusketak, ekitaldiak eta proiektuak
Egilea:
Anthony Yung eta Jane DeBevoise
Argitalpena:
Bilbao: Guggenheim Bilbao, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171 or.
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artearen historia | Kritika | Ekonomia | Kontsumoa | Joko Olinpikoak | Zentsura
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea

Txinako arte garaikideko adibiderik hoberenei ausardia eta anbizioa darie, urduritasuna eta kemena, baita halako errebeldia-dosi zuhurgabe bat ere. Obra gordinak izan daitezke, eta badute batzuetan halako agresibitate bat ere kritika eta autosatira soziala egiterakoan. Baina, salbuespenik gabe, konbentzionalismoei eta bertan goxo egiteari uko egiten dien espiritu bat gauzatzen dute, eta, zentzu horretan, lehendik ezarritako arauen balorazio berri bat eragiten eta proposatzen dute. Beren bertsiorik ilunenean ere, obra hauek optimismoaren haziak dauzkate beren baitan, eta aldaketa sozial positibo bat katalizatzeko desira adierazten dute.

Ondoren, 1989 eta 2008 bitartean egindako erakusketa hautatu batzuk aztertuko ditugu; erakusketa haietan, ikusgai jarri zen errealismo akademikoaren eta tintako pinturaren arau konbentzionalak gainditzen zituen arte txinatar bat, eta haien ordez arte kontzeptuala, instalazioak, performancearen artea eta denboran oinarriturikoa, bideoa barne, aurkezten ziren. Esperimentazioaren onespena, gobernuak kontrolaturiko establishment kulturalaren baitan, ofizialki behintzat, 1989ko ekainaren 4ko Tiananmen plazako gertaerekin amaitu zen, eta haren ondorioz, beren obrak jendaurrean azaltzeari zegokionez, oso aukera murritzekin geratu ziren lan ez konbentzionalak egiten zituzten artistak. Hura zela-eta, 1990eko hamarkadan zehar, etorkizunera begiratzen zuten artistek eta Txinan geratu ziren haien aitzindariek eskala txikiko erakusketetara jo zuten, eta denbora jakin batez beraiek finantzatu zuten beren lana, beraiek antolatzen zituzten erakusketak eta leku alternatiboetan egiten zituzten, etxe partikularretan adibidez, behe-solairu alokatuetan, fabrika abandonatuetan, baita aire zabalean ere. Erakusketa haiek erraz eta azkar moldatzeko modukoak ziren, eta itxura arduragabea izaten zuten askotan; probokatzaileak izaten ziren ia beti, eta erronka bat ziren artearen definizio politikoki onargarrientzat. Aldi berean, kritika zorrotza egiten zieten, besteren artean, kontsumismo gero eta handiagoari, urbanizazio bizkorrari eta haien ondoriozko gorabehera fisiko eta psikologikoei. Joera nagusiaren bazterrean egoteak zekarren segurtasun-faltaz gainera, erakusketa haiek zentsura-mehatxupeko giro batean egiten ziren —hori gutxiena—, zuzen-zuzenean zentsuraren mendean ez bazen.

Erronka guztiz diferenteak topatzen zituzten era hartako erakusketak Txina kontinentaletik kanpo antolatzen zituztenek. Baliabideak ez ziren muga larria, eta erakusketa gehienak museo ezagunetan ospatu ziren edo erakundeen aski laguntza handia jaso zuten. Baina profil erlatiboki handia zuten erakusketa haien komisarioek Mendebaldeko estereotipoei aurre egin behar zieten, haiek arte txinatarra karikaturizatzen baitzuten, eta politikoki disidentea zelakoan edo kulturalki modernotasunaren aurreko tradizioekin lotuak zeudelakoan agertzen zuten, tintako pinturarekin eta kaligrafiarekin esate baterako. “Txinatartasunaren” definizio hain mugatuak desmuntatzeko eta zabaltzeko xedeaz, komisarioek hainbat eratako estrategiak hartu zituzten. Batzuek praktika kultural konplexu baten barruan —literatura, musika, zinema eta antzerkia hartzen zituen bere baitan— ezarri zuten arte txinatarra, nazioartekotzat har zitekeen abangoardia batekin zituen konexioak azpimarratzeko era hartan. Beste batzuek artistaren esperientzia indibiduala eta hark gertueneko inguruarekin zuen erlazioa azpimarratzen zuten, kokaleku jakin baterako interbentzio bereziak eskatuz. Eta baziren praktika artistiko malguetan eta sarritan iraupen gutxikoetan zentratzen zirenak ere, muga kulturalak eta politikoak gainditzen zituzten ezaugarri transnazionalak azpimarratzeko.

2000. urteak bihurgune bat markatu zuen arte txinatarraren garapenean. Shanghaiko Nazioarteko Lehen Bienalaren inaugurazioarekin, eta 1989ko China/Avant-Garde erakusketaren ondoren aurrenekoz, arte esperimentala onik hartu zuen berriz ere gobernuak kontrolaturiko museo publiko nagusiak. Mugatua zen oraindik ere erakunde ofizial batean erakuts zitekeena; baina erakusketetan parte hartzen zuten artista gehienak, edota egokitu beharra zuten haietan inplizitua zegoen kontratu sozialera, edo zirkuitu nagusietatik kanpo edota erakusketa sateliteetara eraman behar zituzten beren esperimenturik erradikalenak. Ondorengo urteetan, ikaragarri gehitu ziren artistentzako zeuden baliabideak. 1989 eta 2008 bitarteko hemeretzi urteko aldian, hamar aldiz biderkatu zen Txinako ekonomia, eta munduko ranking ekonomikoan hamaikagarren postutik hirugarrenera igaro zen, aurretik Estatu Batuak eta Japonia bakarrik zeuzkala. Artista txinatarren talentua, esperientzia eta nazioarteko fama beren interes politikoak eta ekonomikoak sustatzeko baliatuz, eraikuntzaren industriak arte-barrutiak eta arte garaikideko museoak planifikatu zituen; aldi berean gobernuaren mendeko erakundeek erakusketak sustatu zituzten atzerrian, garrantzi handiko ekitaldietan —besteak beste, Veneziako Bienalean—, eta haietan inbertitzaileek goraka bultzatzen zituzten artista hautatuen prezioak, aurrekaririk ez zuten mailetaraino. Horren ondorioz, gauza naturala gertatu zen Txinako artista aipagarrienetako batzuei eskatzea parte hartzeko mirari ekonomiko txinatarraren ospakizunean, zeina denbora guztietako erakustaldi zirraragarrienetako bat izango baitzen: 2008ko Pekineko Udako Olinpiar Jokoen inaugurazioa. Baina Olinpiar Jokoetan erakutsi ziren aberastasunak eta ikuskariak, erronkak ez ezik, artistei eta komisarioei eskaintzen zitzaizkien aukerak ere agertu zituzten, agenda politiko nazionalisten eta kapital globalaren fluxuen efektu homogeneizatzaileen efektuei aurre egiteko egiten zituzten eginahaletan.

Erakusketen deskribapenak ordena kronologikoan eskaintzen dira, eta erakustaldien garapenari buruzko informazioa ematen da deskribapen bakoitzaren aurretik (iragarri gabeko klausurak barne), eta berebat agertzen dira lurralde nazionaleko kokalekuak eta erakusketa ibiltarien Txinaz kanpoko egoitzak, antolamenduaren ardura zuten komisarioak, erakunde babesleak eta parte hartu zuten artistak. Hogei artistatik gora parte hartu zuten erakusketak direnean, izen hautatuen zerrenda bat ematen da; Asia Art Archive-en eskuragarri daude zerrenda osoak. Erakustaldiekin batera egin ziren argitalpenak halakoak egin zituzten erakusketetan bakarrik ageri dira; “argitalpen independentea” esapideak gobernuaren mendeko liburutegietan banatu ez ziren testuei egiten die erreferentzia, hau da, zirkuitu ofizialetik kanpo egin zirenei; gehienetan komisarioek eta/edo artistek egiten zituzten, erakusketan bertan banatzeko, modu informalean.

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

PDF-a JAITSI