Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Lin Tianmiao

Xiaorui Zhu-Nowell

Izenburua:
Lin Tianmiao
Egilea:
Xiaorui Zhu-Nowell
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Ekoizpen artistikoa | Memoria | Masa-kultura
Artelan motak:
Bideoinstalazioa
Aipatutako artistak:
Lin, Tianmiao

69 Josten (Sewing), 1997
Josteko makina, mahaia eta haria, gutxi gorabehera 98 × 80,8 × 43 cm guztira;
koloretako bideo-proiekzioa, soinuduna, 30 s. Take A Step Back Collection

 

1995ean erakarri zuen aurrenekoz Lin Tianmiao-k munduaren arreta, bere Harilketaren ugaltzea (The Proliferation of Thread Winding, 1995) obra Istanbuleko bosgarren Bienalean aurkeztu zuenean, Rosa Martínez komisario zela. Artistak “harilketa” teknika baliatuz egindako lehenengo obretako bat da hori; teknika hori eskulturak eta instalazioak sortzeko erabiltzen du, eta objektu jakin bat hari tindatu gabeaz ardura handiz biltzean datza, delako objektua osorik estalia geratzen den arte. Artelan hori egin zuenetik, eguneroko kontsumoko hainbat objektutan erabili du Linek teknika hori giro-instalazioko obra bat sortzeko, baita etxeko objektuetan ere, nola diren te-ontziak, bizikletak eta plastikozko iruditxoak. Harilketaren ugaltzea obrak, gainera, egileak bideo-instalazioarekin izandako lehen esperimentazioa markatu zuen; Txinan bideoaren teknologia esperimentatu eta bideo-artea eta -instalazioak sortu dituzten artisten lehen oldeko kidea da Lin.

Haria eta ehunak lantzen dituzten Estatu Batuetako eta Europako artista feministak ez bezala —Rosemarie Trockel, esaterako—, Lini ez zaio hainbeste interesatzen arte ederren eta eskulangintzaren arteko mugak lausotzea, nahiago baititu berriz aztertu funtzioaren, formaren, kontsumo-ondasunen eta lanaren arteko erlazioak, bere materialekin erlazionatuak dauden neurrian. Hainbesteraino estaltzen ditu objektuak Linen harilketaren prozedurak, non guztiz ezabatzen baitu haien funtzioa; horren ordez, forma ezagunen moduan birsortzen dira objektuak, eta haien kontsumoko ondareen eta etxeko funtzioaren nolakotasuna desagertu egiten da, misteriotsuki. Prozedura honek, halaber, ez du zerikusirik 1960ko hamarkadaren erdialdean Yayoi Kusama-k egindako lanekin, esate baterako Haur-kotxea (Baby Carriage, 1964); artistak eguneroko objektuak estali zituen ehun betegarrizko protuberantziekin, “zakil-sail” bat sortuz. Linen obra ez da eranste- eta obsesio-ekimena. Alderantziz, haren bilkariek inprimaketa-efektu bat eragiten dute, paretako paper zahar baten gainean pintura freskoa eransten denean bezala, halako moduan non objektuak garbiak eta uniformeak ikusten baitira. Alabaina, adierazle ikusgaien murrizketa horrek ez ditu haren obretatik ezabatzen ez oroimen kulturala, ez lanaren presentzia. Linek ardura handiz hautatzen ditu bere obretako objektuak, eta horrek agerian jartzen du zenbateraino aldatu den oroimenaren eta objektuen arteko erlazioa, modernizazioa, masa-ekoizpena eta merkantilizazioa heldu zirenetik.

Hasierako beste obra batean —Josten (1997)—, Linek harilketa baliatu zuen bera txikia zenean ohikoak ziren josteko makinen antzeko bat estaltzeko. 1970eko hamarkadan, josteko makina “hiru handi” edo sandajianetako bat zen, eduki beharreko hiru kontsumo-produktuetako bat, alegia; bizikleta eta erlojua ziren beste biak. Gobernuak biziki sustatzen zituen artikulu gutiziatu haiek, “bizi-estilo moderno” baten erakusgai eskuragarriak zirelakoan. Instalazioan, Linek bateratu egiten ditu objektu horren oroitzapen historikoa, Maoren aroaren industrializazio goiztiarraren adierazle bat, eta Erreformaren aroan sortu zen teknologia berria. Proiektore eramangarri baten bitartez, josteko makina baten orratzaren azpitik oihala igaroarazten duen emakume baten eskuak proiektatzen dira, instalazioko makina biltzen duen tindatu gabeko kotoizko hariaren gainean, eta josteko ekintzaren simulakro mamu itxurako bat sortzen da. Josteko makinaren perkusio-erritmoak, erritmo mekanikoak heltzen dira bozgorailuetatik, bizitza emanez makina geldiari. Irudi proiektatuaren eta soinu akusmatikoaren bikoizketa harrigarriaren bitartez, Josten obrak ametsezko giro bat sortzen du, birtualaren eta aktualaren, objektuaren eta objektu horren oroitzapenaren, edo Lacanek Innenwelt eta Umwelt deitzen duenaren arteko diferentziak ezabatzen dituena. —XZN [Xiaorui Zhu-Nowell]

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Erakusketa hautatuak

1997: Between Ego and Society, Artemisia Gallery, Chicago. 1998: Life: Contemporary Chinese Art, Wan Fung Arte Galeria, Pekin. 1999: CAFA Art Museum, Pekin. 2009: Art In Use: Sculptural Objects, Hong Kong Arts Centre, Hong Kong. 2012: Bound Unbound: Lin Tianmiao, Asia Society, New York

PDF-a JAITSI